Aske antolakundeak «oldarraldiarekin» lotu ditu Bizkaian egindako atxiloketak

Espainiako Poliziak bi lagun atxilotu ditu Munduko Kopako finaleko Bilboko liskarren harira, Muskizen eta Itzubaltzetan. Nahiz eta gaur-gaurkoz ez duen asmorik beste atxiloketarik egiteko, ikertzen dihardu Espainiako Poliziak.

Aske antolakundeak deituta, agerraldia egin dute gaur arratsaldean Muskizen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aske antolakundeak deituta, agerraldia egin dute gaur arratsaldean Muskizen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi - Mikel Garcia Martikorena - Isabel Jaurena
2026ko uztailaren 28a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Poliziak bi lagun atxilotu ditu gauean, gizonezkoen Munduko Kopako finaleko partidaren aurretik egon ziren liskarren harira. Aske antolakundeak zabaldu duenez, Muskizko herritar bat eta Itzubaltzetako (Bizkaia) beste bat atxilotu dituzte. Espainiako Polizia liskarren eguneko bideoak ikertzen ari da, jende gehiago identifikatze aldera, baina oraingoz ez du beste inor atxilotuko.

Horiek horrela, Askek atxilotuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin du arratsaldean Muskizen, kultur etxearen aurrean. Adierazi dutenez, operazioa «espainiar nazionalismoaren oldarraldiarekin» lotu behar da: «Espainiar faxismoaren sektoreek egunak daramatzate, Euskal Herriaren ukazioaren eta asimilazioaren ikurrak plazaratu eta normalizatu nahian ez ezik, honi aurre egiteko mobilizatutako euskaldunen aurka jotzen».

Nabarmendu dute hogei orduz ez zutela atxilotuetako baten berri izan: «Ez non zegoen, ez zergatik atxilotu zuten, ez noiz pasatuko zen epailearen aurretik, ezta noiz utziko zuten aske ere». Atzo jakin zuten herritar horri «lesioak, gorroto delitua eta desordena publikoa» egotzi dizkiotela. Antolakundearen erranetan, atxiloketa liskarren harira izan dela erran badute ere, atzemandakoen militantzia politikoa izan da atxiloketa «eragin» duena: «Izan ere, mobilizazioan parte hartutakoen aurpegiak eta datu pertsonalak zabaltzen ibili dira inpunitate osoz».

Areago: azken egunetan oihartzun handia izan du Espainiako eskuin muturreko zenbait agitatzailek Alain Eiguren gaztearen aurka X sare sozialean abiatutako kanpainak. 16 urteko gazte bat jipoitu izana leporatzen zioten. Horren harira, haren aurkako mezuak asko zabaldu dira sareetan. Gazteak gezurtatu egin du leporatutakoa, eta eskuin muturreko agitatzaile horien aurkako salaketak jarri dituela jakinarazi.

Askek adierazi duenez, mugimendu horien guztien helburua «argia» da: «Alde batetik, asimilazioaren aurkako edozein mugimendu kriminalizatzea eta, bestetik, mugimenduan parte hartzen dutenak kikiltzea eta markatzea, faxistek egunak baitaramatzate jomugak markatzen». Hain zuzen, Askeren erranetan, atxiloketak ez dira «jazarpen gertakari puntualak», «Euskal Herria azpiratuta mantentzeko martxan duten jazarpen estrategiaren» parte dira. «Espainiar instituzio eta sektore erreakzionarioen arteko elkarreragina baliatzen duen jazarpen estrategia, alegia». 

21 atxilotu

Zehazki, hilaren 19ko arratsaldean hainbat borroka eta liskar piztu ziren Bilboko Casilda Iturrizar parkearen inguruan. PPk han jarritako pantailan finala ikustera zihoazenen eta aurretik euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko manifestazioan parte hartu zutenen artean izan ziren liskarrak. Sare sozialetan zenbait borrokaren bideoak zabaldu dira.

Egun hartan, Ertzaintzak 21 lagun identifikatu zituen partidaren aurretik —orain atxilotutakoak ez zeuden tartean—. Egun hartan, pertsona bat ikertu zuten arma zuriz mehatxu egiteagatik, eta beste laurentzako zigor proposamenak egin. Espainiako Poliziak gaur zabaldu duenaren arabera, lesio eta desordena delituak egozten dizkiete bart atxilotu zituzten bi lagunei, baita gorroto delitua ere.

Poliziak ohar bidez jakinarazi duenez, taberna batean zegoen gizon baten aurka oldartu ziren atxilotuak. Campuzano plazaren inguruan izan zen, eta, Espainiako indarrek adierazi dutenez, euskal selekzioaren aldeko manifestariek jo egin zuten «partida hasi bitartean taberna batean zain» zegoen gizon bat: behin lurrean zegoenean, ostikoka hasi omen zitzaizkion. Espainiako Poliziak azpimarratu duenaren arabera, kolpeak hartu zituen herritarrak kutxazain batera ihes egin ahal izan zuen, Ertzaintzak manifestarien aurka egin zuela eta.

Eskumen gatazka dagoela salatu du ZUpiriak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak kazetarien galderei erantzunez hitz egin du atxiloketez. Hura kritiko azaldu da Espainiako Poliziaren jarrerarekin, iritzi baitio indar polizial horrek bere eskumenetatik kanpoko esku hartze bat egin duela. Izan ere, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak egindako hitzarmenen arabera, herritarren segurtasunari eta ordena publikoari dagozkien auziak Ertzaintzaren eskumena dira. «Ertzaintzari, eta Espainiako Poliziari edo Guardia Zibilari dagozkienak Gernikako Estatutuan jasota daude, eta, ondoren, akordio politiko bat ere egin zen 1989an. Hura aplikatzeko beste akordio politiko bat egin zen, indar horietako kideak geratzen zitzaizkien arduren arabera egokitzeko. Eta uste dut atzokoak ardura horiek gainditzen dituela», salatu du sailburuak.

Beste zazpi atxilotu

Bilbokoak ez dira egun hartako istiluen harira atxilotutako lehenak. Beste atxiloketak, baina, Ertzaintzak egin zituen. Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, denera zazpi pertsona atxilotu zituen Gasteizen, Donostian eta Berrizen (Bizkaia).

Atxilotuetako hiru Gasteizen atzeman zituzten, eta, Ertzaintzaren arabera, Espainiako selekzioaren elastikoa jantzita zeramaten batzuei eraso zieten. Bi lagun gorroto erasoak egotzita atxilotu zituzten, eta hirugarrena, berriz, agintaritzaren aurkako atentatuaren delitua leporatuta. Donostiako atxilotuari agintaritzaren aurkako atentatuaren delitua egotzi zion Ertzaintzak, eta beste sei lagun ikerketapean daude Espainiako selekzioaren zaleei mehatxu eta irain egiteagatik.

Berrizko atxiloketa, berriz, finala amaitu eta ia bi ordura izan zen. Ertzaintzaren arabera, Espainiako selekzioaren garaipena ospatzen ari ziren bi lagunen autoaren aurka jo zuen atxilotuak bere ibilgailuarekin. Gainera, Espainiako bandera bat kendu omen zuen biktimen autotik, eta haietako bati min egin zion eskumuturrean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA