EUSKAL PRESOAK

Espetxe politika aldatzearen aurkako lobby bat dagoela salatu du Foro Sozialak

Foro Sozial Iraunkorrak berak jardunaldi bat antolatu du Madrilen datorren ostegunerako, espetxe politikaren inguruan.

Foro Sozial Iraunkorrak ekainean aurkeztu zuen Motibazio Politikoko Delituengatik Zigortutako Presoei Ezarritako Espetxe Politikaren Behatokia. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2020ko irailaren 21a
11:33
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak kezka adierazi du «presio handiko lobby batek gero eta eragin handiagoa» duelako: «Lobby hau iraganeko logiketan oinarrituta dago, eta gai honetan egin beharreko urratsak baldintzatu nahi ditu, batez ere politika instituzionalean, baina baita ebazpen judizialak edo administratiboak ere». Lobby horrek «eragile politikoak, asoziatiboak, mediatikoak, biktimen sektore antolatuak eta fiskaltzaren eta epaileen sektoreak» biltzen dituela ohartarazi du.

Biktimen elkarte batzuen jarrerarekin ere kezka agertu du foroak, «biktima bakoitzak bere minaz egiten duen kudeaketarekiko erabateko errespetutik, elkarte batzuk interes partikularra eta interes orokorra nahasten ari direlako».

Espetxe politikaren inguruan datorren ostegunean Madrilen egitekoak diren jardunaldi baten berri ematearekin batera ezagutarazi du foroak lobby horren presentzia. Foro Sozial Iraunkorrak, Ezkerreko Abokatuen Foroarekin (FAI) eta Justizia Administrazioaren Letraduen Sindikatuarekin (SISEJ) elkarlanean, espetxe politikari buruzko jardunaldi bat antolatu du Madrilen datorren ostegunerako. Ecoo espazioan egingo dute topaketa, 16:00etatik aurrera, Euskal Herria: espetxe politika berri bat normaltasun berri baterako izenburupean.

Irekiera hitzaldia Antonio Martin Pallin Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu emerituak egingo du. Segidan, Motibazio Politikoko Delituengatik Zigortutako Presoei Ezarritako Espetxe Politikaren Behatokia aurkeztuko du Aitzol Asla Bizkaiko Abokatuen Elkargoko kideak, eta bi mahai inguru egingo dituzte ondoren. Aurrenekoan, Nola igaro salbuespenezko espetxe politika batetik espetxe politika normalizatu batera? galderari erantzungo diote Javier Mirak, Silvina Ribottak, Xabier Etxebarriak eta Amaia Izkok; bigarrenean, berriz, Marta Vicente, Daniel Amelang, Marta Urbano eta Juan Izquierdo ariko dira hizketan Balio demokratikoak eta espetxe sistema espainiarra, aro berri bat izenburupean.

Foro Sozial Iraunkorrak gogorarazi du bere helburuetako bat "Espainiako Estatuan espetxe politikaren aldaketaren aldeko iritzi korronte bat aktibatzea" dela, eta jokaleku horretan antolatu du Madrilgo topaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.