EH Bilduko Irati Jimenez izango da ikerketa batzordeko buruzagia

UPNko Pedro Gonzalez izango da batzordeko mahaiko lehendakariordea, eta Geroa Baiko Blanca Regulez idazkaria. Irati Jimenezek espero du talde guztiek «bere onena» ematea.

(ID_15110231) ESPAÑA CASO KOLDO
Irati Jimenez EH Bilduko parlamentaria, batzordeko lehendakari kargua sinatzeko orduan. IÑAKI PORTO / EFE
joxerra senar
Iruñea
2025eko uztailaren 3a
10:33
Entzun 00:00:0000:00:00

Azkenik, abian da azken lau legealdietan Nafarroako Gobernuak egindako eta finantzatutako herri lanak ikertzeko batzordea. Haren helburua da argitzea irregulartasunik egon ote den Cerdan auzian aipatu diren enpresei adjudikatutako lanetan. Lehen saioan, batzordea gidatuko duen mahaiko kideak izendatu dituzte: EH Bilduko Irati Jimenez izango da burua.

Bozketan, Jimenezen hautagaitzak PSNren eta EH Bilduren hogei botoak bildu ditu. UPNk, PPk eta Voxek Pedro Gonzalezen alde egin dute, eta UPNko parlamentaria izango da, hortaz, mahaiko lehendakariorde. Mahaiko idazkaria, berriz, Geroa Baiko Blanca Regulez izango da —haren alde egin dute Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak—.

«Espero dut lan zorrotza, zintzoa eta arduratsua egingo dutela, herritarrek Nafarroako erakundeen gaineko konfiantza berreskura dezaten»

IRATI JIMENEZIkerketa batzordeko lehendakaria

Atzo, batzordean parte hartuko duten legebiltzarkideak proposatu zituzten taldeek, eta haiek bildu dira gaur. UPNren izenean, Javier Esparza eta Pedro Gonzalez izango dira; PSNren izenean, Javier Lekunberri eta Ainhoa Unzu; EH Bilduk Adolfo Araiz eta Irati Jimenez izango ditu; Geroak Baik, Pablo Azkona eta Blanca Regulez; PPk, Javier Garcia; Zurekin Nafarroak, Miguel Garrido; eta Voxek, Emilio Jimenez.

Behin mahaiko kideak izendatuta, saioak aurrera jarraitu du, baina bilkura itxia izan da. Amaitutakoan, Jimenezek azaldu du nahiko lukeela talde guztiek «bere onena» ematea. «Espero dut lan zorrotza, zintzoa eta arduratsua egingo dutela, herritarrek Nafarroako erakundeen gaineko konfiantza berreskura dezaten».

«Gaizki hasi da. PSNk defentsa abokatu gisa EH Bildu aukeratu du eta gainerako bazkideengandik bereizi egin da»

JAVIER ESPARZAUPNko eleduna

Azaldu duenez batzordeak parlamentuko zerbitzu juridikoei txosten bat egiteko eskatu die, herri akusazio gisa aurkezteko aukera azter dezan. Halaber, talde bakoitzak uztailaren 31ra arteko epea du bere lan plangintza aurkezteko eta adierazteko zer informazio nahi duten, baita zer pertsona aurkeztea nahi duten ere. Abuztuaren 5ean, batzordeak bigarren saioa egingo du taldeek proposatutako plan horiek aztertzeko eta hitzartzeko. Dena den, hortik aurrera ere aukera izango dute, agiri gehiago edo pertsona gehiago eskatzeko.

Asmoa da batzordeak lau hilabete irautea, azaroaren 30era arte, baina, behar izanez gero, aukera egongo da haren jarduna luzatzeko. Irati Jimenezek gogorarazi du hala eskatzen zaien pertsonen «betebeharra» dela joatea, «berme guztiekin». Halaber, espero du taldeek eskatutako informazio guztia lortuko dutela. «Guretzat garrantzitsua izan da egoerak eskatzen duen mailaren arabera lan egitea», aipatu du eta horregatik ardura eskatu die talde guztiei.

