Asteon beteko da hilabete 70.000 migrante Ceutara (Espainia) ailegatu zirela. Gaur-gaurkoz, ordea, jende olde hartako 2.000 pertsona inguru daude han, ez aurrera eta ez atzera, kale bazterretan lo. Itsasoz bestalde egonagatik, Ceuta Espainiaren parte da, eta, horrenbestez, autonomia erkidegoei ere badagokie hara iritsitako migrante adingabeak beren lurraldeetan jaso eta artatzea; Espainiako Gobernuaren arabera, 1.500 inguru dira. Hain justu, migranteen banaketaren inguruan hitz egiteko bildu dira gaur Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidegoetako ordezkariak, eta lau aukera eman dizkie Madrilek: indarrean dagoen dekretua betetzea, migrante adingabeen ardura GKE gobernuz kanpoko erakundeek hartzea, harrera familiek hartzea, eta erkidegoek Ceutarekin «aldebiko akordioak» erdiestea.
Madrilen egin dute bilera, eta han izan da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako eta Enpleguko kontseilari Carmen Maeztu. Eusko Jaurlaritzak telematikoki parte hartu du. Maeztuk jakinarazi duenez, Nafarroa «prest» dago «legea bete» eta migratzaile adingabeak jasotzeko, iritzita haur eta nerabe horiek «oso egoera zaurgarrian» daudela; bereziki, neskatoak. «Legea betetzea defendatzen eta aldarrikatzen dugu, ez soilik betebehar juridiko bat delako, baita betebehar etiko bat delako ere», adierazi du Maeztuk.
Bileran parte hartu duen Eusko Jaurlaritzako ordezkariak oraingoz ez du adierazpenik egin; nolanahi ere, Lakuako zenbait ordezkarik esana dute ezen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa adingabeak hartzeko «prest» egon arren, lurraldeetako «harrera sistema gainezka» dagoela. Hala adierazi zuen, kasurako, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak abuztu hasieran, eta aipatu zuen adingabe horiek senideekin elkartzea litzatekeela «aukerarik onena».
Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusi Elixabete Etxanobek, halaber, duela bi aste ohartarazi zuen Lakuak ez zuela «banaketaren inguruan hitz egingo» Ceutan sartutako migrante adingabeak Marokora itzularazteko «bide guztiak aintzat hartu are». Dena den, esan zuen, besterik ezean, bai Bizkaiak, bai Gipuzkoak eta bai Arabak beren gain hartuko lituzketela «hartu beharreko» adingabeak. Hain justu, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Irune Berasaluzek adierazi zuen, joan den astean, «prest» daudela migrante adingabeak jasotzeko, baldin eta «egiturazko plan bat» badago.
«Legea betetzea defendatzen eta aldarrikatzen dugu, ez soilik betebehar juridiko bat delako, baita betebehar etiko bat delako ere»
CARMEN MAEZTU Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako eta Enpleguko kontseilaria
Hain zuzen, Espainiako Gobernuak iazko martxoan onartu zuen bakarrik dauden migratzaile adingabeak autonomia erkidegoen artean banatzeko lege aldaketa, Atzerritarren Legea dekretu bidez moldatuz. Hasieran, lege horrek helburua zera zen, Kanarietan dauden adingabeak erkidegoen artean «era justuagoan» banatzea, eta zenbait irizpide ezarri zituen horretarako. Adibidez, erkidegoen biztanleria, errenta maila, langabezia tasa eta harrera lekuen kopurua hartu izan dira kontuan.
Dekretua bazter utzi, eta beste hiru bide ireki ditu orain Madrilek. Maeztuk azaldu duenez, horietaz gain, autonomia erkidegoen artean familia berrelkartzearen aukera gailendu da; halere, uste du «oso zaila» dela hori aurrera eramatea: «Adingabe bakoitzaren egoera hartu behar da aintzat, Marokoko Gobernuaren erantzuna izan behar dugu, familia bakoitzarekin jarri behar da harremanetan, eta hori guztia zenbait hilabetetako lana da». Autonomia erkidegoek denbora tarte bat —ez dute zehaztu zenbatekoa— izango dute gaur proposatutako lau neurrien inguruan eztabaidatu eta hausnartzeko.
Aulki hutsak eta kritikak
Ceutako gertakizunak, ordea, agerian utzi ditu autonomia erkidegoek dekretu horren inguruan dituzten desadostasunak eta tirabirak. Kasurako, gaurko bileran ez da izan Vox buru duten autonomia erkidegoetako gobernuko ordezkaririk, eta PP buru duten autonomia erkidegoetako ordezkariek, berriz, uko egin diote bilerako gai zerrendan Ceutako egoerari buruzko gaia sartzeari. Maeztuk gaitzetsi egin ditu jarrera horiek: «Politikaren helburua zubiak eraikitzea da, ez harresiak; demokrazia hobea eraikitzeko, hitz egin egin behar da».
Edonola ere, gaurko bileran izan da aurrerapausorik. Espainiako Gobernuko Gazteen eta Haurren Gaietarako ministro Sira Rego ere bileran izan da, eta, horren ondoren egindako prentsaurrekoan aditzera eman duenez, autonomia erkidegoek adostu dute Ceutara 25 milioi euro bideratzea, han dauden migrante adingabeak artatu ahal izateko.