Egiari Zor fundazioaren eskaerarekin bat egin du Irungo Udalak (Gipuzkoa), eta Espainiako Gobernuari eskatuko dio beharrezko tramiteak has ditzala Meliton Manzanas torturatzaile frankistari emandako ohore eta domina guztiak bertan behera uzteko. PP ez beste talde guztiek —PSE-EE, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin— eman dute mozioaren aldeko botoa, Irunen bizi zen eta hiri hartan ETAk hil zuen torturatzaileak diktaduran izandako rola nabarmenduta. Espainiako Brigada Politiko-sozialaren Donostiako burua izan zen Manzanas.
«Diktadura militar frankistako agente nabarmenenetako bat izan zen, bere errepresio metodoengatik. Gutxik bezala hezurmamitu zuen izua Gipuzkoan; batez ere, torturatzaile gisa». Hala deskribatu du Manzanas Pilar Garaialde Egiari Zor-eko eledunak, eta ulertezintzat jo du, curriculum hori izanik, oraindik ere instituzio publikoek emandako hainbat dominaren jabe izatea. Izan ere, haren ustez, domina horiek, beste ezer baino gehiago, irudikatzen dute ezen diktadurak «ohoreak merezi dituzten borreroak» izan zitzakeela. «Intsignia bakoitza bere ibilbidearen legitimazio sinboliko bat da».
Ikusi gehiago
Bi medaila nabarmendu ditu: Polizia Merituaren Ordenaren Gurutze Handia eta Terrorismoaren Biktimen Aitortzarako Gurutze Handia. Lehena, ETAk hil eta gutxira eman zion diktadurak berak. Bigarrena, aldiz, 2002an jaso zuen, Jose Maria Aznar buru zuen Espainiako Gobernuaren partetik.
Garaialderen hitzetan, baina, ez batak ez besteak ez dute lekurik gaur egun. Polizia merituari lotutako domina frankistari dagokionez, zalantza gutxi dago, Garaialderen arabera: «Erregimen frankistak meritu polizial jakin bati emandako domina da, eta meritu hura zen modu basatian torturatzea bere eskuetan erortzen zen edozein». Horregatik, eta Memoria Demokratikorako legea oinarri hartuta, esan du biktimen erreparazioak «exijitzen» duela biktimarioen ohoreak bertan behera uztea; besteak beste, Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño torturatzailearen kasuan egin bezala.
ETAk hil izanagatik 2002an jaso zuen dominaren nondik norakoei ere heldu die Garaialdek. Hura, «moral bikoitzaren gaindia» da diktaduraren eta, zehatzago, torturaren biktimentzat, eta uste du hura ere indargabetzeko adina argudio badaudela. Azaldu du Terrorismoaren Biktimen Aitortza eta Babes Osorako legeak zehazten duela halako domina bat ezin zaiola eman «[Espainiako] Konstituzioaren balioen eta nazioarteko itunetan aitortutako giza eskubideen kontrako jarrerak» izan dituztenei, eta beraz, hari eusteak Manzanasen «ibilbide kriminala» zuritzea dakarrela. Hala, uste du oinarri legalak egon arren «borondate politikoa» falta dela.
Hain zuzen, azken elementu hori izan da mozioa aho batez onartzea galarazi duena, edo argudio hori erabili du, behintzat, PPko Carlota Sanzek. Hark ere uste du 1968an Manzanasi eman zioten domina bertan behera utzi beharko litzatekeela, baina ez du iritzi bera Aznarren gobernuak emandakoaren inguruan, «egitate objektibo bat» delako Manzanas ETAk hil zuela. Hala, argudiatu du domina kentzeak adieraziko lukeela «ETAren kontakizuna» onartzen dutela.
Bestelako iritzia dute gainerako talde guztiek. PSE-EEko eta EAJko ordezkariek ere nabarmendu dute torturatzaile frankista ETAk hil zuela, eta gehitu hori ezin dela bazterrean utzi. «Terrorismoaren biktima izaera aitortzeak ez dakar errepresio aparatu frankistan izandako rola zuritzea, frankismoa gaitzesteak indarkeria terrorista justifikatzera eraman ezin gaituen bezala», esan du Nuria Alzaga sozialistak.
Hortik aurrera, Manzanasek diktaduran zuen rola kritikatzeari ekin diote biek. Nuria Alzaga sozialistaren esanetan, ez da zalantzarik biktimario bat izan zela, «errepresio sistema frankistan» izan zuen rol garrantzitsuagatik. Horiek hala, defendatu du ezin zaiola «inpunitateari lekurik utzi». Gorka Alvarez jeltzaleak, berriz, hala definitu du Manzanas: «Torturatzailea, erregimen frankistaren aurkako oposizioaren zapaltzailea, hiltzailea, giza eskubideen urratzailea eta kriminala».
Bide beretik, Elkarrekin-eko Thania Pazosek argudiatu du halako ohoreek ez dutela lekurik «memorian, elkarbizitzan eta giza eskubideetan aurrera egin nahi duen gizarte batean». Hala, adierazi du, erakundeek duten «ardura etiko eta sinbolikoari» men eginez, beharrezko neurriak hartu behar dituztela hala izan dadin.
«Zor bat»
«Justizia egiteko pauso garrantzitsu bat da», esan du EH Bilduko Gorka Berasategik ere, eta berretsi Manzanasek «tratu txarrak eta tortura sistematikoki» erabiltzen zituela. Berasategik bere egin ditu Egiari Zor-ek emandako argudio legalak, eta gehitu udalaren zeregina dela horiek aplikatzeko presio egitea. Baita hori baino gehiago ere, eta beste kasu bat azalarazi du: irailean 50 urte beteko dira Guardia Zibilak Josu Zabala hil zuenetik, Perturren desagerpena salatzeko protesta batean.
Bi auziek badute lotura, Zabalaren aitaren torturatzaile izan baitzen Manzanas bera. Zabala estatuaren biktima gisa aitortua dago, baina, EH Bilduko ordezkariaren ustez, Irungo Udalak badu «zor bat» harekin: «Udal gobernuari eskatzen diogu lanean hasteko Josuk bere herrian merezi duen aitortza izan dezan».