Epaileak behin-behinean eta bermerik gabe espetxera bidali du atzo emakume bat bortxatzea leporatuta Iruñean atxilotu zuten gizona. Erasoa larunbatean gertatu zen, goizaldeko 04:45ean, Gaztelugibelean. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko informazio iturrien arabera, Instrukzio Auzitegiko guardiako epaileak utzi egin du kasua, eta Emakumeen Kontrako Indarkeria Auzitegiak hartuko du bere gain.
Mugimendu feministak kontzentrazio batera deitu du gaurko, 21:00etarako, Gazteluko plazan sanferminetan izan diren eraso sexistak salatzeko, eta herritarrak parte hartzera deitu ditu. Iruñeko Udalak bat egin du deialdiarekin.
Iruñeko Udalak, gainera, gaitzetsi egin zuen erasoa adierazpen instituzional baten bidez, eta babesa eta elkartasuna adierazi zizkion emakumeari eta haren ingurukoei. Halaber, berriro berretsi du emakumeen aurkako indarkeria eta jarrera matxista oro arbuiatzen dituela, eta konpromisoa hartu du sexu erasoak desagerrarazteko, segurtasuna hobetzeko eta emakumeen askatasuna bermatzeko lanean jarraitzeko.

