1979KO ESTATUTUA

Espetxeen eskumena ekain eta abendu artean transferitzea adostu dute

Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak "gaurkotu" egin dute estatutuan jaso baina oraindik eskualdatzeke dauden eskumen guztien egutegia.

Darias eta Erkoreka, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
jon olano
2020ko otsailaren 20a
12:54
Entzun

Carolina Darias Espainiako Lurralde Politikarako ministroa eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburua, nor bere taldeek lagunduta, Gasteizen batzartu dira, 1979ko estatutuan jasota dauden baina oraindik Jaurlaritzaren esku ez dauden eskumenen transferentzia gauzatzeko egutegia eguneratzeko.

Batzarraren ostean, 12:20an irten dira Darias eta Erkoreka hedabideen aurrera, Espainiako Gobernuak ezarritako egutegia azaltzeko. Batetik, Dariasek azaldu du martxoaren 16an batzartuko dela Transferentzien Batzorde Mistoa, lehen eskumenak eskualdatzeko: farmaziako produktuei buruzko legedia, eskola asegurua eta enplegua erregulatzeko espedienteen eraginpean dauden langileen erretirorako laguntzak.

Gainerako eskumenei dagokienez, aldeak daude Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 2019ko urtarrilean osatutako egutegiaren eta gaurkoaren artean, alde batetik, lehentasun handiagoa emango diotelako orain espetxeen eskumenaren transferentziari. 2019ko agirian, Madrilek hiru bloketan bereizi zituen transferentziak, eta azkenerako utzi zuen espetxeen eskumenaren eskualdatzea. Orain, bigarren blokean sartu dute: ekainetik aurrera. Apirilaren 5eko hauteskundeen ostean Jaurlaritza berria osatu eta gero, beraz. Horrela, Zaballa, Basauri eta Martuteneko espetxeen kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuko da.

Beste desberdintasun nagusia da oraingo dokumentuan jasota dagoela Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoaren kudeaketari buruzko aipamena ere. Ez zen ageri iazkoan. Halere, hitzez hitz egutegian jaso dutenez, Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoari "lotutako gaiak aztertzen" hasiko dira 2021eko ekainetik abendura bitartean.

Gainerako eskumenei dagokienez, ekainetik aurrera hasiko dira bigarren blokeko eskumenak transferitzen: espetxeenaz gain, ISBN eta ISNN elikatzea, itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, errepideko garraioak... Hirugarren blokea, berriz, datorren urteko urtarriletik ekainera bitartean negoziatuko dute, eta laugarrena, 2021eko ekainetik aurrera; hor jaso dituzte Gizarte Segurantzari buruzkoak. "Kronograma errealista bat" egin nahi izan dutela azaldu du Dariasek.

Batzar "emankorra"

Erkorekak azaldu du batzarra "oso emankorra" izan dela eta "aurrerapauso garrantzitsuak" eman dituztela. "Biok argi ikusten dugu premiazkoa eta lehentasunezkoa dela estatutuaren betetze bideari bultzada ematea". Erkorekak adierazi duenez, "harremanetan aro berri bat" zabaltzen da bi gobernuen artean: "Kronogramak aipamena egiten die eskumen guztiei, termino batzuetan edo besteetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.