Kerman Villateren senideek ez dute amore emateko asmorik. Joan den otsailean, Gasteizko Mitika dantzalekuaren kanpoaldean aretoko atezain batek emandako kolpearen ondorioz hil zen 31 urteko gizona; eta Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak «azpikeriaz egindako hilketa gisa» tipifikatu zuen gertakaria hasieran —10 eta 22 urte artekoa da kartzela zigorra—. Azaroan, ordea, Arabako Probintzia Auzitegiak behin-behinean aske utzi zuen atezaina, eta gertatutakoa «zuhurtziagabekeriaz egindako hilketatzat» jo zuen —gehienez lau urteko espetxe zigorra ezarri daiteke halakoetan—. Horiek horrela, Espainiako Auzitegi Gorenean erabaki horren kontrako helegitea aurkeztu du Villateren familiak.
Ertzaintzak atxilo hartu zuen atezaina, eta Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak erabaki zuen behin-behinean espetxeratzea. Epaile horrek berak azpikeriaz egindako hilketa gisa tipifikatu zuen gertakaria hasieran, baina, fiskaltzaren irudiko, zuhurtziagabekeriaz egindako hilketa bat izan zen.
Erlazionatuta
Bada, fiskaltzaren eta akusatuaren defentsaren helegiteak aintzat hartu zituen Arabako Probintzia Auzitegiak: azaroan, behin-behinean aske utzi zuten, 6.000 euroko bermea ordaindu ostean. Orain, zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delitua egitea edo norbait hiltzea eragin duten lesioak egitea leporatzen diote; hau da, delitu eskaera aldatu dute.
Berme judizialik ez
Villateren senideek zera uste dute: erabaki horrek «epaiketa bere osotasunean garatzeko eskubidea» ukatzen du. «Gertakarien larritasuna txikiagotzeaz gain, zinpeko epaimahai bat egoteko aukera baztertzen du», gehitu dute. BERRIAk azaroaren 28an argitaratutako elkarrizketan jakinarazi zuten Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa zeukatela Villareten aita-amek. Joan den asteburuan helarazitako oharraren bidez, berriz, dagoeneko helegitea aurkeztu dutela jakinarazi dute.
Adierazi dutenez, «organo judizial kualifikatuen artean hain desadostasun sakonak egote hutsak, berez, nahikoa arrazoi izan beharko luke epaiketa osorik egitea erabakitzeko, egitateen benetako larritasuna zehazteko xedez. Ahozko epaiketa baten bermerik gabe, ordea, presazko erabaki bat baino ezin izango dute hartu». Arabako Probintzia Auzitegiaren ebazpenak «Kermanen oinarrizko eskubideak» urratzen ditu», eta «defentsarik gabeko ageriko egoeran» utzi.