Nafarroako Kutxaren auzia. Joxerra Senar. Kazetaria

«Estatuari ez zaio komeni CANekin zer gertatu den ikertzea»

Nafarroako Kutxaren desagertzearen arrazoiak ikertu ditu bere lehen liburuan Joxerra Senar kazetariak. Diktadura garaian eta ondoren CAN Nafarroako elite ekonomiko eta politikoaren tresna izan dela dio.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2015eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Kudeaketan jarri du azpimarra. Baina Nafarroako Kutxaren desagertzea hainbat faktoreren emaitza dela uste du Joxerra Senarrek (Donostia, 1976). CAN: Eta hemen ez da ezer gertatu (Pamiela) bere lehen liburua aurkeztuko du gaur BERRIAko kazetariak Iruñeko Katakrak kultur gunean, 11:00etan.

Izenburuan bertan diozu UPNko eta PSNko agintariek presa dutela, laster pasatu nahi dutela orrialdea. Zergatik?

CAN oso erakunde garrantzitsua izan da Nafarroan agindu duten alderdientzat, eta orain ematen du hura galduta ez dela ezer gertatu. Jarrera hori beraien erantzukizuna saihesteko asmo argi baten ondorio da. Beraien gestioaren gaineko erantzukizunik ez dute hartu nahi, eta kanpo faktoreekin lotzen dute gertatutakoa. Baina Kontuz elkartearen lanak, zenbait kazetari eta komunikabiderenak eta gizartearen presioak behartu ditu azalpenak ematera.

«Erregimenean» sortzen ari diren pitzadurek eta UPNren barne gatazkek zerikusia dute?

Ez. CANi dagokionez behintzat nahikoa lotuta daukate egon zirenen arteko ezinikusiak azalera ez daitezen. Era batera edo bestera, erosi egin dute haien isiltasuna.

Zer esan nahi du Nafarroarentzat CAN desagertu izanak?

Nafarroako lehenengo erakundea zen finantzen arloan. Erreminta bat zen bertako ekonomia bultzatzeko, eta helburu sozial bat ere bazuen, nahiz eta denborarekin lausotuz joan zen.

Baina enpresa eta proiektu guztiak ez zituen berdin laguntzen. Zergatik?

Nafarroako elite ekonomiko eta politikoen bankua izan da CAN, eta horien interesei erantzun die bereziki. Nafarroako Kutxa beti egon da Nafarroako Gobernuaren inbertsio nagusietan. Eta, horrez gain, eraikuntza enpresa jakin batzuetan, modu berezi batean; arriskuak edo finantzaketa bere gain hartuz eta errentagarritasuna partekatuz.

Zabala da ustezko erantzuleen zerrenda: nor jarriko zenuke izozmendiaren puntan?

Puntaren puntan jarriko nuke Miguel Sanz, berak oso ondo sinbolizatzen duelako botere politikoa eta botere ekonomikoanola uztartu diren. Baina beste batzuk ere azpimarratuko nituzke: Enrique Goñi zuzendaria eta haren lantalde guztia. Eta administrazio kontseilutik: Jose Antonio Asiain, Gabriel Urralbururen gobernuko [PSN] presidenteordea; Jose Antonio Sarria enpresaburuen elkarteko burua; Luis Colina Diario de Navarra-ko kontseilari taldekoa; Ricardo Marti Fluxa, Jaime Mayor Oreja Espainiako Barne ministro zela Segurtasun idazkari izandakoa; Yolanda Barcina...

Abiapuntua Franco hil osteko lehen hilabeteetan jarri duzu.

1921ean sortu zen kutxa, Hego Euskal Herriko beste kutxen modura; eta ez zuen ezer berezirik. Baina azken berrogei urteetan ez du berdin funtzionatu. Zergatik? Forudun izaera eman zitzaiolako Franco hil eta hiru hilabetera. Horrek esan nahi du haren estatutuak negoziatzen direla Espainiako Ekonomia Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren artean; beste kutxetan ez bezala. Aldaketa horrek gerora ekarri du unean uneko botereek kontrolatzea. Funtsean, diktaduran kontrolatu zutenek nahi zuten ondoren ere berdin jarraitzea.

Kutxan, beraz, ez da Nafarroako gizartea ordezkatuta egon.

Ez. Sinetsarazi nahi zuten beste kutxekiko autonomia zuela, baina autonomia hori ez zen erabili demokratizazioan sakontzeko, anitzagoa izateko. Ez zioten gizartearen ordezkaritzari aterik irekitzen.

