Berriro ere korapilatu egin da Kerman Villateren heriotzaren auzia. Iazko otsailean hil zen 31 urteko gizona, Gasteizko Mitika dantzalekuaren kanpoaldean aretoko atezain batek emandako kolpearen ondorioz, eta gaur-gaurkoz ez dago horri buruzko ebazpen irmorik. Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak «azpikeriaz egindako hilketa gisa» tipifikatu zuen; azaroan, ordea, Arabako Probintzia Auzitegiak «zuhurtziagabekeriaz egindako hilketatzat» jo zuen, eta familiak erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Bada, auzitegi horrek ebatzi du ezin duela helegite hori aintzat hartu, argudiatuta kasazio errekurtsoak arautzen dituen legediak ez duela horretarako bide ematen.
Alabaina, familiak uste du Espainiako Auzitegi Gorenak «uko» egin diola auzia «sakonki» aztertzeari, eta salatu du ebazpena ez dela «koherentea»; are, auzitegiari aurpegiratu dio «justifikatzeko zailak» diren «oinarrizko akatsak» daudela ebazpenean. Villateren senideek gaur zabaldutako komunikatu baten bidez azaldu dutenez, akats horietako bat litzateke kasazio errekurtsoa baliogabetzat jotzea, argudiatuta Arabako Probintzia Auzitegiaren ebazpenean honako hau zehaztu zutela: «Ebazpen hau ez da irmoa, eta horren aurkako kasazio errekurtso bat aurkezteko aukera dago».
Horrez gain, familiak esan du auzitegiak ez duela ongi identifikatu zein ebazpeni jarri dioten errekurtsoa; hots, senideek 2025eko azaroaren 26ko ebazpenaren aurka aurkeztu zuten kasazio errekurtsoa, eta ebazpenaren berri emateko zabaldutako dokumentuan, Espainiako Auzitegi Gorenak argudiatzen du ezin duela aintzat hartu 2024ko irailaren 30eko ebazpen baten aurkako helegitea. Familiak gaineratu duenez, «tamalez» oraingoak ez dira prozesu judizialean egin diren aurreneko akatsak.
Hala, familiak iritzi dio ebazpen horrek «erasotzailearen bertsioa» onesten duela, eta hura sostengatzen duela auziaren «edukiari eta froga objektiboei» ez ikusiarena eginez. «Arabako Probintzia Auzitegiak bidezko epaiketa bat izateko eskubidea kendu zion Kermani, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ez ditu berrikusi nahi beste auzitegiek egindako akatsak», gehitu du.
Berriro ere atzera
Ertzaintzak Villate hil eta gutxira atxilotu zuen aretoko atezaina, eta Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak erabaki zuen behin-behinean espetxeratzea. Epaile horrek berak azpikeriaz egindako hilketa gisa tipifikatu zuen gertakaria hasieran, baina fiskaltzaren irudiko, zuhurtziagabekeriaz egindako hilketa izan zen.
Hain justu, Arabako Probintzia Auzitegiak aintzat hartu zituen fiskaltzak eta akusatuaren defentsak aurkeztutako helegiteak, eta, joan den azaroan, akusatua behin-behinean aske utzi zuten, 6.000 euroko bermea ordainduta. Orain, zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delitua egitea edo norbait hiltzea eragin duten lesioak egitea leporatzen diote. Ebazpen horren berri izan zuenean, familiak salatu zuen gertakarien «larritasuna txikiagotzen» duela.
Delitu argirik ez
Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du ez duela helegitea aintzat hartuko, eta hortaz, ez duela berrikusiko Arabako Probintzia Auzitegiaren ebazpena. Familiak nabarmendu duenez, baina, ez du zehazten Villateren heriotza «giza hilketaren» delitu bat edota «zuhurtziagabekeriaz» egindakoa izan zen. Hortaz, senideek ohartarazi dute ezin dela Gorenaren ebazpena Arabako Probintzia Auzitegiaren erabakiaren berrespentzat jo.