Gehiegizko alokairuak kobratzen aritzea egotzita, hamasei espediente ireki ditu Nafarroako Gobernuak tentsio handiko zenbait eremutan. Eremu horietarako ezarritako indizea gainditzen ari direla eta, gutunak helarazi dizkiete etxe horien jabeei. Iruñean eta Iruñerrian daude hamabi etxebizitza, Nafarroa Erdialdean bi, eta Erriberan beste bi.
Administrazioak hamar eguneko epea eman die etxejabe horiei alokairu kontratua aurkezteko, eta helegiteak aurkezteko modua ere izango dute. Horien bidez gehiegizko errenta zergatik kobratzen duten argi uzten ez badute, espedienteek aurrera jarraituko dute. Hamabost eguneko epea emango diete etxejabeei kontratuak zuzentzeko eta gehiegizko alokairuengatik kobratutako dirua itzultzeko, eta, aldaketa hori egiten ez badute, zigorrak ezartzeko bideak jarriko dira martxan. Isunak 3.000 eta 30.000 euro artekoak izan daitezke.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak egiten dituen ikuskaritzen bidez izan duela urraketa horien berri. Iazko maiatzean izendatu zituzten tentsio handiko eremu herrialdeko 21 udalerri. Herritarren ia %70 bizi dira udalerri horietan. Besteak beste, Iruñea, Tutera eta Burlata daude zerrendan.
Izendapena egin zuenean Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen hiru urteko indarraldia izango duela, 2028ko uztailera arte, hain justu ere. Tarte horretan lortutako emaitzen arabera erabakiko dute epea luzatu edo ez. Errentak mugatzea ez da izendapenaren helburu bakarra. Etxejabe handien erregistroa osatzea da izendapenak udalei emango dien beste eskumenetako bat. Aginduak jasotzen duenez, «jabe handia» izango da hamar etxebizitza edo gehiagoren edo 15.000 metro koadroko azalera duen eremu baten titularra den pertsona fisikoa edo juridikoa, edo bost etxebizitza edo gehiagoren jabea dena.
Alokatutako etxebizitzen kontratuen erregistroa du Nafarroako Gobernuak. Gaur jakinarazi duenez, 23.066 kontratu dituzte erregistratuta gaur egun. Esan du garrantzitsua dela tresna hori tentsio handiko eremuetan errentak izaten ari diren bilakaera zer-nolakoa den aztertzeko. Gogora ekarri du alokairu kontratuak erregistratzea ezinbesteko urratsa dela; kontratua hitzartu eta gehienez ere hilabetera egin beharrekoa da.