Estrategia partekatzen

Gure Esku Dago dinamikak 2019. urtera arteko bide orria aurkeztuko du abenduaren 17an. Eragile eta herritarrekin hizketan ari da egitasmoaz

Oiartzualdeko giza katea, joan den igandean, Pasaian, Trintxerpe eta Antxo artean. OARSO BIDASOKO HITZA.
enekoitz esnaola
2016ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Datorren abenduaren 17an, Iruñean, 2019ra arteko bide orria aurkeztuko du Gure Esku Dago herritar dinamikak, eta, bitartean, Euskal Herriko «askotariko» eragileekin eta herritarrekin«estrategia partekatzen» ari da, Angel Oiarbide bozeramaileakBERRIAri kontatu dionez. «Guk estrategia bat dugu, baina orain eragileei ez diegu dokumenturik ematen. Gure ikuspuntua, egin dugun bidea eta egin nahi duguna azaltzen diegu». Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikako eledunak dio eragileek-eta «garbi» ikusten dutela «bidea elkarrekin» egin beharra dagoela.

Abenduko ekitaldian, Gure Esku Dago-k bere iraungitze data iragarriko du, eta 2019ra arte egin beharreko pausoak proposatuko ditu. «Orube sano bat eraiki nahi dugu», esan du Oiarbidek, «gero, horren gainean eraiki ahal izateko proiektu politikoak, eta herritarrei galdetzeko, herritarrek dutelako azkeneko hitza». Orube hori osatzeko, «zumeak jendea ahalduntzea, konplizitatea eta anbizioa» direla deritzo. Uste du Lizarra-Garazin egon ez zen giro bat sortu dela Euskal Herrian.

Oiarbideren arabera, bere onenean dago Gure Esku Dago. «Lehengo batean, Donostiako gazte batek esan zigun duela bi urteko giza katearekin gaina jo genuela, handik aurrera beheraka joan ginela. Ez gaude ados horrekin. Inoiz baino indartsuago dago Gure Esku Dago. Adibidez, ikusi besterik ez dago azkeneko bi aste hauetako dinamika; herritarrak ahaldunduta dauden seinale izan da». Oiartzualdean zortzi-hamar mila laguneko giza katea osatu du Demoarsok; Larrabetzun eta Tolosaldean tokiko galdeketaren batzorde sustatzaileak aurkeztu dituzte; hurrengo udaberrian Azkoitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian galdeketa egingo dutela jakinarazi dute; Busturialdean, Gernika-Lumo, Nabarniz eta Sukarrietako auzo Kanala ere batu dira kontsultara; Hernani-Astigarragan eta Uribe-Butroen, galdeketa egiteko sinadura bilketari ekin diote; Gipuzkoako Goierrin, hurrengo hilabeteei buruzko gogoeta saioa egin dute; Arrankudiagan, herriko galdeketaren bigarren urteurreneko ospakizun ekitaldia egin dute; Diman, solasaldia Iñaki Antiguedadekin, Juan Jose Ibarretxerekin eta Jaume Lopezekin; edota datorren arazoaren 27an, Diman bertan eta Bakaikun galdeketa egingo dute.

Orain arte —2014ko apiriletik jon den ekainera arte—, 36 herritan egin dituzte Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko galdeketak. Datorren urtean ehun pasa izango direla ziurtatu du Oiarbidek: «Baina ez da bakarrik kontsulta kopurua. Hor dago bide bat. Elkarlan gune bat eratu dugu jende askoren artean».

Bi urtean hauteskunderik ez

2019ko maiatzera artean Hego Euskal Herrian hauteskunderik ez izateari garrantzi handia ematen dio. 2013ko ekainean sortu zuten Gure Esku Dago, eta Hegoaldean harrezkero bost hitzordu elektoral izan dira. «Horrek beti dauka eragin bat giro politikoan. Hala ere, guk uste dugu pauso garrantzitsuak eman ditugula hiru urte hauetan, eta elkarrekin zer egin dezakegun ikustera iritsi garela. Hau da gure momentua».

Halaber, inportantetzat dauka EAEko iraileko hauteskundeen ondorioz 75 legebiltzarkideetatik 57k Euskal Herria naziotzat hartzea eta erabakitzeko eskubidea aitortzea, baita urrian Nafarroako Parlamentuak Foru Hobekuntza berritzeko prozesu bati ekitea onartzea eta Iparraldeko Euskal Elkargoaren prozesua ere. Ikusteko dagoena da, kasurako, EAEko eta Nafarroako estatutu politiko berrien eta Gure Esku Dago-ren bideek bat egingo duten. Oiarbidek berriro jarri du azpimarra 2019. urtean: «Datozen bi urteetan ez dugu hauteskunderik izango Hego Euskal Herrian. Beraz, une hau baliatu beharra dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.