Espainiako Gobernuak 1981eko estatu kolpearen inguruko 153 dokumentu desklasifikatuko ditu

Bihar emanen dituzte agiri bakoitzaren xehetasunak; eguerditik aitzinera ikusgai izanen dira Moncloaren webgunean. EH Bilduk Sanchezi galdegingo dio Euskal Herrian jazotako estatu indarkeriaren inguruko dokumentuak ere desklasifikatzeko.

Elma Saiz gobernuko eleduna gaurko prentsaurrekoan. KIKO HUESCA / EFE
Elma Saiz gobernuko eleduna gaurko prentsaurrekoan. KIKO HUESCA / EFE
Iratxe Muxika
2026ko otsailaren 24a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zor historikoa kitatzeko» neurria da gaur Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak onartu duena. Izan ere, gaur arte, sekretu ofizialen legeak diktadurako eta trantsizioko gertakari anitz sekretupean mantentzen zituen, eta bi ondorio nagusi ekarri ditu horrek, urtez urte: egia osorik ez jakitea, eta segurtasun indarren zigorgabetasuna bermatzea. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo eman zuen legea indargabetzearen berri, eta gaurko bilkuraren ondotik Elma Saiz eledunak jakinarazi du 1981eko estatu kolpeko 153 «dokumentu unitate» desklasifikatuko dituztela. Bihar jarriko dituzte dokumentu guztiak bistan Moncloaren webgunean, agindua BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Baina Saizek erran du «aurkitu dituzten agiri guztiei» kenduko dietela sekretua, eta argituko dena ez dela «arriskua» hartzea.

X sare sozialaren bidez eman zuen atzo Sanchezek berria, eta esplikatu demokraziak iraganaren berri izan behar duela; bai, behintzat, «etorkizun hobe bat» eraiki nahi baldin bada. Eta eskerrak eman zizkien «bidea ireki zutenei». Berehala iritsi ziren alderdien erantzunak, eta EH Bilduk zein EAJk sekretu ofizialen legeak babestutako gainerako dokumentuak ere desklasifikatu ditzala eskatu zioten Espainiako Gobernuari. Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramaileak, erraterako, erran zuen «albiste ona» dela agiriei sekretuak kentzea, eta honako gertakari hauekin ere gauza bera egitea galdegin zuen: Martxoaren 3ko sarraskiko, 1978ko sanferminetako, Zabalza kasuko eta GALekin lotutako dokumentuekin.

Baina Aizpuruak, txioa idazteaz gain, jakinarazi du bihar Kongresuan bertan ere galdetuko diola Espainiako gobernuburuari asmorik ote duen «euskal herritarrentzat hain garrantzitsuak diren eta oraindik desklasifikatzeko dauden» gainerako dokumentuak argitara ateratzeko. Norabide horretan «pauso irmoak» eman behar direla uste du EH Bilduk, eta Arnaldo Otegi idazkari nagusiak ere hala nabarmendu du: «Zenbat eta dokumentu gehiago desklasifikatu, geroz eta lehenago egiaztatuko da trantsizioaren eta 78ko Erregimenaren benetako izaera zein den».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.