Motibazio politikoko indarkeriaren biktimei omenaldia eginen diete hilaren 30ean, Iruñean. Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako indarkeriaren biktimak dira guztiak. 19:00etan eginen dute saioa, Baluarte aretoan. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza kontseilaria izanen da bertan, berriki aitortza jaso duten zenbait biktimarekin batera.
Nafarroako Gobernuaren helburua da «biktima guztien errekonozimenduan eta erreparazioan aurrera egitea, bakoitzaren testuingurua kontuan hartuta eta bizikidetzaren eta memoria demokratikoaren aldeko eta bakean oinarritutako gizartearen eraikuntzaren aldeko apustu global eta koherentearen barruan». Betiere ikuspegi «integral» batekin.
Ikusi gehiago
Joan den hilabetean aitortu zituzten lehenbizikoz motibazio politikoko hamabi biktima. Haien konfidentzialtasuna babestu dute prozesu guztian, eta ez dute haien izen-abizenen berri eman. Halere, gobernuak xehetasun batzuk eman ditu, eta Egiaren garaia da mugimenduak bertze zenbait datu gehitu.
Hamabi biktima horien tipologiari dagokionez, Guardia Zibilaren indarkeriaren ondorioz hildako bi pertsona daude: jakin denez, Mikel Zabalza eta Mikel Arregi dira. Horiez gain, 1978ko sanferminetan orduko Polizia armatuak su armekin larri zauritutako hiru lagun daude, eta ondorengo egunetako protestetan bortizki jo eta zauri handiak jasan zituen bertze bat. Halaber, eskuin muturreko taldeen atentatuaren ondorioz zauritutako bi herritar ere aitortu dituzte biktima gisa. Zortzi horiekin batera, lau tortura kasu ere hartu ditu aintzat batzordeak.
Horiek guztiak 1969tik 1994ra artekoak dira. Bat ez beste guztiak Nafarroan gertatu ziren, eta hamabi biktimetatik bi emakumezkoak ziren.