1976ko irailaren 8an, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko kidearen desagerpena salatzeko mobilizazio bat egin zuten Hondarribian (Gipuzkoa). Bertan zen Josu Zabala Erasun ere, baina ez zen etxera itzuli, guardia zibil batek tiroz hil baitzuen. 50 urte geroago, Espainiako Gobernuak aitortza egin dio Zabalari, aitortuz arrazoi politikoengatik hil zutela. Halere, urrats gehiago egin nahi dituzte, eta auzitegietan da gaia, borondatezko jurisdikzioa aplikatuta.
Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak martxoan jakinarazi zuen Zabalari aitortza egiteko eskaera sorta bat bideratu zuela. Familiarekin hala adostuta, eta CCOO sindikatuarekin eta Hondarribiko Abotsanitz, EAJ eta EH Bilduren babesarekin, eragile hark Madrili eskatu zion Memoria Demokratikorako Legea aplikatzeko, eta Laminaciones de Lesaka enpresako kide zenari «aitorpen eta erreparazio pertsonalerako» adierazpen bat egiteko. Bada, iritsi da erantzuna, eta Espainiako Gobernuak zehaztu du Zabalari «arrazoi politiko eta ideologikoengatik» jazarri zitzaizkiola, eta eskubidea duela «bere memoria pertsonala, familiarra eta kolektiboa aitortzeko eta erreparazio morala lortzeko eta berreskuratzeko».
Auziaren ingurukoak, baina, ez dira horra mugatu. Izan ere, afera auzitara ere eraman zuten eragileek, eta Irungo Auzitegiak borondatezko jurisdikzioari dagokion prozedura judiziala izapidetzea onartu du. Horrek ez luke xede gisa Zabalaren hiltzailea auzipetzea —Enrique Pascual guardia zibila, alegia—, baina bide emango lioke jazotakoen inguruko ziurtagiri judizial bat eskuratzeari; egia judiziala.
Badira, baina, kontrako bidean doazen berriak ere. GEBehatokiak salatu duenez, auziaren inguruko informazioa eskuratzeko asmoz, Ferrolgo Artxibo Militarrera jo zuten, baina erakunde hark «zentsuratutako» dokumentazioa helarazi die. «Artxiboak zeharo itxita daude estatuaren biktimentzat», kritikatu dute. Izan ere, han gordeta dauden dokumentuak borondatezko jurisdikzio prozesuak abiatzeko funtsezkoak badira ere, instantzia hark berdin jokatu ohi du informazioa eskatzen dieten aldiro; besteak beste, zailtasun horiek salatu izan ditu estatuaren biktimak aitortzeko Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordeak ere.
Kasu honetan, GEBehatokiak zehaztu du Zabalaren hilketaren lekuko baten datuak zentsuratuta ageri direla. «Atxiloaldian jasan zituen torturak kontatzen ditu», gehitu du erakundeak, eta nabarmendu du lekukotza hura «oso argigarria» litzatekeela auziarentzat. Horiek horrela, Espainiako Memoria Demokratikorako ministro Angel Victor Torresi eskatu diote irtenbide bat topatu diezaiola egoera «onartezin» horri.
Udalei ere deia
Ez da hori GEBehatokiak egindako eskaera bakarra. Hark Irungo eta Hondarribiko udalei eskatu die —Irunen jaio baitzen Zabala, eta Hondarribian hil baitzuten— Espainiako Gobernuaren ebazpena kontuan hartu eta hilketaren 50. urteurrenean aitortza eta erreparazio ekitaldi bana antolatzeko.
Oraintsu, Irungo Udalak hartu du Zabalarekin zeharka lotuta dagoen beste erabaki bat. Meliton Manzanas Brigada Politiko Sozialeko buruari domina oro kentzeko eskaera bere egin zuen maiatzean, Egiari Zor-ek aurkeztuta mozio bat onartuta. Hain zuzen, Manzanasek Zabalaren aita torturatu zuen.
GEBehatokiak ontzat jo du erabaki hura, baina urrats gehiago espero ditu: «Mozio hori ez dadila lekukotasun hutsean geratu, baizik eta Espainiako Kongresuko eta Senatuko talde politikoek bere egin dezatela, Espainiako Gobernuak dominak kentzea lortu arte». Hala egin du, besteak beste, Antonio Gonzalez Pacheco Billy El Niño-ren kasuan. Horretarako, behatokiak gogoratu duenez, Memoria Demokratikorako legea aplikatu besterik ez da egin behar.
«Haren irudia nahitaez lotuta dago erregimen kriminal baten izenean egin zituen ankerkeriekin», deitoratu dute, eta haren errekonozimenduari eusten dioten erakundeen jarrera kritikatu; hala nola Gasteizko Biktimen Oroimenezko Zentroarena. «Biktimak umiliatzea dakar, eta erakundeetatik haiengana egiten den edozein hurbilketa deslegitimatzen du».