Aitor Esteban EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ezezko biribila eman dio Arnaldo Otegik atzo egindako proposamenari. Atzo, Gasteizen, EH Bilduko idazkari nagusiak «ezberdinen arteko» gutxieneko programa bat defendatu zuen, Euskal Herriaren egoera politikoari eta eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko. Estebanek esan du oso eredu ezberdinak dituztela, eta seriotasun gutxi izatea egotzi dio Otegiri: «Duela hiru urte fatxak ginen, eta orain balio komunak ditugu?».
«Gehiago esango nuke. Ez dira pasatu lau urte, hiru urte pasatu dira, eta gogoratzen dut, kanpaina hura nik egin bainuen, nola zioten 'Kontuz, eskuma dator eta'. Haien spot-ean, eskuma ziren Vox, PP eta EAJ. 'Babestu zaitez, eman ezazu krema, eskuina dator eta'... eta abar eta abar. Hori izan zen haien kanpaina orain dela hiru urte, eta orain gurekin etorri nahi dute? Zer seriotasun da hori ezker abertzalearen aldetik? Bada, horrela dabiltza. Ea handik eta hemendik botoak hartzen dituzten», adierazi du Estebanek Elgoibarren (Gipuzkoa), 36ko gerran Zirardamendin bizia galdu zuten gudariak oroitzeko egin duten ekitaldian.
Otegik Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren legatua ekarri zuen gogora, eta haren garaian ezohiko egoera bati aurre egiteko osatu zen «kontzentrazio nazionaleko» gobernua aipatu zuen erreferentzia gisa. Estebanek esan du ez duela ulertzen Otegik zer esan nahi duen, denbora daramala «laino bat diren hitz handiekin hizketan» baina ez duela ezer zehazten, eta Agirre lehendakaria «dena» dela EAJrentzat.
Zehaztasun falta
Gogorarazi du Agirre lehendakariaren gobernua gerra garaian osatu zela, gerra bat piztuta zegoelarik eta ez hauteskunderik eta ez parlamenturik ez zegoelarik: «Ez gaude egoera horretan». «Zehazki, zeri buruz ari da hizketan?», galdetu du: «Batera joateaz? Zerrenda bateratuak aurkezteaz?». Azpimarratu du EAJk eta EH Bilduk bi eredu oso ezberdin ordezkatzen dituztela, nahiz eta badituzten gauzak komunean.
Zalantzan jarri du, esaterako, azpiegituren, hezkuntzaren, gizarte zerbitzuen edo energiaren arloetan ados jartzeko izan dezaketen gaitasuna. «Guk demokraziaren eta giza eskubideen defentsa egingo dugu, beti egin izan dugun bezala, garai zailetan ere bai. Autoritarismoaren kontrako parapeto bat izan ginen, eta hala izaten segituko dugu edozein baldintzatan», nabarmendu du Estebanek.