Euskal Autonomia Erkidegoak beste 11 eskumen eskuratu izana «Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioen ondorio da», Patxi Lopez lehendakariak atzo nabarmendu zuenez. Manuel Chaves Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordea alboan zuela aurkeztu zuen lehendakariak transferentzia berrien inguruko akordioa. Sinadura ekitaldiaren ostean egindako agerraldian, EAJk eta PSOEk Madrilen lortutako akordiotik aldendu nahi izan zuen Lopezek: «Jaurlaritzak zehazten ditu eskumenen negoziazioaren baldintzak, horien eskualdaketa sinatzen du eta gauzatu egiten ditu». Adierazi zuenez, Jaurlaritzak Estatutuaren garapena «lehentasuntzat» hartzen duenetik lortu da eskumen sortarik handiena.
Hala ere, jeltzaleak transferentzien negoziazioan egiten ari diren lana begi onez ikusten duela gaineratu zuen, bereziki «Estatutuaren garapenari garrantzia ematen hasiak direlako». EAJk «estrategia frontistak» albo batera utzi dituen erakusle da jarrera hori, haren iritziz.
366 langilerengan eragina
366 langilerengan izango dute eragina Jaurlaritzak eskuratu berri dituen 11 transferentzia berriek, eta 35 milioi euroko balioa dute. Horien artean, hiru nabarmendu nahi izan ditu lehendakariak: espetxeetako irakasle eta osasun arloko langileena, erlijio irakasleena eta Lan Ikuskaritzarena. Azken eskumen hori datorren urteko urtarrilaren 1ean eskuratuko du Jaurlaritzak, etagainerako hamarrak —tituluen homologazioa, enplegu erregulazioa, itsas eta errepide bidezko garraioa, estatuko titulartasuna duten artxiboak, jabetza intelektuala eta itsas arrantzako irakasketak— datorren hilean bertan.
Gernikako Estatutuaren garapenean «urratsak» egiteko balio izango dute eskumenek, lehendakariaren esanetan. Lortutako akordioarekin pozarren agertu zen Chaves ere. Bi gobernuen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen, eta gaineratu zuen Espainiako Gobernuaren konpromisoa dela autogobernuan «aurrerapausoak» ematea. «Estatutua betetzen ari gara».
Besteak beste, Lan Ikuskaritza eskualdatzeak duen garrantzia nabarmendu zuen Chavesek,«funtsezko tresna» delako lan merkatuan eragiteko. Horren ondorioz, 111 langile Eusko Jaurlaritzaren esku egongo dira datorren urtetik aurrera.
«Eskumenak bi gobernuen arteko negoziazioen ondorio dira»
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordio bat sinatu dute 11 transferentzia EAEren esku uzteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu