Espainiako Gobernuak gaurko aldizkari ofizialean argitaratu ditu joan den asteazkenean EAJk eskatutakoetako bi alarma egoera luzatzeko akordioan. Bart gauerdian argitaratu da Espainiako aldizkaria, eta hor jaso du Espainiako Gobernuak lagundu egingo duela autonomia erkidegoetako hauteskundeak egin ahal izan daitezen, eta beharrezkoa egingo duela bozak egiteko posta zerbitzua, funtzionarioak eta bere ardurapeko zerbitzuak prest egoteko.
Hauteskundeak uztailean egin nahi ditu Iñigo Urkulluk. Hasieran, ordea, Espainiako Gobernuak baldintzatu egin zuen, eta esan zuen osasun egoerak modua ematen bazuen egingo zirela. Asteazkenean, berriz, EAJk eta Pedro Sanchezen gobernuak akordioa egin zuten alarma egoera hilaren 24ra arte luzatzeko, eta hiru izan ziren jeltzaleen eskakizunak: hauteskundeak erraztea, erabakiak autonomia erkidegoekin batera hartzea eta Trebiñu Arabarekin batera ateratzea konfinamendutik.
Hiru baldintza horietatik bik isla dute gaur aldizkarian. Erabakimenari dagokionez, Espainiako Gobernuak argitaratu du pertsonen zirkulazioari, pandemiari eusteko neurriei eta ondasunak, zerbitzuak, garraioak eta horniketa ziurtatzeari dagozkionak autonomia erkidegoekin batera aldatu, handitu edo murriztu ditzakeela. Eta, akordioan jasota zegoen lez, "neurri horiek autonomia erkidegoetako presidenteek ezarriko dituzte indarrean"; hori bai, betiere akordioa badago bi administrazioen artean; ez badago, Espainiako Gobernuak izango du erabakimena.
BOEn argitaratu diren bi eskakizun horiez gain, EAJk eskatu zuen, Trebiñuren kasuan bezala, beste autonomia erkidego batek inguratzen dituzten udalerriak erkidego horrekin batera ateratzea konfinamendutik.