Sare Herritarraren arabera, euskal presoen auzia azken fasean sartuta dago. Ez dago argi noiz amaituko den, baina espetxe egoeraren egungo argazkiak erakusten du azken urtean urratsak egiten segitu dutela. Auzi horren harira, 2025. urteak, izatez, ez ditu titulu handiak utzi, baina, aldiz, aproposa izan da aurrez jazotakoen emaitzei erreparatzeko. Izan ere, gobernu aldaketaren ostean, PSE-EEk Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren buru egin duen lehen urte osoa izan da, baita 7/2014 lege organikoaren erreformaren ondorenei erreparatzekoa ere.
2026. urtea iaz baino hogei bat euskal preso gutxiagorekin hasi da. Hala, urtea abiatzean, 120 euskal preso inguru zeuden; horietatik 104 EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak dira. Gehienak Hego Euskal Herriko espetxeetan daude: hiru Basaurin (Bizkaia), 35 Martutenen (Gipuzkoa), 36 Zaballan (Araba) eta hiru Iruñean. Euskal Herritik kanpo geratzen diren bakarrak, berriz, Saioa Sanchez (Roazhon, Bretainia, 755 kilometrora) eta Mikel Karrera dira (Lannemezan, Okzitania, 290 kilometrora). Izan ere, azken hilabeteetan Euskal Herriratu dituzte Lannemezanen ziren beste hiru presoak.
Gainerakoak etxean ari dira euren zigorrak betetzen: 40 inguru daude hala, eta beste bat Leioako gizarte zentro batean. Horietako gehienak hirugarren graduan daude, baina ez dira bakarrak. Hego Euskal Herriko espetxeetan dauden presoen artean, hamar inguru daude gradu berean. Bigarren graduan, berriz, 68 euskal preso daude, ia denak kartzeletan. Baina, horien artean ere badira eguneroko zereginetarako espetxetik ateratzen diren dozena bat, espetxe araudiko 100.2 artikulua aplikatuta. Horrek aukera ematen die hirugarren gradua eskuratu aurretik ere hari dagozkion zenbait ezaugarri baliatzeko; besteak beste, lan egitera atera ahal izateko.
Etxerat elkarteak argitaratutakoen arabera, iaz EPPK-ko zazpi kide atera ziren baldintzapean aske —gaur egun, 29 lagun daude egoera horretan—, eta beste hamar lagunek zigorra osorik bete zuten. 7/2014 lege organikoaren erreformak eragin zuzena izan du bost kasutan. Eskuineko alderdien kexa artean, Espainiako Kongresuan 2024ko urrian onartu zuten Europako Batasuneko zuzentarauetara egokitu eta beste estatu kide batzuetan egindako espetxe urteak kontuan hartzeko aldaketa, eta lehen fruituak iristen hasi ziren iaz: martxoan geratu zen aske Balbino Saenz Olarra, zenbaketa aplikatu zitzaion lehena.
Sare Herritarraren arabera, denera 50 presori baino gehiagori eragin beharko lieke lege aldaketak, eta jada iritsi dira hogei ebazpen bide horretan. Abokatuek banan-banan aurkeztu behar izan dituzte helegiteak, eta, hasieran horiek bidea egitea kosta bazen ere, abiadura biziagoa da orain. Horrek bide eman dio presoek espetxe ibilbidean urratsak egin ahal izateari, hala nola espetxe baimenak eta hirugarren graduak eskuratzeari.
Salbuespenak
Eusko Legebiltzarrerako bozen ostean, Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila sozialisten esku utzi izanak harrabotsa eragin zuen presoen eskubideen aldeko eragileengan, eta Maria Jesus San Jose sailburuaren esanek eta lehen hilabeteetan presoen auzian izandako etenaldiak ez zuten hura arintzen lagundu. Denborak aurrera egin ahala, ordea, egoera onbideratu da, eta eragile berberek begi onez ikusten dute sailaren jarduna, gehiago eskatzen badiote ere. Iaz 22 gradu progresio onartu zituen Eusko Jaurlaritzak, 2024an baino zazpi gutxiago.
Horietatik zazpiri jarri die errekurtsoa Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak. Azkenak azaroan iritsi ziren. Egun berean, Gurutz Agirresarobe, Itziar Alberdi eta Josu Narbaez euskal presoen progresioen kontra jo zuen. Narbaezi dagokionez, hilabete gutxian haren hirugarren graduaren kontra jotzen zuten bigarren aldia zen. Sarek salatu zuen ez zegoela irizpide juridikorik erabaki horien atzean, «erabaki politikoak» zirela. Hala, espetxeetako tratamendu batzordeen eta Justizia Sailaren erabakiak Madrilen, Euskal Herritik «400 kilometrora», indargabetu izana txarretsi zuen. Zehazki, 5/2003 lege organikoak ematen du horretarako modua. Hura onartu zenetik, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren esku dago preso horien espetxe egoeraren gaineko erabaki oro, EAEko eta Nafarroako epaitegien esku egon beharrean.
Halere, erregresioei soilik ez, progresioak emateko abiadurari ere erreparatu diote eragileek. Izan ere, Sareren datuen arabera, 50 preso inguru daude zigorraren hiru laurdenak beteta, eta, horren ondorioz, baldintzapean aske geratzeko moduan. Beste 35 presok dute kondenaren erdia baino gehiago egina, eta, beraz, hirugarren gradua lor dezakete.
Halere, erritmo falta ez da presoek espetxetik ateratzeko duten arazo bakarra. Oraindik ere indarrean da 7/2003 lege organikoa. Jose Maria Aznarren gobernupean jarri zen martxan, eta haren eragin nagusietako bat da gehienezko espetxe zigorra 30 urtetik 40ra igaro izana. Gaur egun, hamasei preso daude 40 urteko espetxealdira zigortuak.
Presoen auziarekin batera, baina, bada konpondu beharreko beste bat ere. Hamalau iheslari eta hiru deportatu daude; urtebete lehenago baino bi iheslari gutxiago dira. Martin San Sebastian iheslaria, baina, urrian hil zen, Venezuelan.