Saharaz hegoaldeko ehunka migratzaile saiatu dira Marokotik Ceutara sartzen

Marokoko Poliziak Fnideq kanpoaldean atzeman ditu migratzaileak, eta ez die utzi aurrera egiten. Hirurehun lagun atxilo hartu dituzte, eta mugatik zortziehun kilometrora eraman.

Marokoko Poliziak atzemandako migratzaile talde bat,Fnideq kanpoaldean. MOHAMED SIALI / EFE
Marokoko Poliziak atzemandako migratzaile talde bat, Fnideq kanpoaldean. MOHAMED SIALI / EFE
arantxa elizegi egilegor
2026ko abuztuaren 15a
20:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragarrita zegoena gertatu da. Ez da izan uztail amaieran bezainbestekoa, baina gaur ere ehunka izan dira Marokotik Ceutara igarotzen ahalegindu diren migratzaileak. Aldi hartan ez bezala, ordea, Rabatek geldiarazi egin ditu migratzaileak Fnideq kanpoaldean —Castillejos, gazteleraz—, eta hirurehun atxilotu ditu. 

Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak dira gaur muga igarotzen ahalegindu direnetatik gehienak, nahiz eta bertako iturrien arabera adingabe marokoarrak ere baziren tartean. Marokok, beste krisialdi bat saiheste aldera, ehunka polizia bidaliak zituen Ceutarekin duen mugara, baita txarrantxaz osatuta hesi bat eraiki ere lehengoaren aldamenean. Ondorioz, migratzaileek ez dute aukerarik izan Ceutatik gertuen dagoen Marokoko hirian sartzeko ere. 

Goizaldean hasi dira poliziak migratzaileen aurka egiten, helikopteroen laguntzaz. Hirurehun lagun atxilotu dituzte, eta autobusetara igoarazi. Atxilotuak mugatik zortziehun kilometrora eraman dituzte. 

Sare sozialetatik egin dute oraingoan ere deia. Han, azken egunetan, Marokotik Espainiarako muga zeharkatzeko mezuak zabaldu dituzte, eta, hori dela eta, agintariek mugetako segurtasuna zorroztu dute bi aldeetan.

Uztail amaieran 80.000 migratzailek zeharkatu zuten muga, eta haietatik 8.000 inguru daude oraindik bertan. Gehienak kalean daude, bizilagunek eskainitako laguntzaren menpe. Espainiako Gobernuak iragarri du guztiak itzularaziko dituela. 

Behin-behineko aterpeak

Espainiako Gobernuak iragarri du datorren astean Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioko ordezkaritza bat joango dela Ceutara oraindik bertan dauden migratzaileentzako behin-behineko aterpeak ezartzeko tokiak aurkitzera. Helburua litzateke datorren astean zehar behin-behineko bi babesleku martxan jartzea. Bien artean mila lagun ingururentzako aterpea izango lukete.  

Aterpeak jartzeko tokiak topatzea ez da erraza; batetik, Ceutak 19 kilometro koadro soilik dituelako, eta, bestetik, hiriguneko bizilagunek ez dituztelako babesleku horiek euren auzoetan nahi. Orain arte hiriaren kanpoaldeko auzoetan eman diete babes Ceutan geratzen diren hainbat migratzaileri. Han ere ez dago denentzako tokirik, ordea, eta askok hondartzan geratzea erabaki dute. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA