Estatutua «hilda» dagoela agerian utzi du negoziazioak, EAren ustez

Eusko Alkartasunak politika aktiboen eskumenarekin «salerosketan» ibiltzea leporatu die EAJri eta PSOEri. Espainiako aurrekontuen babesa negoziatu beharra duela gogoratu dio EAJk Zapaterori

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Gernikako Estatutuaren bidea «agortua eta hilda» dagoela agerian utzi du enplegu politika aktiboen eskumenaren negoziazioak, Eusko Alkartasunaren aburuz. Autogobernuan eta herrien erabaki eskubidean aurrerapausoak emateko ez du balio itun horrek, eta hargatik «akats larria» da EAJk Estatutuaren eta autonomismoaren bidera itzuli izana.

Pello Urizar eta Rafa Larreina EAko buruzagiek kritika zorrotzak egin dizkiote EAJk eta PSOEk enplegu politika aktiboak eskualdatzeko egindako negoziazioari. Gasteizko Alkartetxean egindako agerraldian salatu dutenez, Lege Organiko batean jasota dauden eskubideekin «salerosketan» ibili dira bi alderdi horiek, Espainiako Gobernuko aurrekontuei babesa ematearen truke lortu delako transferentzia EAEra eramatea. Euskal gizartearekiko «errespetu falta» leporatu diete EAJri eta PSOEri, egoera politikoaren menpe lortu delako Estatutuan jasota dagoen eskumena.

EAko idazkari nagusiak azpimarratu duenez,euskal herritarrenbenetako interesak defendatzeko tresnak «autogobernuan sakonduta» lortuko dira, eta ez Estatutuaren bidetik.«Burujabetza da Euskal Herriak Europan tokia izateko bidea», haren esanetan. Hargatik uste du jeltzaleak «oker» dabiltzala Estatutura mugatzen baldin badira. Areago, EAko buruak ez du uste EAJkerabaki eskubidearen aldeko proposamenik mahai gainean jarriko duenik Espainiako aurrekontuak negoziatzerakoan.

Edonola ere, enplegu politika aktiboen transferentzia eskuratzeko lortutako akordioa «hanka-motz» geratu dela uste du EAk, politika pasiboak ez direlako eskualdatuko. Politika pasiboak negoziazioetatik at geratu izana albiste txarra da EArentzat, enplegua kudeatzeko «tresna guztiak» eskuratzea ezinbestekoa delako. Izan ere, eskumenak baino garrantzi handiagoa dauka kudeaketak, Larreinaren ustez. Hala, lan politiken kudeaketa aurrera eramateko Euskal Herriko gehiengo sindikalaren aldarrikapenak aintzat hartzeko eskatu dio Patxi Lopez lehendakariari. Besteak beste, lanharremanetarako esparru propioaren alde lan egiteko galdegin dio lehendakariari.

Larreinaren ustez, lortutako akordioa ezin da garaipen handitzat hartu, Estatutuak jasotakoa bete baino ez delako egin. Gainera, ukatu egin du eskumen hori eskuratzeak EAErentzat «abantaila eta salbuespena» dela.

Aurrekontuak, negoziatzeke

Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ere hizpide izan du akordioa. Haren esanetan, politika aktiboen eskuduntzaren akordioak ez du bermatzen EAJk Espainiako Gobernuaren aurrekontuen aldeko botoa ematea. Jeltzaleen babesa negoziatu beharra dagoela ohartarazi dio Zapaterori. Negoziazio fase berria hasiko da orain eta EAJk «Euskadiren interesak» mahai gainean jarriko ditu berriro,azaldu duenez. Borondate politikoa egonez gero, akordioalortu daitekeela esan du.

Gainera, Ortuzarrek esan du Gizarte Segurantzaren kutxa apurtzeak ez duela kezkatzen, besteak beste, legedian ez dagoelako halako kontzepturik. Estatutuabete dadila da jeltzaleen ardura bakarra, Ortuzarren esanetan. Eusko Jaurlaritzak negoziazioan izan duen lidergo eza azpimarratu du, eta Espainiako Gobernuaren jarrerak defendatzea leporatu dio Lopezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.