Estellerrian (Nafarroa) eskolatu gabeko dozenaka adingabe daudela salatu du Herri Antifaxistak plataformak, eta auziari jaramonik ez egitea leporatu dio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailari. Hain justu, plataformak sail horren eraikinaren aurrean egin du gaur elkarretaratzea, eta kasuaren inguruan egindako ikerketaren berri eman du: haien arabera, eskolatu gabeko adingabe horiek Estellerrian zabaltzen ari den sekta ultrakatoliko batekin lotutako egoitza batera joan ohi dira eskola orduetan, baina egoitza hori ez dago legez hezkuntza zentro gisa erregistratuta.
Plataformak jakinarazi duenez, eremu horretako zenbait adingabe Maestro Avila fundazio ultrakatolikoak Argiñanon (Nafarroa) daukan Bengoetxea izeneko etxe batera joaten dira eskola orduetan. Ikerketa aurrera eramateko, plataformak Hezkuntza Ikuskaritzako dokumentu batzuk lortu ditu, eta horietako batzuk aletu dituzte gaurko elkarretaratzean; besteak beste, zenbait agirik adierazten dute 2014. eta 2015. urteetan ikuskaritzak bazuela gertakarien berri.
Hala, Herri Antifaxistak mugimenduak salatu du urte hauetan guztiotan ez Hezkuntza Sailak, ez Gizarte Zerbitzuek, ez dutela auziari aurre egiteko neurririk hartu, eta gertakarien larritasunaz ohartarazi du: «Haur hauek ez dute hezkuntza proiektu baten babesa, eta ez dute inolako ziurtagiri akademikorik». Horrenbestez, plataformak exijitu du itxi dezatela Argiñanoko etxe hori, edo bestela, moldatu eta egokitu dezatela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Saileko araudia bete dezan.
Hezkuntza Sailaren erantzuna
Salaketak salaketa eta presioak presio, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak esan du ez duela afera honetan esku hartzerik, hain justu, Argiñanoko zentro hori ez dagoelako, legez, hezkuntza zentro gisa erregistratuta. Ikuskaritzari dagokionez, gauza bera argudiatu du: adingabeak eskolatu gabe daudela egiaztatu zuen arren, sail horrek ezin du auzia gainbegiratu, ez duelako horretarako eskumenik.
Hortaz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailaren arabera, adingabeen babeserako unitateak heldu behar lioke auziari.
Aurrekariak
Oraingoa ez da Herri Antifaxistak plataformak egoera honen berri ematen duen lehen aldia. Iazko azaroan, adibidez, manifestazio jendetsu batera deitu zuen, Aritzalatik Abartzuzarainoko bidea egin zuena. Orduko hartan salatu zutenez, fundazio ultrakatolikoak eraikin multzo bat erosi du eremu horretan, eta eskola gisa erabiltzen dituzte; hori bai, homologaziorik gabe. Are, plataformaren arabera, «balio matxista, klasista, arrazista, euskarafobo eta faxistak» irakasten dizkiete adingabeei.