Espetxe politikako oztopoei neurria hartuz

«Espetxe politika berriaren erronkak» mintzagai izan dituzte Bilbon egindako mahai inguru batean. Parte hartzaileek aspaldi honetako urratsak balioetsi dituzte, baina oraindik dauden trabak ere aletu dituzte.

gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Ukaezina da azken hilabeteetan aldaketak egon direla espetxe politikan, presoen leku aldatzeek edo espetxeen kudeaketaren eskumenaren transferentziak erakusten duten bezala. Salbuespen politika batetik espetxe politika berri batera pasatzeko itxaropenak inoiz baino sendoagoak dira, baina, horretarako, nola kendu bidetik oraindik dauden oztopoak? Eta nolakoa izan beharko luke espetxe politika berri horrek?

Estitxu Garai kazetari eta EHUko irakasleak gidatuta, hiru hizlari saiatu dira galdera horiei erantzuten, Sarek eta EHUko Giza Eskubideen masterrak Bilbon antotatutako mahai inguru batean: Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko magistratua, Jose Antonio Martin Pallin Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu emeritua eta Jaime Tapia Eusko Jaurlaritzako Espetxe Erakundeetako aholkularia. Atzo izan zen.

Presoen urruntzeari dagokionez, hiru hizlariek uste dute «urratsak» egin direla, eta esperantza agertu dute prozesu hori azken bururaino eramango dutela. Martin Pallinek esan duenez, euskal presoak Euskal Herrian egoteko eskubidea ez dago hitzez hitz jasota Espainiako legedian, «baina Konstituzioan aipatzen denean espetxe politikak presoen gizarteratzea lortzera zuzenduta egon behar duela, argi dago sustraiturik dauden eremuan egotearen egokitasuna jaso egiten dela». Biurrunek esan du gai horrek Espainian «gero eta polemika gutxiago» sortzen duela, baina ohartarazi du urte askoan «pedagogia gutxi» egin dela horren inguruan: «Urte gehiegi eman dugu logika perbertso batean murgilduta. Segurtasuna lehenetsi da justiziaren eta gizarteratzearen gainetik».

Beste zenbait arlotan, ordea, oraindik bide luzea gelditzen da egiteko. Gaixo handi diren presoen auzian, esaterako, Biurrunek esan du prozesuak «mantso» doazela: «Epaileek txosten mordoa eskatzen dute, badakitelako gai delikatua dela eta batzuetan politikoki erabilia izan dela. Tentuz jokatzen dute; ez dute ibilbide profesionala arriskuan jarri nahi». Gogora ekarri du Ruth Alonso epaileak pairatu behar izan zuen «jazarpena», eta erantsi du horrek ekarri duela epaile askok «larregizko zuhurtziaz» jokatzea. Alonsok kritika gogorrak jaso zituen 2002an preso batzuei baldintzapeko askatasuna emateagatik

Tapiak esan du legean aipatzen den gaixotasun larri eta sendaezina kontzeptua «oso modu murriztailean» interpretatu dutela zenbait epailek: «Bazirudien presoek hiltzear egon behar zutela hori aplikatu ahal izateko». Orobat, «oso gogorra» iritzi dio Espainiako Ziogor Kodeari: «Ez dago delitu larri askorik eta, halere, gure inguruko zigorrik luzeenak aurreikusten dira. Europan hori ez dute ulertzen».

Gradu aldaketak

Antzeko zerbait azaldu dute euskal presoek graduz aldatzeko edo baldintzapeko askatasuna lortzeko dituzten aukerez. Horretan ere, ikuspegia aldatzea proposatu dute. Martin Pallinek esan duenez, «legeak onura batzuk aurreikusten ditu gaizkileen sareak deusezten edo delituak gerta ez daitezen lagundu egiten duten presoentzat, baina ba al dago norbere erakundea desegitea baino laguntza handiagorik?».

Biurrunek «interesgarri» iritzi dio ikuspegi horri, baina «arazoaren sustraietara» jotzea proposatu du: «Kongresuan dagoen gehiengoa baliatuz, Zigor Kodearen atalik makurrenak indargabetzearen aldekoa naiz».

Espetxe onurak lortzeko euskal presoei ezartzen zaizkien baldintza berezien inguruan ere irmo agertu da Biurrun: «Ezin da esan interpretazio hori legez kontrakoa denik. Arazoa arauan dago: horregatik, araua aldatzearen aldekoa naiz».

Espetxeen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren eskuetan egonda, Tapiak uste du badagoela aukera «jokabide humanistagoa eta progresistagoa» ezartzeko, eta zerrendatu ditu aurrerantzean izango dituzten lehentasunak: genero ikuspegia, gurasoak kartzelan dituzten haurrak, preso gaixoak, osasun mentala, lan munduan sartzea eta abar. Biurrunek konfiantza agertu du: «Ziur nago EAEn dauden 1.300 presoen egoerak hobera egingo duela. Horretarako borondate politikoa dagoela uste dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.