Abertzaleen beldur?

Beste kutxen modura antolatu izan balitz, abertzaleek Nafarroan duten pisua islatuko zen kutxan, baina kontrola beti egon da unean uneko gobernuaren esku. Azken 25 urteetan, UPNk eta, aurretik, PSNk kontrolatu dute nor sartzen zen kontseiluan, eta nahi izan dute alderdi abertzalerik ez egotea, ezker abertzalea bereziki.

CAN eta agintari politikoak. Noren zerbitzura egon da nor?

Hirugarren bat sartu behar da ekuazio horretan: enpresaburuak —eta, neurri batean, sindikatu batzuk ere—. Enpresaburu horien zerbitzura egon da CAN, eta politikariak kutxaren zerbitzura.

Eta nork kontrolatu du nor? Gobernuari zegokion, legez.

Bai, baina ez du egin. Eta aitortu du hala izan dela. Barruan zeuden kontrol mekanismoek ere ez zuten benetako autonomiarik.

Dieten auziak zer betekizun izan du horretan guztian?

Mekanismo bat izan da barne kontrola saihesteko. Neurri batean, kontrol hori egiteko ordaintzen ziren dietak, eta justu kontrakoa gertatu da. Bileretako aktetan inork ez du kezkarik azaltzen. Eroskeria moduko bat ziren dietak. Ziurrenik, ez dira delitua izango, baina hor badago ustelkeria moral moduko bat.

Eta non geratu da Espainiako Bankuaren kontrola?

Aurrezki kutxekin gehiegikeria asko gertatu dira, eta horien artean beste bat da CAN. Horren guztiaren kontra eta etxebizitza burbuilaren kontra Espainiako Bankuak ez du ezer egin. Erakundeko agintariek, zeren eta badaude bertako langileek eginiko hainbat txosten gauza horietaz guztietaz ohartarazi zutenak.

Fiskaltzak ere ezar dezake kontrola. Nola baloratzen duzu Nafarroakoak eginiko lana?

Ez du ezer egin. Boterearen zerbitzura egon da. Javier Muñoz fiskalburuak kargua utzi zuenean esan zuen Nafarroan ez zela ustelkeria kasurik egon Urralbururen garaitik. Horrelako adierazpenak egiteko, edo autokonplazentzian erori zara edo benetan ikertu duzu. Eta gizon horrek ez zuen ezer ikertu. Eta fiskal batek ditu baliabideak irregulartasunak ikertzeko. Berak ez badu egiten...

Gauza bera esango zenuke Maria Paz Benito Iruñeko instrukzio epaileari buruz?

Ez. Sekulako instrukzio zorrotza egin zuen dieten auzian. Bikain egin zuen bere lana, baina oso tristea izan zen amaiera. Barcina inputatzeko urratsa egin zuen, eta, hura foruduna denez, Auzitegi Gorenak hartu zuen auzia. Hark errazena egin zuen: artxibatu.

Atzean arrazoi politikoak daudela esan nahi duzu?

Horrelako erabakiak beti oinarritzen dira arrazoi juridikoetan, baina zuzeneko iturri baten bitartez jakin dut Maria Paz Benito epaileak presio politikoak jasan zituela, eta Gorenak ere, bere neurrian, nahiago izan zuela Nafarroa lasai utzi eta krisi politikorik ez eragin. Azkenean, Nafarroa estatu auzia delako.

Auzitegi Nazionalean ate bat ireki da. Horrekin ere mesfidati?

Ikusteko dago. Baina zalantzak dauzkat sakon ikertzera iritsiko ote diren. Susmoa daukat botere judizialari ere ez zaiola interesatzen aurrezki kutxen zauria berriz irekitzea. Nik uste dut pisu handiagoa duela gauzak dauden moduan uzteak, ikertzen aritzetik estatuarentzat arriskutsuak izan daitezkeen gauzak ateratzeak baino. Estatuari ez zaio komeni CANen zer gertatu den ikertzea. Kazetari moduan, adibidez, iristen zara puntu batera non ezin duzun aurrera egin. Auzian inplikatutakoak ari dira informazioa ukatzen, eta jarrera horrek erakusten du lardaskeria, baina, era berean, beldurra egia jakiteari. Horri heldu behar zaio. Orain ezin bada, datorren legealdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.