Memoria Historikoa

Espainiako Gobernuak frankismoaren biktimen "babesgabetasuna" aitortu du

Espainiako Justizia Ministerioak Europako Parlamentuari bidalitako idatzi batean dio legezko neurriak hartzeko asmoa duela frankismoaren biktimei babesa emateko. Martxoak 3 elkarteak aurrerapauso "txiki" bat dela uste du, baina gobernuaren inkoherentzia salatu du.

Martxoak 3 elkartearen agerraldi bat, joan den otsailean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko irailaren 10a
15:15
Entzun

Espainiako Gobernuak lehenengoz aitortu du frankismoaren biktimen "babesgabetasuna", Europako Parlamentuaren aurrean. Babesik eza "agerikoa" dela ere gaineratu du. Hitz horiek jasotzen ditu Justizia Ministerioak Europako Parlamentuaren Eskari Batzordeari bidalitako erantzunak. Idatzi horretan dio Memoria Historikoaren Zuzendaritza Nagusiak asmoa duela "frankismoaren biktimei legezko babesa emango dien erreformetan aurrera egiteko".

Martxoak 3 frankismoaren biktimen elkarteak eman du Espainiako Gobernuaren erantzunaren berri. Madrilek biktimen babesgabetasuna aitortu izana urrats "txiki" bat dela adierazi dute, baina inkoherentzia leporatu diote gobernuari, oraindik ez duelako neurririk hartu biktimen eskubideak bermatzeko. "Gogoratu beharrekoa da PSOEk 2018ko martxoan —gobernuan sartu baino bi hilabete lehenago— Amnistia Legea moldatzearen kontra bozkatu zuela eta ez duela inolako neurri eraginkorrik ezarri zigorgabetasun egoera amaitzeko".

Horrez gain, elkarteak nabarmendu du Espainiako Gobernuak eragotzi egin duela frankismoaren krimenengatik Argentinan auzipetuta daudenen estradizioa. Salatu dute Espainiak ez duela bete Argentinako Justiziaren nazioarteko atxilotze agindua, eta, ondorioz, bi estatuen arteko Estradiziorako eta Laguntza Judizialerako ituna urratu duela.

Justizia Ministerioak ez du azaldu zergatik ez duen bete Buenos Airesko 1. Epaitegi Kriminalaren atxilotze agindua. Soilik adierazi du Memoria Historikoaren Zuzendaritza Nagusiak ez duela eskumenik judizializatutako auzietan.

Martxoak 3 elkartea Europako Parlamentuan ari da salatzen 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izan ziren gertakarietako biktimen babesgabetasuna, eta, horien bidez, frankismoaren biktima guztiena. 2018ko uztailean elkarteko hainbat kidek agerraldia egin zuten batzordean, azalpenak emateko. Elkarteak Europako Parlamentuari eskatu zion exijitu diezaiola Espainiari zigorgabetasun neurriak indargabetzeko.

Eskari horren harira, Eskari Batzordeak azalpenak eskatu zizkion Espainiako Gobernuari, eta hari emandako erantzunean aitortu du Madrilek frankismoaren biktimen babesgabetasun egoera. Erantzunak 2019ko apirilaren 30eko data du.

Martxoak 3 elkarteak ezinbestekotzat jo du beste behin Europako Batasuneko erakundeek Espainiako Gobernuari exijitzea zigorgabetasun neurriak indargabetu ditzala eta abian jar ditzala biktimen eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren lege erreformak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.