ETAren amaiera. Erakundearen Barne Komunikazio Orokorra

ETAk baztertu egin du aldi baterako batzorde tekniko bat osatzea

Barne Komunikazio Orokorrean jakinarazi du bertan behera geratu dela jardun armatuaren ondorioak behin-behinean kudeatuko lituzkeen lantaldea eratzea. Duela urtebete atera zen lantalde hori sortzeko aukera

Emakume bat, telebista pantailari so, ETAk bere azken adierazpenaren berri eman zuen egunean. EFE.
enekoitz esnaola
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adierazpen publiko baten bitartez, ETAk ostegunean jakinarazi zuen «bere egitura guztiak erabat desegin» dituela eta bukatu duela ibilbidea, eta barne komunikazio batean azaldu du «eztabaidaren ondorioz» baztertu egin duela «Euskadi Ta Askatasunaren Ekinbide Armatuaren Ondorioak Kudeatzeko Behin-behineko Batzorde Teknikoa osatzea» ere. ETAren joan den martxoko Barne Komunikazio Orokorrak dakar jakinarazpena —BERRIAk eskuratu du, eta orriotan dator, osorik—. «[ETAren] ZuzendaritzaBatzordeak oraindik itxi gabeko gaiak bideratu ahal izateko neurriak hartu ditu, ziklo amaieraren erabakia zalantzan jar dezakeen inongo egitura formalik eraiki beharra izan gabe».

Zuzendaritzak iazko apirilean barne eztabaidarako dokumentuak pasatu zizkion erakundeko «kidegoari», eta han ageri zen ibilbideari bukaera emateko «proposamen politikoa». Maiatzean, berriz, proposamen horren eranskin gisa zetorren fase batetik bestera igarotzeko oraindik konpondu gabeko kontuak daudela, eta ETAk behin-behineko egitura bat osatu beharko lukeela, aldi baterakoa. Hogei burkidez osatua legoke, eta ez luke isla publikorik izango. Ez dute sortuko.

Bi izan dira eranskina «bertan behera» geratzearen arrazoiak, ETAren barne komunikazioak dioenez. Batetik, «kide askok azaldu dute kezka eranskin horrek zalantzan jar dezakeela erabaki nagusia, horretarako erabili dezakeela etsaiak eta beste eragile batzuek. Erabakiaren garrantzia lausotuko lukeen edozer gauza baztertu behar dela nabarmendu dute». Eta, bestetik, ETAk dio azken eztabaida prozesuak iraun duen hilabeteetan «egiturak ahalegin handia» egin duela batzorde horren esku geratuko liratekeen gaiak bideratzeko. «Adibide bat jartzearren», ebazpena idatzi zutenean, armagabetzea egin berria zen, «eta oraindik armen aferan gera zitezkeen hutsuneak kudeatzeari buruz baziren zalantzak. Hori dena bideratzea lortu da». Gainera, dio beste eragile batzuek ere hartu dituztela «ardurak ondorioei aterabideak emateko».

Erakundeak «oso balorazio positiboa» egin du eztabaidaz

Ostegunean Henri Dunant zentroak Genevan (Suitza) esan zuen ETAren eztabaidan botoa eman duten kideen %93k babestu dutela erakundearen ibilbidea bukatzeko proposamena. ETAk zentroari helarazitako gutun bat leituz jakinarazi zuen datua David Harland zuzendariak. ETAk datu gehiago dakartza bere Barne Komunikazio Orokorrean, martxokoan: 1.077 kidek eman dute botoa; 997k bozkatu dute poposamenaren alde (%93k), 47k kontra (%4k), eta 33 boto zuri edo abstentzio izan dira (%3). ETAren Zuzendaritza Batzordeak «oso balorazio positiboa» egin du eztabaidaz, «kidegoak oso babes handia» eman diolako proposamen politikoari eta parte hartze kopurua ontzat duelako. «Gainera, proposamen politikoa ontzat emateko Zuzendaritza Batzordeak beste irizpide bat jarri zion bere buruari: aho batez onartu zuen proposamen horrek eremu guztietan jaso behar zuen gehiengoa, hau da, egitura operatiboan, kartzeletan, erbestean eta kide legalen artean. Bistan da denetan hala izan dela».

