Espetxe arloan lan egiten duten taldeek sare bat egin dute arazoa gizarteratzeko

«Orain dauden baliabideekin» lan egiten hastea proposatu du ESENek, zain egon beharrean espetxe politikaren eskuduntzak euskal instituzioen esku noiz geratuko

Martin Iriberri, Carmen Gonzalez eta Miguel Angel Ruiz ESENeko kideak, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Hamasei elkarte dira, den-denak gizartearen bultzadaz sorturikoak, espetxeen arloan lan egiten dutenak eta lehenagotik ere elkar ezagutzen zutenak. Orain beste pauso bat ematea erabaki dute. ESEN Espetxe Sarea Euskadi Nafarroa sarea sortu dute, askatasunik gabeko pertsonen arazoak gizarteratzeko eta horien konponbidean instituzioen parte hartzea bilatzeko. Atzo egin zuten sare berriaren aurkezpena, agerraldi publiko batekin eta horren ostean egin zuten mahai inguru baten bidez.

Sarearen aurkezpen gisa, agiri bat plazaratu dute, egoeraren azterketa, elkarteen proposamenak eta instituzioei egiten dizkieten eskaerak jasotzen dituena. Kezkatuta agertu dira Gipuzkoan espetxe berria eraikiko ote den iragartzen duten informazioekin eta, oro har, kartzeletan jende gehiago sartu ahal izatea helburu duten neurri eta politikekin.

Izan ere, sarea osatzen dutenek ez dute uste presoak itxian sartzea biderik eraginkorrena denik haien gizarteratzea errazteko, eta kezkaz ikusten dute horixe dela joera nagusia.

Gizarteratze zentrorik ez

Horren adierazgarri, urteotan espetxeak bai, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gizarteratze zentrorik ez dela ireki salatu zuen atzo Miguel Angel Ruizek, Arabako Hiesaren Kontrako Batzordeko kide eta ESENeko eledunetako batek. «Bereziki kezkagarria da Bizkaian horrelako zentro bakar bat ere ez egotea», gaineratu zuen.

Espetxe politiken inguruko eskuduntzak oraindik Espainiako Gobernuaren esku daudela argudiatu ohi da arlo horretan neurri eraginkorragoak ez ezartzeko «aitzakia» gisa. ESEN sarea osatzen dutenak eskumen horiek Eusko Jaurlaritzaren esku uztearen aldekoak dira, baina, era berean, «nekatuta» daude argudio hori behin eta berriro entzuteaz, Ruizek adierazi zuenez: «Praktikan, gizarte, hezkuntza, osasungintza eta lan arloetako eskumen guztiak Jaurlaritzaren, diputazioen eta udalen esku daude. Pentsatzen dugu erakunde horiek badutela gaitasuna askatasunik gabe dauden pertsonen beharrak beren gain hartzeko».

Eusko Jaurlaritzari gidaritza hartu eta plan nagusi bat taxutzeko eskatzen dio ESENek, gainerako instituzioetan egiten den lana koordinatu ahal izateko. Garrantzi berezia ematen diote diputazioek egin dezaketen lanari.

Baina, hori guztia egin ahal izateko, programa malguak, pertsona bakoitzaren beharrei egokituak eta, batez ere, baliabidez ondo hornituak behar dira. Programa horien garrantzia aintzat hartu eta beharrezkoak diren baliabideak bideratzeko ere eskatu diete ESEN sarea osatzen duten elkarteek instituzioei.

Era berean, programa horiek doakoak izan beharko lukete, eta irabazi asmorik gabeko gizarte elkarteek kudeatuak, «etekin ekonomikoen menpe egon daitezkeen enpresa edo erakundeak» albo batera utzita.

Txiroak eta eriak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzeletako preso gehienak, %70 inguru, lapurreta eta droga trafikoarekin lotutako delituengatik daude espetxeraturik. Kartzelara sartu baino lehen ere, pobrezian eta gizarte bazterketan bizi izandakoak dira gehienak, heziketa eta lan eskarmentu gutxikoak. Buru gaixotasunak edo droga mendekotasunak pairatzen dituztenak ere ez dira gutxi.

Espetxe politikak ezartzean soslai hori kontuan hartzeko eskatu dute ESENeko kideek. Delinkuentziaren kontra borrokatzeko, arazoaren sustraietara jo eta pobrezia eta gizarte bazterketa amaitzea proposatzen dute. Eta ez ahaztea preso daudenak ere badirela «eskubideak eta duintasuna duten herritarrak» eta «gizartearen partaide», Zubiko elkarteko Carmen Gonzalezek nabarmendu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.