UPNren kritika

«Gaizki hasi da. PSNk defentsa abokatu gisa EH Bildu aukeratu du eta gainerako bazpideengandik bereizi egin da». Mahaia osatzeko bozketan egon den boto banaketa ez zaio gustatu UPNko Javier Esparzari. Ez du ulertzen nolatan PSNk ez duen Geroa Baiko hautagaiaren alde bozkatu. Ezinbestean, Nafarroako Gobernuak adjudikatutako herri lanak ikertuko dituen batzorde bat gobernuko bazkide baten esku uzteak eskuinaren kritika gogorrak eragingo lituzke; baina, azken emaitza ikusita, Esparzak EH Bilduri sozialistekin «biguin» jokatzea aurpegiratu dio. 

Aldiz, EH Bilduko Adolfo Araizek bozketa parlamentuko aritmetikaren ondorioz izan dela azpimarratu du; alegia, batzordeko mahaian «gehiengo aurrerakoia» bermatu nahi izan dute: PSNk eta EH Bilduk Jimenezen alde egin dute, eta idazkari posturako botoak Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren artean banatu. «Ematen du batzuei ez zaiela gustatu. Tristuraz hartu dutela osaera», nabarmendu du. Eskuinaren kritiken aurrean, argi utzi nahi izan du EH Bilduk ez duela ezer zurituko, baina lan handia egin beharko dela argi uzteko zer gertatu den herritarren aurrean. 

«Ez gara orain hasiko zen agertokitan atera gaitezkeen gobernutik eta zeinetan ez. Ate guztiak eta leihoak ireki nahi ditugu. Ez dugu ustelkeria onartuko»

MIGUEL GARRIDOZurekin Nafarroako parlamentaria

Zehaztu du, gainera, batzordeak bere jardunean mugak izango dituela eta ez dela «sasiepaiketarik» egingo: «Tartean dago ikerketa judiziala eta hemengoa baino tresna eraginkorragoak ditu. Guk ardura politikoak eska ditzakegu, baina hemen ez da zigor arloko ardurarik zehaztuko». Eskuinak batzordea ikuskizun bihurtu nahi duelakoan dago.

Geroa Baik eta PSNk argi utzi nahi izan dute orain arte Nafarroan ez dela auzitan jarri kontratu publiko bakar bat, baina herritarren konfiantza urratu denez, zalantza oro uxatzeko konpromiso «irmoa eta zorrotza» adierazi dute. PSNko Ainhoa Unzuk aipatu du batzordeko eledun sozialista Javier Lekunberri izango dela eta berak harekin batera egingo duela lan.

«Ate guztiak ireki»

Zurekin Nafarroa koalizioko Miguel Garridok azpimarratu du ez dutela ustelkeriarik onartuko. Bere ustez, ikerketa batzordearen helburua izango da argitzea ikerketa judizialak orain arte azaleratu duen ustelkeria noraino iristen den eta pertsona gehiago ote dauden tartean. Gaineratu duenez, Nafarroan oraingoz ez da kasurik atzeman, eta oraingoz euren konfiantza ez dela urratu aipatu du.

Sumarreko buruzagi Yolanda Diazek Espainiako Gobernua uzteko aukera aipatu du, eta horri buruz galdetu zaio Garridori. Bere esanetan, bi administrazio diferente dira eta oraingoz ustelkeria zantzuak ez dira Nafarroan agertu. «Ez gara orain hasiko zen agertokitan atera gaitezkeen gobernutik eta zeinetan ez. Ate guztiak eta leihoak ireki nahi ditugu eta jakiten dugun horren arabera jokatuko dugu. Ez dugu ustelkeria onartuko». Nafarroako Ahal Dugu-ko zuzendaritza berriak gobernua uzteko aukeraz hitz egin du eta Garridok azaldu du oraingoz ez zaiela halako eskaerarik heldu koalizioaren zuzendaritzara. 

PPko Javier Garciak UPNren antzeko mezua eman du. Bere ustez, «lixibaren akordioa hitzartu dute EH Bilduk eta PSNk. EH Bilduk sozialisten ustelkeria zuritzen du, PSNk terrorismoa zuritzen duen bitartean». Bere irudiko, EH Bilduk ez du zilegitasun moralik ikerketa batzorde baten buruzagitza hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.