Bigarren aldiz aurkeztu du EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien aurrekontuak batera negoziatzeko proposamena, eta, iaz bezala, aurten ere ez dirudi EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuek hari bide emango diotenik, Aitor Esteban jeltzaleen buruaren esanetan «zarata» egitea baita koalizio subiranistaren asmoa: «Eurek ederki dakite mundu guztiarekin erakundez erakunde joango garela hitz egiten, oinarri batetik hasita: EAJren eta PSEren arteko akordioa».
Ikusi gehiago
Aurten, Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei ez ezik, udalerri nagusiei zuzendutako neurriak ere bildu ditu koalizio subiranistak aurrekontu proposamen bateratuan. Eta arlo bakar bat ardatz hartuta egin du: etxebizitza. EAJk, baina, ez du gustuko ez bata —proposamen bateratua— ez bestea —gai bakarrera mugatzea—, ezta eurei dokumentua publiko egin baino bi ordu lehenago helarazi izana ere.
Hala, Onda Vasca irratian, Estebanek aurreratu du ez dutela aurrekontuak negoziatzeko moldea aldatzeko asmorik, eta horien inguruko elkarrizketak dagokien erakundeetan egitea defendatu du. Azaldu duenez, gobernu horiek osatzen dituzten bi alderdien arteko adostasunetik abiatuta, «batu eta ekarpenak egin» nahi dituztenekin itunak ixtea da euren asmoa.
Etxebizitzaren arazoa hizpide hartuta, berriz, Estebanek adierazi du EAJ kontziente dela arlo horretan dauden arazoez, batez ere, gazteen artean. Ez du bat egin, baina, EH Bilduren planteamenduekin. Haren esanetan, «proiektu huts bat» aurkeztu dute, eta defendatu du halako «iragarpen eta plan handien» ordez egungo egoeran «neurri zehatzak» behar direla.
Hala, EBBko presidenteak aukera baliatu du Espainiako Etxebizitza Legea kritikatzeko: «EH Bilduk alde bozkatu zuen, baina agerian geratzen ari da hutsala dela, alokairuak eta prezioak goraka doaz eta». Horren ordez, Eusko Jaurlaritza egiten ari den lana nabarmendu du, «pizgarri fiskalak, etxebizitzak erosteko bermeak eta gazteek sarbidea izateko laguntzak» ematen ari baita. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Noel D'Anjouk asteartean aurkeztuko du 2026rako aurrekontu proposamena.
«Lege berri baterako proposamena ere hor dago, etxebizitzak eraikitzeko epeak bizkortu, alokairua erraztu eta lur poltsa handi bat osatu daitezen», gehitu du jeltzaleak, EAJk eta PSE-EEk sustatutako lege proposamenari erreferentzia eginda. Hain zuzen, EH Bilduri eskatu dio, etxebizitzaren arazoari aurre egin nahi badio, proposamen hori babesteko. «Eurek planteatzen dutena oso orokorra da; zergak igotzea eta kenkariak kentzea proposatzen dute».
Funts baten zentzua
Ez da iritzi berekoa EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen eledun Pello Otxandiano. Sare sozialen bidez, proposamenaren «bideragarritasuna» defendatu du hark, etxebizitzaren auziari erantzun bat emateko balioko duelakoan: «Posible da hamar urteko epean egiturazko erantzun bat ematea arazo honi. Horretarako, beharrezkoa da politika publiko anbiziotsu bat, sektore publikoaren interbentzio garrantzitsu baten bidez egingo dena».
Neurri sorta horren bidez, koalizioak xede du etxebizitzarako diru sailak urtez urte %15 handituz joatea, eta horretarako tresna nagusietako bat da etxebizitza publikoak sustatzeko funts sozial bat eratzea. Hark 3.000 milioi euroko inbertsioa egiteko gaitasuna izan beharko luke, koalizioaren arabera, eta horretarako Eusko Jaurlaritzak mila milioi euroko zorpetzea ahalbidetu beharko luke. «Oraintsu zorpetzera jo da mila milioi euro politika industrialean erabiltzeko. Uste dugu berdin jokatu behar dela etxebizitza politikan ere», defendatu du Otxandianok.
Estebanek, baina, baztertu egin du halako funts publiko-pribatu bat eratzea. Haren esanetan, «ez du zentzurik» etxebizitza babesturako eta alokairurako soilik erabiliko litzatekeen funts batek 3.000 milioi euro inbertitzeko gaitasuna izatea.