Esther Apraiz jeltzalea izango da Eudeleko presidente, ituna eginda

Akordioa erdietsi dute EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta udal plataforma independenteek

Esther Apraiz Derioko alkate jeltzalea. BERRIA.
Iosu Alberdi.
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Eudel Euskal Udalen Elkarteko zuzendaritza osatzeko akordioa erdietsi dute EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta udal plataforma independenteetako ordezkariek. Zuzendaritza berritzeko zerrenda bakar bat aurkeztuko dute legealdiko lehen bilkuran, datorren asteartean. Derioko (Bizkaia) alkate Esther Apraizek (EAJ) ordezkatuko du Gorka Urtaran presidentetzan. Presidenteordeak, berriz, azken legealdiko berak izango dira: Azpeitiko (Gipuzkoa) alkate Nagore Alkorta (EH Bildu) eta Irungo (Gipuzkoa) alkate Jose Antonio Santano (PSE-EE).

Aurkeztutako proposamenaren arabera, Eudelen batzorde exekutiboa hamabost lagunek osatuko dute: EAJko eta EH Bilduko seina kide, PSE-EEko bi eta Zalla Bai plataformako bat —Joseba Andoni Zorrilla—.

Batzorde exekutiboa soilik ez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Batzordeen banaketa ere egin dute, eta banaketa horietan bermatu dira gizonen eta emakumeen arteko oreka zein 2.500 biztanletik beherako udalerrien presentzia.

Eudel «indartuta» aterako dela uste du EAJren Euzkadi Buru Batzarreko burukide Koldo Mediavillak, eta eskerrak eman dizkie gainerako mugimendu politikoei, «indarrak batzeko eta Euskadiko Udalen Elkartea indartzeko egindako ahaleginagatik». Onintze Oleaga EH Bilduko udal politikako arduradunak ere akordioari buruzko iritzi baikorra plazaratu du, uste duelako «ordezkaritza orekatuagoa» lortu dela. Azpimarratu du, besteak beste, lan egingo duela udal finantzaketarako beste eredu baten alde.

Zalantzak

Maiatzeko bozen ostean, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik mahai gainean jarri zuen udalen elkartea koalizio subiranistako kide batek zuzentzeko aukera. EH Bilduk eskuratu zituen zinegotzi gehien Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —denera, 1.050—, eta horrek balio izan zion ekaineko udal bilkuren ostean 107 alkatetza bereganatzeko. Hala, koalizio subiranista da hiru lurraldeetan udal gobernu gehien zuzentzen dituen taldea; jeltzaleek baino 17 gehiago.

Hiri handienetan, baina, egoera bestelakoa da. Jeltzaleenesku daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hogei udalerri populatuenetatik 11, EH Bilduren gidaritzapean bost eta PSE-EErenean lau.

Horiek udalerri txikiagoek baino garrantzi handiagoa dute Eudelen barne funtzionamenduan. Izan ere, elkarteko araudiaren arabera, 245 udalek parte hartzen duten arren, botoak biztanle kopuruaren arabera banatzen dira. 150.000 biztanletik gorako udalerrietako —Bilbo, Gasteiz eta Donostia— ordezkaritzek 30 boto dituzte; 100.001 eta 150.000 herritar artean dituztenek —Barakaldo (Bizkaia)— 25 boto; 50.001 eta 100.000 artekoek —Getxo (Bizkaia) eta Irun (Gipuzkoa)—, berriz, hogei.

EH Bilduren eskaera «legitimotzat» jo zuen arren, Mediavillak argudiatu zuen alderdiek jasotako boto kopuruari eta udalerrietan bizi den herritar kopuruari egin behar zitzaiola jaramon. Izan ere, banaketa hori kontuan hartuta, jeltzaleek 436 boto emateko aukera dute; EH Bilduk, 398; PSE-EEk, 126; plataforma independenteek, 78, eta PPk, hiru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.