«Orduan, Jose Miguel Etxeberria terrorismoaren biktima da?». Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak egindako galdera hori ez da ezerezetik atera. Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak «Espainian terrorismoagatik desagertuen» inguruko erakusketa batean landu du Naparraren desagerpenaren kasua, familiaren irizpidearen kontra, eta ETAren parte hartzea jo du hipotesi nagusitzat. Kontua da, baina, Espainiako Gobernuak, zentro hartako patronatuko kide nagusi denak, bi aldiz baztertu duela Naparra biktima gisa aitortzea. Hori ikusita, GEBehatokiak aitortza eskuratzeko beste eskakizun bat egingo du, eta NBEra ere joko du laguntza eske.
Espainiako Gobernuak 2008an baztertu zuen lehen aldiz Naparrari biktima aitortza egitea, eta erabakia berretsi zuen 2013an egindako beste eskaera batean. Bada, hirugarren eskaera bati erantzun beharko diote laster, GEBehatokiak, familiaren babespean, espedientea berrosatzeari ekingo baitio, Madrilek behingoz Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteko legea aplikatu dezan haren kasuan ere.
Horretarako, Nazio Batuen Erakundera joko dute. NBEko Bortxazko edo Nahigabeko Desagertzeei buruzko lantaldeari —Naparra 2014an aitortu zuen biktima gisa— azken urteetako «aurrerapen urrien» berri emango diote, eta eskatuko diote presio egin dezala Espainiak Etxeberria «terrorismoaren biktima gisa aitortzeko», «desagertu behartu gisa, memoriaren, duintasunaren, justiziaren eta egiaren printzipioetan oinarrituta, zeinen arabera botere publikoek biktimaren erreparazio integrala bilatzen baitute». Era berean, laguntza eskatuko diote, Espainiak eta Frantziak «modu aktiboan» lan egin dezaten Naparraren gorpuzkiak berreskuratzeko eta haren senideei emateko.
Hain zuzen, GEBehatokiak gogoratu du familiak hamarkadak daramatzala «lan nekaezin» horretan: «Haren duintasuna aldarrikatuz eta dauden mekanismo guztien bidez, haien aitortza eta erreparazioa lortzen saiatuz». Bide horretan, baina, denak ez dira bidelagun izan, eta Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroan jazotakoa horren erakusle da.
Absentzia presenteak erakusketak Etxeberria familian eragindako samina agerikoa da, eta horiei elkartasuna adierazi die GEBehatokiak. Are gehiago, «eskandalutzat» jo dute zentroaren jarrera. Hain zuzen, Naparraren kasua aurkezteko karteletako batek hala dio lehen lerroan: Egiletza: ETA? BVE?. Familiak salatu duenez, ordea, tituluari jarraipena ematen dion testuak ETAri egozten dio desagerpena, eta «familiak eta ezker abertzaleak» defendatu izan duten hipotesi gisa aurkezten du BVErena, nahiz eta eskuin muturreko talde hark hiru aldiz esan zuen Naparra bahitu eta hil zuela.
GEBehatokiaren ustez, aurkezpen horrek «kontakizun bakarra inposatzeko» helburua du, «kontakizunaren aldeko bataila» deritzonaren izenean: «Errealitate bat faltsutzeko interesari erantzuten dio». Argudiatu du zentroak «oinarri historiko ororen aurka, espedientean dagoen egitate ukaezina alde batera utzita eta Nazio Batuen irizpidea errespetatu gabe» jokatu duela Naparraren desagerpena ETAri egoztean.
Era berean, Naparraren familiarekin izan duen jarrera «guztiz etsigarria» ere txarretsi dute, eta galdetu ea zentro hark berdin jokatuko zukeen ETAren biktimekin: «Ez da etikoa biktimen aldeko ekintzak egitea eragindako biktimen iritziaren gainetik igaroz. ETAren biktimak balira, hori ez zatekeen inoiz gertatuko». Izan ere, familiak ez zuen bat egin auzia erakusketa hartan txertatzeko erabakiarekin, baina zentroak bereari eutsi zion, eta ostiralean ere uko egin zion auziari lotutako kartelak kentzeko eskaerari.
Horiek hala, GEBehatokiaren ustez, agerikoa da Biktimen Oroimenezkoak irizpide bikoitza duela biktimen trataeran, eta oroitarazi du halako jarrerek, biktimen arteko diskriminazioa eragitearekin batera, estatuaren biktimen artean «mina eta birbiktimizazioa» eragiten dituela.
Era berean, uste dute ikuspegi horrek ez duela bat egiten euskal gizarteak xede dituen memoria politika publikoekin: «Kontakizun kritiko inklusiboa, partekatua, biktima guztien mina errespetatzen duena eta bizikidetza demokratikoari ekarpena egiten diona».