Nahiz eta elkarrizketetan makina bat aldiz galdetu dioten, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak ez daki noiz izango diren Espainiako Gorteetako hauteskundeak, eta ez du sartu nahi «espekulazio joko horretan». Hala ere, hauteskunde horiei begira, Hego Euskal Herrirako zerrenda bateratu bat aurkeztea proposatu du EH Bilduko idazkari nagusiak, Bilbon egindako Batzar Nazionalean. Ez du zehaztu nori helarazi dion proposamena, baina ondoriozta daiteke EAJri luzatu diola eskua: «Ez dugu proiektu estrategiko bera, baina jar dezagun arreta adostasunetan, eta ez desadostasunetan».
Bostehun partaide elkartu dira Bilboko Bizkaia Aretoan egindako biltzarrean. Hasieran, Otegik komunikabideen aurrean hitz egin du. Azaldu du herri gisa erantzun behar zaiola agertoki politiko ziurgabeari. Izan ere, ez dago argi parez pare «estatu autoritario bat» izango den, edo oraingoaren antzeko formula politikoko gobernu bat —Otegiren hitzetan, «aukeren leihoa» irekitzen duen gobernu bat—; baina, horri begira, proposamen sinple bezain irmoa litzateke zerrenda bateratu bat aurkeztea: «Herri gisa jokatu nahi dugu, eta milioi bat euskaldun aurrean jarri, hau esateko: 'Hau da herri honen borondatea'».
Gutxieneko edukia
Otegiren esanetan, adostasun zabala biltzeko moduko funtsezko edukiak baliatu beharko lirateke zerrenda horren oinarri gisa. Hori bai, jarraian zalantzan jarri du hala jeltzaleak nola beste alderdi batzuk benetan prest egotea gutxieneko horiek adosteko. «Denok bat gatoz Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herri bat dela, Euskal Herria nazio bat dela, etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela, euskara gure hizkuntza nazionala dela, eta eskubide berak dituztela euskaldunek edozein txokotan?», galdetu du, modu erretorikoan.
Bizkaia Aretoan egindako diskurtsoan, ideia bat nabarmendu du Otegik: EH Bilduren printzipioetako bat da herria alderdiaren aurretik jartzea. Hala, uste du herritarren interesak lehenesteko asmo hori dela koalizioaren ardatzetako bat. Eskerrak eman dizkie koalizioa osatzen duten alderdiei, ikuspegi estrategiko hori izateagatik eta jokabide hori «lasai» ezartzeagatik. «Horretan datza gure arrakasta, eta arrakasta horretan oinarrituz zabalduko dugu oraindik gehiago fronte zabal hau. Eta etxe hau subiranista, ezkertiar eta sozialista guztien etxe bilakatu».
«Denok bat gatoz Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herri bat dela, Euskal Herria nazio bat dela?»
ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia
Diskurtso amaieran, testuinguru politikoari erreparatu dio, eta iragarri du koalizioak «erabaki garrantzitsuak» hartu beharko dituela datozen hilabeteetan: besteak beste, estatus politikoaren inguruan, autoritarismoaren aurka eta fronte zabalari buruz. «Ez dira erabaki errazak izango, kontraesanak sortuko dituzte, baina horretan datza gure arrakasta: kontraesanak inteligentzia politikoz kudeatzean». Izan ere, argi du erabaki horiek «herriarekin batera» hartuko dituztela. «Herriarekin egiten diren gauzek ez dute beldurrik ematen. Ez ditugu erabakiak beste batzuk hartzen dituzten moduan hartzen, baizik eta amankomunean, auzolanean, guztion artean».
Irailean Donostian egindako konferentzia politikoan, iragarri zuen EH Bilduk Elkarrizketa Nazionala izeneko prozesuari ekingo ziola. Hilabeteotan, eragileekin eta herritarrekin bildu da gaur egungo egoeraz, arazoez, erronkez eta ezarri beharreko politika publikoez hitz egiteko. Koalizioaren arabera, prozesu horretan proposamenak eta ekarpenak aurkeztu dituzte, baina, aldi berean, entzuketa ariketa bat egin nahi izan dute, «apaltasunez». «Jakin nahi dugu ados dauden, zer ekarpen egin dezaketen, eta zer erronka eta kezka dituzten. Guri ez dagokigu irakaspenak ematea, proposamenak egin eta entzutea baizik».
Batzarraren xedeetako bat da EH Bilduko militanteei prozesu horren nondik norakoak azaltzea, baina Otegik lehen ondorioetako bat aurreratu du. «Herritarrek dituzten kezkak eta erronkak ez datoz bat askotan eliteek plaza publikoan jartzen dituzten gaiekin. Oso desberdinak dira». Otegik azpimarratu du EH Bilduk herritarren ikuspegiari heldu behar diola, eta horri loturik, proposamen politikoak egin, espekulazioak baztertuta.
Adierazpena astelehenean
Diskurtsoaren hasieran, nazioarteko egoerari ere erreparatu nahi izan dio, eta iragarri du EH Bilduren Mahai Politikoak adierazpen bat kaleratuko duela astelehenean. Dena den, zertzeladaren bat aipatu du dagoeneko: «Gustuko ez dugun munduko ordenamendu berri horretan, konpromiso irmoa adierazten dugu herrien askatasunaren, burujabetzaren, autodeterminazioaren eta bakearen alde. Gaur eta beti».