Venezuelako «egoera politikoa aldatu» dela eta, Espainiako Auzitegi Nazionalak erreguzko mandatua egin dio, hamalau iheslariren inguruko informazioa lortzeko; epaileak uste du Venezuelan egon daitezkeela, El País egunkariak argitaratu duenez.
Urtarrilaren 3an, AEBek eraso egin zioten Venezuelari, eta Nicolas Maduro presidentea bahitu eta preso hartu zuten. Horiek horrela, Espainiako Auzitegi Nazionalak uste du «aldaketa politikoa» egon dela Venezuelan eta horrek bide eman diezaiokeela «kolaborazioari». Dignidad y Justicia elkarteak egin zuen mandatua egiteko galdea, eta fiskaltzak kontra egin zien, ez zela beharrezkoa iritzita; alta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Francisco de Jorge epaileak onartu egin du orain.
Hala, epaileak hamalau iheslariren informazioa arakatzea nahi du orain. Hauena zehazki: Eugenio Barrutiabengoa Zabarte, Iñaki de Juana Chaos, Jose Luis Eziolaza Galan, Angel Lizarbe Oses, Luis Maria Olalde Quintela, Jose Angel Uriz Zabaleta, Arturo Cubillas Fontan, Xabier Urruti Imaz —maiatzean hil zen—, Asuncion Arana Altuna, Juan Jose Aristizabal Kortejarena, Maria Artola Etxeberria, Asier Guridi Zaloña, Jesus Maria Huerta Fernandez eta Ignacio Etxebarria Landazabal.
Epaileak informazio hau eskatu du: zer harreman izan zuten pertsona horiek errefuxiatuen kolektiboarekin eta zer lan egin zuten bertan, ETAko kideekin harremanik izan ote zuten, eta zenbaterainoko ardurak izan zituzten.