Oroimena

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak biktimen webguneak aldatzeko eskatu die sei udali

Auzitara jotzearekin mehatxatu die.

Denis Itxaso, Memoria Egunaren iazko ekitaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko apirilaren 14a
11:47
Entzun

Giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimei buruzko udal webguneen polemika ez da baretu, eta, orain, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritza ere tartean sartu da. Denis Itxasok zuzentzen duen ordezkaritzak webguneak aldatzeko eta haietatik «ETAren biktimen eta kideen arteko parekatzea» kentzeko eskatu die sei udali.

Galdakao (Bizkaia), Orio, Oiartzun, Hernani, Villabona-Amasa eta Azpeitia (Gipuzkoa) dira sei udalerri horiek; guztietan EH Bilduk du alkatetza. EAJk zuzentzen dituen beste bi udalerritan ere, Erandion (Bizkaia) eta Tolosan (Gipuzkoa), antzeko web orriak daude, baina Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ez ditu bere zerrendan sartu, «horiek desaktibatzeko jarraibideak eman dituztela egiaztatu» duelako.

Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, webgune horietan «ETAko kideak talde terroristak hildakoekin homologatzen dira, eskubideen urraketak jasan zituztela iritzita, eta gatibutza gisa definitzen delako estatu demokratiko eta zuzenbidekoaren auzitegiek ezarritako zigorren ondorioz espetxean egotea». Haren ustez, ezin dira biktimatzat hartu «terrorismoaren aurkako borrokan botere publikoen bidezko jarduketen xede» izan direnak.

Espainiako Gobernuaren iritziz, horrek Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteari buruzko Legea urratzen du. Horregatik, hilabeteko epea eman die sei udalei «ETA talde terroristako kideak, justiziatik ihes egin dutenak edo terrorismo delituagatik zigortutakoak» webguneetatik kentzeko, «baldin eta haien izenak biktima izenekoen artean sartu badituzte».

Hori egin ezean, auzitara jotzearekin mehatxu egin du ordezkaritzak: «Estatuko Abokatutzak behar bezala betetzeko ekintza egokiak abiaraziko ditu».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidente Carlos Iturgaitzi, berriz, gehiegi iruditu zaio hilabeteko epe hori: «Aberrazio hori ezabatzeko, segundo bat baino ez da behar», azaldu du.

Atzo, Aranzadi elkarteak azaldu zuen zer irizpide erabili dituen web orri horiek egiteko. Esan zuenez, Gogora memoriaren institutuak emandako jarraibideak aintzat hartu ditu, bai eta gai honetan erabiltzen diren «nazioarteko estandarrak» ere, eta «adostasun politiko eta sozialetik» abiatzen da: «Aztergaia ez da biktima mota jakin bat biktimagilearen arabera, biktima guztiak baizik, biktimagilea edozein dela ere».

Erandioren eskaera

Erandioko Udalak eskatu dio Aranzadiri desaktiba dezala Erandio oroimena izeneko webgunean gertuko oroimenari dagokion atala. Hori azaldu du Erandioko Kultura zinegotzi Adrian Bustok. Gainerako web orrien eskemari jarraikiz, Erandiokoak ere bi atal ditu: bat oroimen historikoari dagokiona, «1936ko gerran eta gerraosteko testuinguruan, kolpistek eta diktadurak eragindako giza eskubideen urraketak eta errepresioa» jasotzeko; eta beste bat, gertuko oroimenari buruzkoa, «euskal gatazka politikoaren ondorioz giza eskubideen urraketak jasan edo jasaten ari diren pertsonak» biltzen dituena. Web orrian zehazten denez, azken atal horretan «Erandion eta erandioztarrek bizitako motibazio politikoko indarkeriaren beste sufrimendu batzuk» ere agertzen dira.

Gertuko oroimenaren atal horretan, sakabanatzea eta urruntzea pairatu duten euskal presoen izenak ere agertzen dira; adibidez, Maria Victoria Becerra Agirre eta Jose Luis Gallego Iglesias. «Bortizkeria politikoak ondorioztatutako beste gertaera batzuk: espetxe politika eta salbuespenezko legeen aplikazioa» izeneko atalean agertzen dira, haien atxilotzeari eta espetxean emandako denborari buruzko zenbait agirirekin eta prentsan agertutako albisteekin batera.

Bustok esan du behin-behinean erabaki dutela atal hori desaktibatzea, «irizpide berriak jaso bitartean, eta agertzen diren izenak Gogora-rekin eta beste erakunde batzuekin kontrastatu arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.