ETAren estimazioen arabera, 2.500-3.000 lagunek izan dute, modu batera edo bestera, eztabaidaren berri. Parte hartze «handia» nahi zuen. «ETAkoak ez diren hainbat militante ere informatuak izan dira. Horietako batzuek ekarpenak egin dituzte».

Barne Komunikazio Orokorrak dakarrenez, 1.335 kidek zeukaten bozkatzeko eskubidea. «Horietatik 70ek ez dute parte hartu nahi izan, eta horrela adierazi dute espresuki». «Arrazoi ezberdinengatik» parte hartu ez duten kide horietatik gehienek azaldu dute, ETAk dioenez, azken urteetan «erakundearekin izandako harreman eskasagatik» euren burua legitimatua ez dutela ikusten, baina «aldeko jarrera» agertu dute. Beste batzuek uste zuten «erabakia jada hartua» zegoela; «estrategia aldaketarekin edo haren garapenarekin kritiko direnek osatu dute multzo hori». Besteen arrazoiak, kasuan-kasuan: «Interesik eza», «erabakia berandu» zetorren ustea, «errepresioaren beldurra» parte hartzeko, zuzendaritzarekiko «konfiantza osoa»...

Horrez gain, ETAk barne komunikazioan dio arrazoi ezberdinak direla medio «teknikoak eta denborarekin loturikoak nagusiki» 188 kideren bozak ez zaizkiola iritsi. «Kasu gehienetan harrera ona azaldu zuten».

Eztabaida prozesuari amaiera emateko Ondorio Txosten bat osatu du ETAk, eta Zutabe aldizkarian argitaratuko du. Aterako du beste «idazkirik».

ETAren Barne Komunikazio Orokorra (2018ko martxoa)

"Kaixo burkideok!

Honako Barne Komunikazio Orokorraren helburua burutu dugun eztabaida prozesuaren amaieraren berri ematea da. Aldez aurretik, Xabier Rey burkidea gogoratu nahi dugu. Komunikazio hau amaituta genuela iritsi zaigu berri lazgarria. Agur eta ohore, Xabier.

1.- EMAITZA

Kidegoak babes oso handia eman dio proposamen politikoari. Parte-hartzea handia izatea bilatu da. Oro har, egindako lanagatik oso balorazio positiboa egin behar da, zailtasunak eta hutsuneak izan badira ere, leku batzuetara iristea lortu ez delako eta beste batzuetan berezko ezintasunak zeudelako.

Boza eman dutenen %93k babestu du proposamena, %4k ezezkoa eman dio eta %3 abstenitu da edo zuri bozkatu du. Gainera, proposamen politikoa ontzat emateko Zuzendaritza Batzordeak beste irizpide bat jarri zion bere buruari: Zuzendaritza Batzordeak aho batez onartu zuen proposamen horrek eremu guztietan jaso behar zuen gehiengoa, hau da, egitura operatiboan, kartzeletan, erbestean eta kide legalen artean. Bistan da denetan hala izan dela.

Gure estimazioaren arabera, 2.500-3.000 lagunek izan dute, modu batez edo bestez, eztabaidaren eta eztabaidaren mamiaren berri prozesu honetan. ETAkoak ez diren hainbat militante ere informatuak izan dira. Horietako batzuek ekarpenak egin dituzte.

1.335 kidek zuten boza emateko eskubidea. Horietatik 70k ez dute parte hartu nahi izan eta horrela adierazi dute espresuki. Arrazoi ezberdinengatik:

Azken urteetan Erakundearekin izandako harreman eskasagatik ez zuten bere burua legitimatua ikusten. Oro har, proposamen politikoaren aldeko jarrera azaldu dute. Parte hartu ez dutenen artean, talde handiena izan da honakoa. ?

Erabakia jada hartua zegoela uste zutelako. Oro har, estrategia aldaketarekin edo estrategia aldaketaren garapenarekin kritiko direnek osatu dute multzo hori.

