Tortura kasuetan Espainiako sistema judizialak giza eskubideak urratzen ditu, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren arabera. Atxilotuak inkomunikatzen dituztenean operazioa agintzen duen epaileak atxilo dagoenarekin zuzenean harremana eduki behar duela dio, eta atxilotuari konfiantzazko abokatuarekin egoteko eskubidea aitortu behar zaiola. Espainiak atxilotuen erregistro fitxak aldatu behar dituela dio, atxilotua non eta noren esku dagoen argi gelditu dadin. Eta tortura salaketak ez direla ondo ikertzen salatu du. Hori guztia eta gehiago esaten du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohi eta BERRIAko zuzendariari arrazoia eman eta haren tortura salaketa ez ikertzeagatik Espainiako Erresuma zigortzeko aterako epaian.
Estrasburgok Espainia zigortu du Otamendiri 24.000 euro ordaintzera —20.000 kalteengatik eta 4.000 auziaren kostuengatik—. Giza Eskubideen Konbentzioko 3. puntua ez betetzea aurpegiratu dio Estrasburgok Espainiari. Artikulu horrek honela dio hitzez hitz: «Inor ezin izango da torturatu, eta inori ezin izango zaio zigor edo tratu anker zein umiliagarririk eman».
Estrasburgok atzo kaleratutako epaiak ez du esaten Otamendi torturatu egin zutenik —ez zegokion hori aztertzea—; baina Espainiako auzitegiek ikerketarik egin ez izana salatu du. Salaketa ez zela «sakon» eta «modu eraginkorrean» ikertu aurpegiratu dio Espainiari, eta jarrera horrekin Egunkaria-ko zuzendari ohiaren oinarrizko giza eskubideak urratu direla. Ez hori bakarrik. Iñigo Iruin abokatuak hiru arlotan ikusten du jauzia Estrasburgok kaleratutako epaian: batetik Espainiako auzitegien jarrera inoiz baino zorrotz eta zehatzago kritikatzen duelako; bigarrenik, «Terrorismoaren kontrako legedi berezia», eta zehazki inkomunikazioa arautzen duen Prozedura Kriminalerako Legearen 527. artikulua salatzen duelako; eta hirugarrenik, CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordearen gomendioak betetzeko eskatu duelako, aurrenekoz.
1. Auzitegiak
Espainiako Auzitegien jarduerari dagokionean, Auzitegi Nazionaleko epaile baten «pasibotasuna» kritikatzen du Estrasburgok, aurreneko aldiaz. Iruinek nabarmendu duenez. «Kritika zorrotza egin dio Juan Del Olmo epaileari». 2003ko otsailaren 20an atxilotu, eta bost egun Guardia Zibilaren esku egon ostean, inkomunikaziotik atera orduko salatu zuen Otamendik tratu hori, Del Olmo epailearen aurrean. Poltsarena egin ziotela, ariketa fisiko etengabeak egin arazi zikiotela, zutik egotera behartu zutela, eta mehatxu eta umiliazioak ere etengabeak zirela salatu zuen, besteak beste. Biluztu egin zutela, eta sexu jarrerari buruzko irainak ere egin zizkiela.
Del Olmo epaileak, ordea, ez zuen ezer ikertu, eta defentsak eskatu bezala, salaketa zegokion auzitegiaren esku uzteari ere uko egin zion. Ondorioz, Otamendik Madrilgo 5. Instrukzio Auzitegira joan behar izan zuen, salaketa jarri eta bidea berriz abiatzeko.
Madrilgo 5. Intrukzio Auzitegiaren jarrera ere salatu egiten du ordea Estrasburgok. Auzia artxibatu aurretik ez zuela ikerketa «sakon eta eraginkorrik» egin aurpegiratu zion. Gainera, Iruinek azpimarratu duenez, lau gauza zehatz kritikatu dizkio auzitegi horri: batetik, auzi-medikuen txostenetan eta haien deklarazioetan bakarrik oinarritu izana; bigarrenik, defentsaren froga eskaerei uko egitea —adibidez, inkomunikazioko aurreneko 3 egunak Otamendiren ziega berean pasatu zituen Fermin Lazkanori deklarazioa hartzea, bera lekuko bakarra izan arren—; hirugarrenik, Otamendiri deklaraziorik ez hartzea, eta Tolosako Auzitegira exhorto bat bidaltzea hark hartu ziezaion — «Otamendi ezagutu ere ez zuen egin!», salatu zuen Iruinek—; eta laugarrenik, guardia zibil bakar bat ere deklaratzera ez deitzea.
2. Lege bereziak
«Legedi antiterroristaren» ikuspegitik ere garrantzitsua da Estrasburgoren epaia, Iruinen arabera. Inkomunikazioko baldintzak aztertu, eta bi gauza zehatz kritikatu ditu. Batetik, aurreneko aldiz dio atxiloketa agintzen duen epaileak atxilotuaren jarraipen zuzena egin behar duela, eta ez dela egokia hori auzi-medikuaren bitartez egitea; «harreman zuzena behar du, aurrez aurrekoa», nabarmendu du abokatuak. Eta bestetik, Iruinen arabera inkomunikazioa arautzen duen Prozedura Kriminalerako legearen 527. artikuluak Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen duela eman du aditzera Estrasburgok, salatu baitu han jasota dauden bi arau okerrak direla—atxilotua non dagoen familiari esan beharrik ez izatea, eta konfiantzako abokatuarekin egotea ukatzea—. Artikulu hori Giza Eskubideen Hitzarmenaren kontra badoa Espainiako Konstituzioaren beraren kontra ere badoala nabarmendu du gainera, Iruinek.
3. CPTren gomendioak
Espainiari CPTren gomendioak gogora ekarri etahaiek betetzeko eskaera eginda ere jauzi garrantzitsua egin du Estrasburgok, Iruinen irudiko —CPTk urteak daramatza Espainiari gomendioak egiten, honek jaramonik egin gabe—. Atxilotua uneoro bideoz grabatzea, familiakoei hura non dagoen jakinaraztea eta auzi-medikuaren bisita izateko eskubidea aitortzea dira gomendio horietako batzuk. Iruinen arabera, ordea, nabarmentzekoak diren beste hiru gomendio «interesgarri» ematen ditu Europak: atxilotuei begiak eta aurpegia estaltzea debekatu behar dela dio, epaileak berak atxilotua fisikoki aztertu behar duela inkomunikazioa luzatu edo ez erabaki aurretik, eta polizien erregistro liburuak aldatu behar direla dio, atxilotuak uneoro non eta norekin dauden jakiteko.
Tortura. Estrasburgoko Auzitegiaren Ebazpena
Espainiaren sistema judiziala salatu du Europak, tortura ez ikertzeagatik
Martxelo Otamendiri egindako torturak ez ikertzea egotzita, Espainia zigortu du Estrasburgoko Giza Eskubideen AuzitegiakKasu zehatz hori kritikatzeaz gain, jarraibide orokorrak zehaztu dizkio Espainiari epaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu