Euskal presoak

Espainiak libre utzi du Zigor Garro

Euskal preso ohia sorterrian da: Errenterian. Epaiak Frantziako Estatuan bizitzeko debekua ezarri zion. Hendaian bizi izan da, baldintzapean aske.

Zigor Garro, gaur, Errenterian. LANDER GARRO
enekoitz esnaola
2020ko maiatzaren 5a
09:14
Entzun

Frantziak Espainiaren esku utzi du gaur Zigor Garro euskal preso ohia (Errenteria, Gipuzkoa, 1975), eta berehala geratu da libre, Madrilek haren aurkako ezer ez baitzuen eskatua. Baina Hendaiara (Lapurdi) itzultzeko debeku judiziala du oraindik.

Iazko azaroaren bukaeratik joan den larunbatera arte, baldintzapean aske egon da; zigorra amaitu duen arte. Parisek, baldintzapean aske uztean, etxea eta lana aurkitzeko exijitu zion, eta Hendaian jarri zen bizitzen, eta AEKn lanean; horrez gain, eskumuturreko elektronikoa ezarri zioten. Epaiak Frantziako Estatuan bizitzeko debekua jarri zion; defentsak helegitea aurkeztu zuen, baina oraindik ez du erantzunik jaso.

Gaur 10:00etan polizia etxera joan da euskal preso ohia, Hendaian, eta ondoren Espainiako Poliziaren esku laga dute, bi estatuen arteko mugan. Aske utzi dute, baina ezingo da Hendaiara itzuli. Errenteriara joan da.

Zigorrak Ezartzeko Dei Auzitegiak onartu zuen Garro baldintzapean aske uztea, eta fiskalak ez zuen helegiterik aurkeztu. Azaroaren 28an irten zen Mont-de-Marsango espetxetik (Okzitania). Aurreko hilabeteetan, kartzelatik kanpo egun batzuk pasatzeko baimenak eman zizkioten.

Garro da Frantzian baldintzapean aske utzi zuten Hego Euskal Herriko aurreneko presoa. Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren iazko ebazpen baten ondorioz, Hego Euskal Herriko presoak ere hasi ziren baldintzapean aske uzteko eskatzen; dozena batek jorra dezakete bide hori.

2006an atxilotu zuten, Frantzian, ETArekin lotuta. Hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri zion Parisek. Duela 22 urte egin zuen ihes etxetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.