EAJ eta PPren arteko harremanak ez daude bere onenean. Hori berretsi du berriz ere Aitor Esteban EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak TVE1n egin dioten elkarrizketan. Oso larritzat eta onartezintzat jo du Javier de Andres PPren Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteak atzo EAJ ustelkeria kasuekin lotu izana: «Halako politikagintza ez dugu sekula Euskadin ikusi; ez dugu onartuko probarik barik eta gezurren bidez herritarrei iruzur egiten saiatzea». Gehitu du ez dutela inolako presiorik onartuko.
Izan ere, De Andresek EAJ lotu zuen Arbizuko (Nafarroa) ikastetxe publikoaren eraikuntzaren adjudikazioarekin. Administrazio prozedura horren dokumentazio guztia Nafarroako Kontuen Ganberan dago. Berariaz eratu den Batzordean ikertuko da Nafarroako Parlamentuan, eta parlamentuko taldeentzat egongo da eskuragarri. Azaldu duenez, horretan egiazta daiteke prozesu osoa «administrazioak exijitzen dituen baldintzak betez» egin dela. «Kasua guztiz garbia da, ez dago inolako akatsik», esan du.
Ez du aterik itxi, halere. «Haiek –PPkoek– badute nire telefonoa eta nik ere bai haiena, baina gauza bat argi esango dut: ez dugu presiorik onartuko ez alde batetik, ez bestetik». Eta zera gehitu du: «Erabakiak hartuko ditugu herritarrek eta gure hautesleek eskatuko digutenarekin ados, gure kode etikoa betez».
Modu horretan egin die erreferentzia Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari eta Cerdan auziari buruzko azalpenei. Uztailaren 9an eskatu zuen Sanchezek berak agerraldia, eta haren zain geratuko direla esan du Estebanek, erabakiren bat hartzerako. «Gure ustetan, ez da nahikoa barkamena eskatzea. Argi utzi beharko litzateke Cerdan-Abalos-Koldo triangelua hor amaitzen dela, eta komenigarria litzateke kontakizun argia egitea Abalos gobernutik atera ondoren gertatu zen guztia azaltzeko». Gaineratu du EAJk egoerari buruz duen ikuspuntua azalduko duela entzun ostean.