«Presoek zerotik hasi behar dute kartzelatik irtetean». Horrela deskribatu du Egoitz Koto Harrera elkartearen bozeramaileak euskal presoek libre geratzean topatzen duten egoera. Hain zuzen ere, hutsetik abiatzeak espetxean egondakoen bizitzan duen eragina aztertzeko ikerketa bat abiatu du elkarteak, eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiarekin elkarlanean arituko da lan horretan. Zehazki, preso egon direnen zaurgarritasun maila aztertuko dute.
2000. urtetik gaur egunera espetxean bost urte baino gehiago igaro dituzten pertsonak izango dituzte aztergai. Haien egoera ezagutzeko, bakoitzaren bizitokiaren eta diru sarreren inguruko datuak bilduko dituzte, galdetegi baten bidez. Horrela, espetxean egon direnen egungo premiak ezagutuko dituzte, eta zahartzaroan izango dituzten beharrak aurreikusi, Kotok azaldu duenaren arabera.
Baina bigarren urrats bat ere badu lanak. Ikerlanaren emaitzak Euskal Herriko eragile politiko eta sindikalei eta administrazio publikoei aurkeztea, hain zuzen. Izan ere, Harreraren eta GEBehatokiaren aburuz, erakunde publikoen ardura da espetxeratutakoen gizarteratzea bermatzea. Horretarako, azterlanaren emaitzen eta egoerari aurre egiteko proposamenen berri emango diete erakunde horiei. «Udazkenean, ikerketaren ondorioak aurkezten dizkiegunean, ikusiko dugu instituzio publikoen erantzuna zelakoa den», iragarri du Kotok.
Esku artean duen lana ezaguna du Harrera elkarteak. 2012. urtean abiatu zuten haien jarduna: euskal presoei eta erbesteratuei gizarteratzeko laguntza eskaintzea. Kotoren hitzetan, euskal presoek «salbuespenezko espetxe zigorrak jasan» dituzte, gainerako espetxeratuei jarri ez zaizkienak. Hau da, urte askotako zigorrak izan dituzte; sakabanaketa eta urruntzea ere jasan dute, eta denbora luzea eman dute bai bakartuta eta bai lehen graduan. Harrera elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, ezaugarri horiek «are garrantzitsuagoa» bihurtzen dute etxeratze eta gizarteratze prozesuan laguntza jasotzea: «Ez da batere erraza hamarkadak espetxean igaro ostean lana, etxebizitza, lagunak eta osasuna berreskuratzea». Esaterako, iaz 200 pertsona artatu zituen elkarteak, eta, aurten, 82 dira laguntza jaso dutenak.
Etxebizitza eta diru sarrerak
Gainera, Kotok gogora ekarri du preso egondako hainbat pertsonak ez dutela gutxieneko hamabost urteko kotizazioa bete, eta, ondorioz, ez dutela pentsiorik jasotzerik. Era berean, espetxean egon diren askok ez dituzte diru laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen, etxebizitzarik ez duten arren diru sarrerak dituen norbaitekin bizi direlako. Funtsean, beraz, asko dira «inolako oinarri ekonomikorik» ez dutenak, eta haien sostengua bermatzen du Harrerak.
Horregatik funtsatu dute zaurgarritasun mailaren ikerketa bi alor hauetan: etxebizitzan eta diru sarreretan. Kotoren esanetan, «pertsonen errealitatea ezagutzeko beharrezkoak» baitira.
GEBehatokiak ere egin ditu euskal presoen inguruko azterlanak. Zigor gogorrak bete ondoren aske geratutakoek izaten dituzten zailtasunak aztergai izan zituen, eta horren inguruko txosten bat argitaratu zuten iaz, Harreraren datuekin osatuta. Urte bereko irailean, GEBehatokiak egindako lana aintzat hartu zuen Nazio Batuen Erakundeak, Genevan (Suitza) egin zuen bilkuran. Espetxeratuta daudenen eskubideei eta gizarteratzeari buruzko txosten zabalago batean jaso zuten lan hori.
«Ez da batere erraza hamarkadak espetxean igaro ostean, lana, etxebizitza, lagunak eta osasuna berreskuratzea»
EGOITZ KOTO Harrera elkarteko bozeramailea
Iratxe Urizar GEBehatokiko kideak gogora ekarri du txostenean nabarmendu zutela aske geratu ondoren presoek laguntza «eskasa» jasotzen dutela erakundeen aldetik. «Agerian utzi genuen [Espainiako] Estatuak nazioarteko betebeharrak zenbateraino ez dituen betetzen».
Urte amaieran, NBEren goi komisarioak bere txostenean esan zuen presoen gizarteratzearen ardura erakunde publikoena dela. Urizar administrazio publikoei mintzatu zaie gaurkoan, nazioarteko adierazpen hori gogoan: «Erakundeek askatasuna berreskuratzen dutenen premiei erantzuna emateko politikak jarri behar dituzte martxan, eta hori ez da karitate ekintza bat». GEBehatokiko kideak Harrera elkartearen lana ere goraipatu du, baina nabarmendu du jardun horrek ez duela «ordezkatzen administrazio publikoek pertsona horiekiko duten betebeharra».