Azaroaren 29 aurretiko azken ministroen kontseilua erabaki garrantzitsuak hartzeko erabili du Espainiako Gobernuak. Horien bitartez, hogei astera luzatuko dute guraso bakoitzak haur jaioberrien zaintzarako duten baimena —hemeretzi aste dira orain— eta hamar eguneko baimena izango dute hurbileko senide baten heriotza jasan dutenez. Gainera, Pedro Sanchezen gobernuak hainbat neurri onartu ditu emakumeek sare publikoan abortatzeko oztoporik izan ez dezaten, eta luzatu egin ditu garraio publikoaren deskontuak.
Jaiotzagatiko baimena luzatzeko legea ere onartu dute, eta guraso bakoitzak hogei astera arteko baimena hartu ahal izango du haur jaioberrien zaintzarako. Yolanda Diaz Lan ministroak egindako urratsa azpimarratu du, sare sozialen bidez, eta esan du guraso bakoitzak denbora bera edukiko duela haurrak heztea guraso diren guztien «ardura» delako.
Horrez gain, guraso bakarra duten familiek 34 astera arteko baimena izango dute, orain arte baino bi aste gehiago. Diazek gaineratu du ama bakarra izanagatik ezin duela bikote batek baino denbora gutxiago eduki haurrak zaintzeko, eta, horregatik, baimenaren zati bat haurrak 8 urte bete arteko epean hartu ahal izango du.Â
Errege dekretu bat ere aldatu dute, eta hurbileko senide bat hilez gero hamar lanegun hartu ahal izango dira. Gainera, hamar egun horiez gain hiru egun gehiago ere hartu ahal izango dira pertsona hori beste leku batera mugitu beharko balitz.Â
Abortuaren legeari dagokionez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak X sare sozialean zabaldutako mezu batean esan du emakume guztiek abortatzeko eskubidea osasun publikoan eta «modu seguruan» erabili ahal izateko «bermeak» izatea dela helburua. Horren harira, hiru neurri iragarri ditu: batetik, emakumeek egiazko informazioa eta zientifikoa jasoko dutela bermatzea; bestetik, Madrilgo Gobernuak onartutako jaiogabe kontzebituaren legearen kontrako helegite bat aurkeztea Espainiako Konstituzio Auzitegian; eta, azkenik, autonomia erkidego bakoitzean dagoen sarbide-desberdintasunen inguruko txosten bat argitaratzea. Mezuaren amaieran, haurdunaldia eteteko eskubidearen garrantzia aipatu du Sanchezek, eta, batzuek «atzera» egin nahi duten honetan, eskubide gehiago, berme gehiago eta askatasun gehiago behar direla gaineratu du.