Espainiako Gobernuak garraio publikorako bonu bakarra sortuko duela jakinarazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak: hilean 60 euro ordaindu beharko dute 26 urtetik gorakoek, eta 30 euro 26 urtetik beherakoek. Garraio publikorako bonu bakarra urtarrilaren bigarren hamabostaldian sartuko da indarrean, eta estatuko garraio zerbitzu publikoetan ezarriko da: Renfeko aldiriko trenetan, distantzia ertaineko trenetan eta estaturen mendeko autobusetan. Oraingoz, ez die eragingo AVE Espainiako abiadura handiko trenari eta Avlo trenei.
Hala ere, bonu horretatik kanpo daude Hego Euskal Herriko garraio publiko gehienak, bertako gobernuen, diputazioen eta hiriburuen mende baitaude. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita Renfe ere, Eusko Jaurlaritza arduratzen baita haren kudeaketaz urte hasieratik. Sanchezek tokiko gobernuei eskatu die bonu bakarraren barruan sartzeko haien garraio zerbitzuak. Eusko Jaurlaritzak, diputazioek eta hiriburuetako udalek, ordea, oraindik ez dute zehaztu ea neurria aplikatuko duten eta, indarrean jarriz gero, nola egingo duten.
Espainiako Gobernuko presidenteak eman du beste albiste bat: hurrengo urtea bukatu arte eutsiko diela 2022tik indarrean dauden garraio publikorako beherapenei. Hala ere, Espainiako gobernuburuak ez du zehaztu zenbatekoak izango diren beherapenak.
Eusko Jaurlaritzak urrian iragarri zuen %20ko beherapena ezarriko zuela 2026an Garraio Sailaren menpe dauden garraio publikoko zerbitzuetan. Bizkaian, ordea, garraio publikoko %40ko deskontua otsailaren 20ra arte luzatzea onartu zuen BGP Bizkaiko Garraio Partzuergoak duela bi aste. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak proposatu zuen neurria, eta hirugarren bozketan onartu zuten.