Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite kezkaturik azaldu da gaur, atzo iluntzean dozenaka pertsonak Iruñeko PSNren egoitza baten aurrean egindako protestaren ondoren. Espainian, bereziki Madrilen, protesta horiek zabaltzen ari dira PSOEren egoitzen aurrean, eta istiluak gertatzen ari dira azken orduetan. Txibitek esan du uler dezakeela «pertsona batzuk gobernuaren akordioen aurka egotea, Espainiako Gobernuko presidentea PSOEkoa izatearen aurka egotea, eta amnistiaren aurka egotea ere bai», baina salatu du «herrialde honetako eskuina kaleak berotzen» ari dela, eta «jendea matxinarazten» ari dela.
Iruñeko PSNren egoitzaren aurrean egindako protestara ez zuen eragile jakin batek deitu atzo, baina Vox eskuin muturreko alderdiko bi parlamentari zeuden manifestarien artean, Maite Nosti eta Emilio Jimenez. Gainera, Voxeko presidente izendatu berria ere han zegoen, Jose Maria Elorz. «PSOE, traidore, «Puigdemont, presondegira» eta antzekoak oihukatu zituzten protesta horretan parte hartu zutenek, baita Sanchezen eta Txibiteren kontrako oihuak egin ere, Espainiako banderak astintzen zituzten bitartean.
Txibitek ziurtatu du protesta horiek ez duela «kikilduko» PSOE; erantsi du alderdi horrek jarraitu egingo duela «herrialdearen bizikidetza eraikitzeko egiten ari den lanean». Nafarroa jarri du bizikidetzaren eredu gisa: «Nafarroa izan daiteke bizikidetzan aurrera egiteko eredurik onena, beti elkarrizketarekin, akordioekin eta eskubideetan aurrera eginez. Bide horrixe jarraitu behar diogu». Txibite ez dator bat «kalean lortu nahi duten uzkurtze saioarekin». Eta irmo dio: «PSOEk aurrera egingo du, badakigulako zer egin behar dugun».
PPri ere erreparatu dio kalean dauden protestak hizpidera ekartzean. «PP saiatzen ari da manifestazioen bidez lortzen Nafarroako eta Espainiako herritarrek eman ez ziotena: gobernua eratzeko gehiengo bat». Haren hitzetan, Voxen estrategiarekin «kutsatu» da PP.
UPNri buruz ere izan ditu hitz batzuk, alderdi horrek parte hartuko baitu azaroaren 18rako Sociedad Civil de Navarrak deitu duen manifestazioan: «Argitu beharko luke zein izango duen bere ildoa».
«Ezinikusia eta gorrotoa»
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak uste du «ezinikusia eta gorrotoa» sustatzen dutela halako deialdiek. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) amnistia posible baten aurka onartutako adierazpena ere kritikatu du: «Ideologiarekin eta politikarekin lotura gehiago du justizia administrazioarekin baino». Uste du halako manifestazioek bizikidetzan eragin dezaketela: «Horrelako kontuak ikusten da non hasten diren, baina ez non amaitzen».
EAJk txio bidez salatu ditu PSOEren egoitzen aurrean egiten ari diren protestak. «Mehatxuak eta larderiak ez dute lekurik adierazpen askatasunaren kontzeptu zabalean. Nazka ematen du, gainera, escrache horietan frankismoaren apologia egiteko mezu antidemokratiko argiak aldarrikatzen direla entzuteak». Elkartasuna agertu diete alderdi sozialistari eta haren kideei.
Javier de Andres EAEko PPko idazkari nagusi hautatu berriak uste du horrelako mobilizazioak beharrezkoak direla toki guztietan, «baita Euskadin ere». Bat-bateko deialdiak izan ziren atzokoak, eta De Andresek deitu du mobilizatzera PPk egindako deialdietan, baina garbi utzita atzoko protesten izpirituarekin ere bat datorrela, «sanoak» izan baitziren, harentzat. Amnistiaren gaia eta PSOEren akordioak hizpidera ekarri zituen bere hitzak azaltzeko. «Ez zait gustatzen baleko jotzea gertatzen ari dena. Oso ona litzateke euskal herritarrek izpiritu demokratikoa edukitzea, berdintasuna eta askatasuna exijitzea».