Espainiak hirugarren aldiz egin dio uko Naparra biktimatzat jotzeari

Naparra «terrorismoaren biktima» gisa identifikatzeko eskatu dute GEBehatokiak, Egiari Zor fundazioak eta Eneko Etxeberriak, Naparraren anaiak. Biktima guztiei tratamendu bera ematea ere galdegin dute.

Naparraren kasuaren inguruko datuak emateko prentsaurrekoa gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Naparraren kasuaren inguruko datuak emateko prentsaurrekoa gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
nerea intxausti
2026ko urriaren 15a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jose Miguel Etxeberria Naparra terrorismoaren biktima gisa identifikatzeko eskatu dute berriz ere Agus Hernan Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko bozeramaileak, Pilar Garaialde Egiari Zor fundazioko bozeramaileak eta Eneko Etxeberriak, Naparraren anaiak. Arrazoitu dute Espainiako Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteko Legeak posible egiten duela gertaeraren «izaera terrorista» egiaztatzea, eta, ondorioz, baita biktima aitortzea ere, egilea identifikatu behar izanik gabe. 

Naparra oraindik ez da ofizialki onarturiko biktima, ez estatuan, ezta euskal erakundeetan ere. Lehendik, Espainiak birritan egin dio uko Naparrari estatus hori emateari —2008an eta 2013an—, 2004an haren kasu judiziala itxi zuen epaiak ebatzi baitzuen haren desagerpenean ez zutela aurkitu «terrorismo zantzurik». Oraingoan ere ezezkoa eman diete, Donostian egindako prentsaurreko batean adierazi dutenez. Hernanek azaldutakoaren arabera, lau argudio berri emanagatik ere, Espainiaren erantzuna berdina izan da: «kopiatu eta pegatu» egin dutela txarretsi dute. 

«Gaur salatzen ari garena erabaki politiko bat da. Kontzientea. Sistemikoa. Lotsagarria»

PILAR GARAIALDE Egiari Zor fundazioko bozeramailea

Naparra 1980ko ekainaren 11n bahitu zuten, Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta Batallon Vasco Español eskuin muturreko taldeak hainbat aldiz hartu zuen bere gain haren bahiketa eta hilketa. Pilar Garaialdek esan du ez dagoela hori zalantzan jartzerik, eta Nazio Batuen Erakundeak, EHUk eta Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak berak egindako txostenak eta erakusketak aipatu ditu; izatez, NBEk 2014an izendatu zuen Naparra desagertze behartuaren biktima. Hala, nazioarteko erakunde hartara ere jo dute, hark Espainiari presio egin diezaion. Prozesua abian da, eta luzerako izango dela uste dute. 

«Inork ez du zalantzan jartzen Naparra motibazio politikoko indarkeria ekintza baten bidez desagerrarazi zutela; inork ez, epaileak eta Espainiako Barne Ministerioak salbu». Eta hala borobildu du Garaialdek: «Barne Ministerioak ez du arazorik frogekin edo delituaren izaerarekin. Borondaterik eza da haren arazoa». Horregatik, Egiari Zor fundazioko bozeramaileak Espainiako Estatuak Etxeberria-Alvarez familiari eman dion «tratu diskriminatzaile, arbitrario eta nazkagarria» gaitzetsi du: «Gaur salatzen ari garena erabaki politiko bat da. Kontzientea. Sistemikoa. Lotsagarria».

«Ziur gaude ETAren biktimak balira ez litzatekeela inoiz halako arbuiorik izango»

AGUS HERNAN GEBehatokiko bozeramailea

Agerraldian, Naparra terrorismoaren biktima gisa identifikatzeko eskatzeaz gain, biktima guztiei tratu bera ematea eta familiari publikoki barkamena eskatzea ere galdegin dute. «Ziur gaude ETAren biktimak balira ez litzatekeela inoiz halako arbuiorik izango», ziurtatu du Hernanek. Garaialdek adibide gisa jarri ditu Irunen (Gipuzkoa) lan egiten zuten hiru gazte galiziarrak. 1973ko martxoaren 24an desagertu ziren. Haien gorpuzkiak ez dira inoiz aurkitu. Inork ez zuen haien bahiketa bere gain hartu. Justiziak ez ditu argitu haien desagerpenaren xehetasunak. «ETAri egotzi zizkioten hiru desagertu horien hilketak, eta askoz froga dokumental gutxiagorekin aitortu zituzten biktimatzat. Aitortuak izan behar zuten, eta hala izan ziren», adierazi du Egiari Zorreko bozeramaileak.

Naparraren kasua urte luzeko kontua da, Eneko Etxeberria anaiak behin baino gehiagotan adierazi duen bezala. Halere, Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak sortu zuen erakusketak berpiztu zuen gaia. Erakusketa horretan, zentroak Naparra biktima gisa onartzen du, nahiz eta familiak apirilean leporatu zion zentroari Naparraren heriotzaren inguruko «kontakizun faltsu bat» osatu izana; iradokitzen du ETAk desagerrarazi zuela. Zentro horretako patronatuko kidea da Espainiako Barne Ministerioa, eta horregatik aurpegiratu diete gaur kontraesanetan ibiltzea: «Kontraesan hau ez da akats bat, hautu bat baizik».

nafarroako gobernuak etenda mantenduko du espedientea

Hego Euskal Herriko erakundeetan ere ez du arrakastarik izan Naparraren familiak. 2021ean aurkeztu zioten aitorpen eskaera Eusko Jaurlaritzari, baina gaur arte ez dute erantzunik jaso. Nafarroan, berriz, atzera bota zieten 2023an egindako eskaera, kasua «oraindik zabalik» dagoela argudiatuta. 

«Ez nuen inola ere pentsatuko hiru urte eta erdi geroago agerraldi publiko bat egingo nuenik Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Sailak izan duen jarrera salatzeko», adierazi du Eneko Etxeberriak, Naparraren anaiak. Kontatu du 2025eko otsailean kexa bat aurkeztu zuela Nafarroako Arartekoaren aurrean, eta hark gobernuari gomendatu zion «ebatz» zezala kasua. Halere, joan den uztailean jakinarazi zion arartekoak Etxeberriari, «tamalez eta atsekabeturik», Nafarroako Gobernuak espedientea etenda mantenduko zuela, aurretik aipatutako argudio bera erabilita. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA