Azpiegitura handiak hizpide dira kanpainan, eta Luis Planas Espainiako Gobernuko Nekazaritza ministroak Sesman (Nafarroa) PSN-PSOEk egin duen ekitaldia baliatu du Erriberan laborari askok espero duten albistea emateko. Bihar onartuko du Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen lizitazioa Espainiako Gobernu Kontseiluak.
Berez, berandu dator. 2022ko martxoan Maria Txibite Nafarroako Gobernuak iragarri zuen asmoa zela 2023an lizitatzea. Lehen fasea zabaltzeko lanak amaitzeko hamar urte behar izan dituzte, aurreikusitakoa baino gehiago. Iaz bukatu zituzten, eta orain lizitazioa aurkeztuko da. Planasek azaldu duenez, bihar azalduko dira nola banatuko den azpiegituraren finantzaketa eta beste nondik norako batzuk.Â
Elma Saiz PSNko Kongresurako zerrendaburuaren hitzetan, bigarren fasea Erriberara eramango du ura, eta azpiegitura hori «oso beharrezkoa da eskualdeko laborarientzako eta abeltzainentzako».
Planasen arabera, Espainian eta Nafarroan alde handia dago ureztatutako lurren eta bestelakoen artean. Haren ustez, ureztatzeari esker, laborarien batez besteko errenta EBko lehena da. «Nafarroak ekarpen handia egiten du produkzioaren eta esportazioaren datuetan, batik bat sektore tradizionaletan: barazkietan, mahastietan eta olibondoetan». Haren esanetan, horretarako giltzarria izan da Nafarroako Ubidea.
Era berean, hurrengo Nekazaritza Politika Bateratuaz ere hitz egin du, 2028 eta 2032 bitartekoaz. Oraindik Europako Batasuneko estatu kideak ez dira ados jarri, baina, Planasen arabera, Madrilen helburua da egungo aurrekontuari eustea.
Ekitaldiaz gain, Sesmako eta Goi Erriberako nekazariekin bildu dira Planas eta Saiz udaletxean. Gainera, Viuda de Cayo kontserba enpresa ere bisitatu dute.