Bigarren eguna du Federico Martin Aramburu Miarritzeko errugbi jokalari ohiaren hilketaren inguruko epaiketak, Parisko Krimen Auzitegian. Egunak interes berezia izan du, Loik Le Priol eta Romain Bouvier akusatu nagusien nortasuna aztertu baitute, eta galdeketa egin baitiete beren ibilbideari buruz. Eskuin muturreko familia burgesetatik datoz biak. Bai baten aitak eta bai bestearenak GUD ikasle sindikatu neofaxistan militatu zuten. Aramburu afera ez da elkarrekin epaitzen dituzten lehen afera: biek indarkeriagatik hainbat kondena izan dituzte.
Loik Le Priolen nortasuna ikertzeari ekin diote arratsalde honetan, eta luze jo du eztabaidak: aferaren funtsa irudikatzen du haren nortasunak. Familia burges batetan hazia da, eta ikastetxe pribatu katolikoetan eskolatua izan da, tartean L'Esperence ikastetxea: hainbat ikaslek salaketa ezarri zuten ikastetxe horren kontra irakasle batzuek ukandako diskurtso negazionistengatik. Armadara bideratu zen gero Le Priol, eta itsas komandoetan sartu zen. Indarkeriagatik izan dituen afera ugariak oroitarazi ditu epaimahaiburuak: askotan kondenatua izan da, eta hainbat aldiz atxiloaldi eta prozedurak segitu behar izan ditu eragindako —edo jasandako— indarkeriengatik. Soldadu zeneko operazioen harira, trauma osteko estresa diagnostikatu zioten.
Egin dizkioten galderei, oro har, biktimizazioa erabiliz erantzun die: erran du izugarri gaizki bizi izan zuela armadako operazio batetik sartu behar izana, eta horrek esplikatzen duela, partez, bere biolentzia. 2015 eta 2022 urteen artean izan dituen indarkeria kasuak armadatik kanporatu izanarekin lotu ditu, beraz, Le Priolek. Garai hartan «borrokalaria» zela onartu du, eta gehitu du alkoholak ez zuela indarkeria saihesten lagundu. Bere abokatuen galdeari jarraikiz, kontatu du ezen armadan, jihadista batzuen kontrako operazio batean, Aljeriako mugan bertako soldadu batek salbatu zuela, eta horrek «aurreiritzi oro ezabatu» zuela.
Militantziari dagokionez, erabat gutietsi du eskuin muturreko GUD talde bortitzean izan duen ibilbidea. «Egia da kontsidera daitekeela nire lagunak zirenez ni ere hor inguruan ibiltzen nintzela», aitortu du. Baina erran du ez zela «aktiboa». Bestalde, GUDen militatzen hasi zela zuritzeko, zera erran dute haren abokatuek: lizeotarra zen garaian haren arrebak sexu eraso bat jasan zuela, eta horrek asko markatu duela akusatu nagusia. «Egia da nolabait haserre nintzela, eta, gaztea nintzenez, GUDeko kide zen Edouard Kleinek erran zidan gauzak aldatzen ahal zirela militatuz», azaldu du.
Gehitu du «justiziaren huts baten ondorioz» libre gelditu zela arrebaren erasotzailea, baina haien etxetik hurbil egoten segitzen zuela. «Gizon hori ez zen frantsesa, eta horrek justiziarekiko mesfidantza bat eta beldur bat sortu zidan, eta nolabait Klein nire ahulezia horretaz baliatu zen», zuritu du bere jokabidea. Bestela esplikatuta, Kleini egotzi dio GUDen ingurura erakartzeko manipulatu izana. Beste esplikazio bat ere eman du: hiru aldiz eraso egin ziotela Parisko bazter auzo batean, eta horrek «segurtasunik ezaren» sentimendua elikatu ziola. Horrela justifikatu du armak garraiatzeko bere «beharra». Bere abokatuek galdeginik, gainera, armadan «jasandako, ikusitako eta egindako itsuskeriak» kontatu ditu, batez ere jihadisten kontrako operazioetan bizitakoak.
Oroitaraztekoa da Le Priolek Babtou Solide izeneko jantzi marka bat sortu zuela. Europar gizonak azkarrak direla errateko egindako hitz jokoa dela esplikatu dute parte zibilen abokatuek. Erran dute, bestalde, Le Priol atxilotu zutenean bere sakelako telefonoaren pasahitza 1488 zela. Arraza zuriko haurrak babesteko erreferentzia bat da 14 zenbakia, eta Heil Hitler kodez errateko zenbakia 88. Nazien artean ezaguna den kode bat dela erran dute. Le Priolek «absurdoa» dela erran du, eta 88 bere zangoen neurria halako bi ere badela erantzun. Leporatu zaizkion indarkeria kasu gehienetan GUDeko militante ezagunekin zegoen: Logan Djian, Edouard Klein... Baita Julien Rochedyrekin ere: Batasun Nazionaleko militantea izan zen.
Klein aferari begira, preseski, Bouvierrek bezala, berak ere erran du emazteekin bortitza izan zelako jipoitu zutela. Le Priolek Kleinen biktima izan zen emakume bat aipatu du: Frederic Chatillon eskuin muturreko militante ezagun eta GUDen ibilitakoaren alaba da.
