Proposamenak ezagunak ziren. Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak jada aurreratu eta zehaztu zituen. Baina EAJk eta PSE-EEk agerraldi bat egin nahi izan dute gaur Eusko Legebiltzarrean, etxebizitza, lurzoru eta hirigintza arloko premiazko neurriei buruzko lege proposamen bat aurkezteko. Atentzioa eman du Aitor Esteban EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidentea eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia elkarrekin agertzeak. Gaiari, proposamenari eta bi alderdien batasunari garrantzia eman nahi izan diote. Immigrazioari buruzko eztabaidak alde batera utzi eta batasun irudia eman dute bi alderdiek.
Itxasok 2025-2027ko Etxebizitza Gida Plana aurkeztu zuen gaur zortzi, eta, orduan azpimarratu legez, gaur aurkeztutako lege proposamenak etxebizitzak eraikitzeko lurzoru erreserba bat osatzea aurreikusten du. Gainera, erreserba horretan eraikiko diren etxebizitzen tipologia eta tipologia bakoitzeko etxebizitza kopurua udalen esku jarri nahi ditu; hau da, udal bakoitzak askatasuna izatea erabakitzeko zenbat etxebizitza babestu eraikiko dituen, adibidez. Horrek «eskaintza zabaltzeko» eta «etxebizitza babestu gehiago eta etxebizitza libre gehiago prezio merkeagoan izateko irtenbideak emango» dituela esan du Estebanek.
«Euskadin etxebizitza eskubide bat izatea nahi dugu, eta ez luxu bat. Lege hau pauso garrantzitsua da bide horretan»
ENEKO ANDUEZAPSE-EEko idazkari nagusia
Gainera, prozesu administratiboak laburtzeko eta etxebizitza turistiko gehiago egitea eteteko mekanismoak proposatu dituzte jeltzaleek eta sozialistek. Bi alderdietako buruek nabarmendu dutenez, lege proposamenak aurreikusten dituen neurri guztien helburua «etxebizitza gehiago» eta «prezio hobean» izatea da. Horren harira, Anduezak nabarmendu du «galtzen ari dela» kalitatezko etxebizitza izateko eskubidea: «Euskadin etxebizitza eskubide bat izatea nahi dugu, eta ez luxu bat. Lege hau pauso garrantzitsua da bide horretan. Proposamenak irmo eta presaz heltzen dio Euskadik aurre egin beharreko erronka nagusietako bati: etxebizitza duina eta eskuragarria eskuratzeko aukera».
Premiazko neurriak dira, eta premiazko prozeduraren bidez onartu nahi dituzte. Ez dute eragozpenik izango, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baitute Eusko Legebiltzarrean. Ekainean bertan hasi nahi dituzte eztabaidak, eta urte amaierarako onartu nahi dituzte aldaketak.
Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren egungo egoerari aurre egiteko plana indarrean sartu ahal izateko, lege proposamenak sei lege aldatzea aurreikusten du: Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legea, eta Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legea.
«Gure lege batzuk ez dira behar bezain malguak, eta askotan blokeatu egiten dute etxebizitza publiko zein pribatuak eraikitzea»
AITOR ESTEBANEAJko EBBko presidentea
Estebanek sei lege horiek aldatzea babestu du, esanez egun indarrean dagoen legediak «blokeatu» egiten dituela etxebizitzaren krisiari aurre egiteko tresnak: «Gure lege batzuk ez dira behar bezain malguak, eta askotan blokeatu egiten dute etxebizitza publiko zein pribatuak eraikitzea». Lege horiek guztiak EAJ gobernuan zegoela sartu ziren indarrean.
Aldaketen artean nabarmentzekoa da, besteak beste, etxebizitza berriak eraikitzerakoan babestutako etxebizitzen ehunekoa murriztea: orain arte, gutxienez %75ek babestutako etxebizitzak izan behar zuten; bada, lege proposamena onartuz gero, gutxieneko kopuru hori hamabost puntu apalduko litzateke, %60raino. Zergatik? Itxasoren, EAJren eta PSE-EEren esanetan, babestutako etxeak %75 izanda sustatzaileentzat ez delako hain erakargarria etxeak eraikitzea, eta %60ra apalduz gero haientzat errentagarriagoa izango delako etxeak egitea.
Gobernu koalizioa osatzen duten bi alderdiek esan dute hainbat faktore kontuan izan dituztela lege proposamena idaztean, hala nola «bilakaera demografikoa», «familia egituren eraldaketa» eta «etxebizitza ekoizpenaren beherakada». Are gehiago, testuan jaso dutenez, migrazio saldoa eta aurreikus daitekeena «laukoiztu» egin da. Horri egungo gizarteak duela hogei urtekoarekin alderatuta dituen ezberdintasunak gehitu behar zaizkio. Hortaz, «bizitegi parkea handitu eta berregituratu behar da».
«Atzerapauso historikoa»
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak datozen hiru urteei begirako etxebizitza plana aurkeztu zuenean gertatu legez, gaur ere EH Bilduk PSE-EEren eta EAJren plana kritikatu du. EH Bilduko programa idazkari eta Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Nerea Kortajarenak ETB1en adierazi duenez, gobernuko bi alderdiek aurkeztutako lege proposamena «atzerapauso historikoa» da.
Iragan asteko ildo beretik jo du gaur ere Kortajarenak; haren ustez, sozialistek eta jeltzaleek proposatutako neurriek «etxebizitzarekin negozioa egin nahi dutenei soilik» egiten die mesede. «Babes ofizialeko etxebizitzen erreserba murriztu nahi dute. Ez digute azaldu zergatik aldatu behar den azken hogei urteetan aplikatu den erreserba hori. Dirudienez, sustatzaileek ez dutelako nahikoa irabazten», gaitzetsi du Kortajarenak.
«Urte hauetan ez da etxebizitza politikarik egin, eta horren ondorioak jasaten ari gara gaur egun: merkatua kontrolik gabe dago guztiz»
NEREA KORTAJARENAEH Bilduko programa idazkaria
Bestalde, EH Bilduko bozeramaileak gogora ekarri du azken lau hamarkadetan PSE-EEk edota EAJk gobernatu dutela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta haiek bultzatutakoak izan direla gaur egun indarrean dauden etxebizitza politikak: «Urte hauetan ez da etxebizitza politikarik egin, eta horren ondorioak jasaten ari gara gaur egun: merkatua kontrolik gabe dago guztiz, 85.000 pertsona Etxebiden izena emanda, eta Europako emantzipazio tasarik baxuena dugu». Horiek horrela, «beste bide bat» hartzeko garaia heldu dela uste du.