Bestelako motibazioak: arrazoirik eman ez dutenak, interesik eza azaldu dutenak, erabakia berandu zetorrela ziotenak, errepresioaren beldurragatik parte hartu nahi ez dutenak, zuzendaritzari konfiantza osoa egiten diotenak...

Arrazoi ezberdinak direla medio (teknikoak eta denborarekin loturikoak nagusiki) 188 kideren bozak ez dira iritsi; gehienei eztabaidarako dokumentuak iritsi zaizkiela eta hauetariko askok parte hartzeko konpromisoa agertu zutela baiezta dezakegu. Kasu gehienetan harrera ona azaldu zuten, baina, esan bezala, arazo ezberdinak tarteko ezin izan ditugu boz horiek garaiz zenbatu. Denen artean, izango da parte hartu nahi izan ez duen multzo bat ere, nahiz eta ez duen espresuki horrela adierazi. Nolanahi ere, iritsi ez diren boz horiek ez lukete azken emaitzan aldaketa esanguratsurik eragingo.

Boza eman duten 1.077 kidek horrela bozkatu dute:

Proposamenaren alde: 997

Proposamenaren kontra: 47

Boz zuria edo abstentzioa: 33

Eztabaida prozesuari amaiera emateko Ondorio Txosten bat egin da. Txosten hori Zutabe batean argitaratuko da, beste idazki batzuekin batera (ibilbide armatuari buruzko informearen laburpena, hildako burkideei omenaldia, eragindako kalteari buruzko ebazpena...).

Aldi berean, eztabaidan zehar izandako ekarpen guztiekin informe bat egin da, kidego osoak azaldutako ideia, argudio eta kezka nagusiak ezagutu dezan. Komunikazio orokor honekin batera iritsi behar zaio kidegoari txosten hori.

2. -ERASKINARI BURUZ

Eztabaidaren ondorioz, Zuzendaritza Batzordeak erabaki du txostenaren eranskina bertan behera geratzen dela. Hau da, ez dela «Euskadi Ta Askatasunaren Ekinbide Armatuaren Ondorioak Kudeatzeko Behin-behineko Batzorde Teknikoa» osatuko.

Bi izan dira horretarako arrazoiak:

Kide askok azaldu dute kezka eranskin horrek zalantzan jarri dezakeela erabaki nagusia, horretarako erabili dezakeela etsaiak eta beste eragile batzuek. Erabakiaren garrantzia lausotuko lukeen edozer gauza baztertu behar dela nabarmendu dute.

Eztabaida prozesuak iraun duen hilabeteotan egiturak ahalegin handia egin du batzorde horren esku geratu behar ziren gaiak bideratzeko. Adibide bat jartzearren, ebazpena idatzi zenean armagabetzea egin berria zen, eta oraindik armen aferan gera zitezkeen hutsuneak kudeatzeari buruz baziren zalantzak. Hori dena bideratzea lortu da. Aldi berean, gure egiturak egindako esfortzuaz gain, beste eragile batzuek ardurak hartu dituzte ondorioei aterabideak emateko.

Beraz, Zuzendaritza Batzordeak oraindik itxi gabeko gaiak bideratu ahal izateko neurriak hartu ditu, ziklo amaieraren erabakia zalantzan jar dezakeen inongo egitura formalik eraiki beharra izan gabe.

3. -AZKEN HITZA

Erabakiaren berri modu solemnean emateaz gain, Erakundeak behar beste azalpen eskainiko du zenbait ekimenen bitartez eta formatu ezberdinetan. ETAko kide izandakoek orain arteko diskrezio eta segurtasun neurri berdinak mantendu beharko dituzte aurrerantzean ere Erakundearen barneko jardun indibidualari eta ekinbide kolektiboari dagokienez. Eta leial jokatu ETAk hartutako erabakiarekin eta askapen prozesuarekin. Kidegoa sendotasunez eta arduraz aritu behar da fase politiko honetan askapen mugimenduak behar duen bultzadari ekarpena egiteko.

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA! JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!

Euskal Herrian, 2018ko martxoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.