Parte zibilen abokatuek, gainera, argi utzi nahi izan dute Le Priolek ez dituela behin ere errespetatu kontrol judizialpean ezarri zaizkion betebeharrak: Parisen bizi izan da debekatua zitzaionean, ikusi behar ez zituen jendeekin oporretara joan da... Fiskalak ere hala erran dio, eta leporatu dio lege guzien gainetik pasatzen dela.
Goizean, Bouvier
Romain Bouvierren nortasunaren azterketa egin dute goiz honetan, eta nortasun ikertzaile batek hartaz egin duen txostena irakurri du. Zer aurrekari judizial dituen ere aipatu dute, bi aldiz zigortua izan baita indarkeriagatik.
Familia burges batean hazia da, eta haren ama abokatu ezaguna da; aita, berriz, GUDeko militante izana. 2008an hil zitzaion aita, eta defentsako abokatuak ulertarazi nahi izan du aitarengana «sinbolikoki hurbiltzeko» hasi zela Bouvier talde horretan militatzen, Edouard Kleinen bidez, 2011n. Parisko Assas Unibertsitatean Zuzenbidea ikasten ari ziren biak, eta fakultate hori ezaguna da eskuineko eta eskuin muturreko ikasle sindikatuak dituelako. Hala esplikatu du Bouvierrek ere: «GUD taldearen jardunek irakasleen sostengu osoa zuten, legala zen, afixaketak egiten genituen, eta ikasle hauteskundeetara aurkezten ginen», zehaztu du.
Bouvierrek esplikatu du, ordea, Kleinengandik urrundu zela gerora, harik eta 2015ean jipoitu zuen arte. Izan ere, Le Priolekin eta beste kide batzuekin batera, GUDeko buruzagi ohia torturatu zuten bere etxean, eta bideoan grabatu. 2022an kondenatu zituzten afera horrengatik: Bouvier bost urteko kartzela zigorra betetzen ari da horren harira. Egungo auziaren funtsarekin loturarik ez badu ere, Bouvierrek esplikatu du Kleinen aferak ez zuela «neholako loturarik» militantzia politikoarekin. Epaimahaiburuari azaldu dio Kleinek «jarrera problematikoak» zituela emakumeekin, eta horregatik jipoitu zutela. «Zinez damutzen naiz hori egin izanaz, eta ohartzen naiz zinez zentzugabea izan zela hein horretako indarkeria baliatzea», erran du. Esplikatu du bortizkeria horiek ez zirela aldez aitzinetik pentsatuak izan —kontrakoa ebatzi zuen auzitegiak—, eta «berez», haren etxera joan zirela bostak, Kleinek haietako bat hauta zezan «buruz buruko borroka bat egiteko, baina ez zuen onartu». Nolanahi ere, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten afera horrengatik.
Zenbait hilabete lehenago, gainera, diskoteka batetik ateratzean borroka bat izan zuen beste pertsona batzuekin —Le Priol ere hor zegoen—, eta bi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten ondorioz, gibelapenarekin. Bouvierrek erran du testuinguru «mediatikoak» eragina izan zuela afera hartan, Mediapart hedabideak Kleinen aferaren inguruan atera zituen artikuluen harira. «Mediapart-en artikuluek pisu handia izan zuten justiziaren balantzan».
Oro har, aitortu du GUDen inguruan ibili zela, baina «sei hilabetez bakarrik», eta erran du ez dela sekula militante «aktiboa izan». Izan dituen jarrera biolentoei begira, ondorioztatu du garai hartan «maskulinitate toxikoari» dagokion jarrera zuela, eta segurtatu du gaur egun bestelakoa dela.
24.000 euro armatan
Funtsezkoa da, bestalde, Bouvierren armetarako zaletasuna. Orotara 24.000 euro inguru gastatu ditu bildumatarako armak erosteko. Erran du «pasio historiko bat» zela gehienbat, eta «liburuen eta piezen bildumak egiten diren bezala» biltzen zituela armak. Parte zibilen abokatuek galdeturik, aitortu du nolanahi ere Arambururen hilketaren egunean ez zuela armatua izateko eskubiderik. «Arma hori soinean eraman izanaz damutzen naiz», erran du, eta esplikatu du Kleinen aitaren mehatxuen beldur zelako zeramala arma soinean, bestela itolarria sentitzen zuelako.
Bestalde, literaturazale «amorratua» da. Epaimahaiburuak zehaztu du haren etxearen miaketan Adolf Hitlerren Mein Kampf-en jatorrizko ale bat atzeman zutela, baita eskuin muturreko hainbat liburu ere. Bouvierrek bere burua defendatu du erranez ideologia «guzietako» liburuak biltzen zituela: Pol Potenak, Maorenak... «Berriz ere erranen dut: inkestatzaileek helburu politiko batekin egin dute miaketa, nire kontrakoa erabat, ez baitute nituen liburuen zerrenda osoa jaso», deitoratu du. Idazle izateko «ametsa» zuela esplikatu du. Aste honetan Mediapart hedabideak zabaldutako artikulu batean, preseski, haren idatzi baten pasarteak argitaratu dituzte: erranaldi misogino eta arrazistaz josia da.