ETAren armagabetzearen oinarriak finkatu nahi dituzte Foro Sozialean

Bake prozesua bultzatzeko hitzaldi sorta bat antolatu dute urtarrilaren 30erako Gernikako Lizeoan

Bake Bidea, Uharan eta Gernikako Batzordea elkarteetako ordezkariak, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Armagabetze ordenatu baten oinarriak finkatzea izango du helburu Gizarteak eraikiz, bake prozesua indartzeko hirugarren Foro Sozialak. Gizarte zibilaren ekarpena bideratu nahi du horretarako urtarrilaren 30ean Gernikan (Bizkaia) egingo den ekitaldiak. Bake Bidea, Uharan eta Gernika-Lumoko Batzordea elkarteek antolatu dute, eta nazioarteko hainbat hizlari bilduko dituzte Lizeo antzokian. Bi arretagune nagusi izango dituzte ekitaldiek: ETAren armagabetzeari buruzko baldintzak, batetik, eta Kolonbiako bake negoziazioak, bestetik.

Euskal Herriko kasuaz arituko da Brian Currin, eta armagabetze prozesuetan gizarte zibilak izan dezakeen egitekoaz hitz egingo dute Veronique Dudouet Berghof Foundationeko kideak eta Kristian Herbolzheimer Conciliation Resourcesen Kolonbiarako ekintzen arduradunak.

Bestalde, Kolonbiako bake prozesuari buruz solastatuko dira Carlos Alberto Ruiz Socha La Habanako elkarrizketetan aholkulari ibilitako abokatu kolonbiarra eta Alberto Spektorowsky Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea. «Kolonbiatik oso berri itxaropentsuak jaso ditugu; bake prozesuan aurrerapauso nabarmenak eman dituzte, eta garrantzitsua iduri zaigu prozesu horri momentu bat ematea», adierazi du Peio Dufau Bake Bidea kolektiboko kideak.

ETAk armategien zigilatze prozesua hasi zuela iragarri zuen 2014ko otsailean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak gainbegiratuta. Baina ordutik prozesua «oso motel» garatu dela azaldu du Dufauk: «Egoera honetan, irtenbideak bilatu behar dira estatuen blokeoa gainditzeko eta ETAk zentzuzko denbora tarte batean armagabetzea gauzatu dezan». Halaber, azpimarratu du funtsezkoa dela Euskal Herriko gizarteak bake prozesuari «arnasa eta bultzada berri bat» emateko duen betekizuna.

2013ko martxoan antolatu zuten bake prozesua bultzatzeko lehen Foro Soziala Lokarrik eta Bake Bideak. Nazioarteko adituen iritziak eta herritarren ekarpenak aintzat harturik, hainbat gomendio proposatu zituzten. Gerora, beste bi Foro Sozial antolatu dituztepresoen etxeratzearen, giza eskubideen eta gizarte zibilaren parte hartzeari buruz. Baina Dufauren esanetan, Hego Euskal Herrian, «tamalez», gomendioek ez dute garapen praktikorik izan.

Garapen praktiko bila

Ipar Euskal Herrian, ordea, aurrerapauso adierazgarriak eman dituzte 2014ko Aieteko adierazpenaren ondotik. Joera politiko nagusietako ordezkari politikoek bake prozesuaren garapenerako Baionako Adierazpena plazaratu zuten urte hartako urrian. Era berean, presoen eta iheslarien etxeratzearen aldeko eragileek Bagoaz kolektiboa sortu zuten, eta iragan urtarrilaren 9an Baionan milaka pertsona elkartu ziren Fronte Nazionala ez beste alderdi guztietako hautetsien babesarekin.

2015eko ekainean, Frantziako Asanblea Nazionalera eraman zuten Euskal Herriko bake prozesuaren gaia, konferentzia humanitario baten barruan. Eta jarraipena izango du ekimen hark aurten; datorren astean presoen inguruko mintegi bat egingo dute Parisko Sorbonan.

Dufauk argi utzi du badaudela irtenbideak aurkitzeko aukerak. «ETAk pausoak emateko prestasuna adierazi du; Ipar Euskal Herrian Baionako Adierazpenak prozesuaren garapena zehazten du; Parisko Adierazpenak prozesuaren beharra azpimarratzen du; eta Eusko Jaurlaritzak proposamen bat mahaigaineratu du». Hori horrela, Gernikako Foroan parte hartzeko gonbidapena egin die instituzio eta eragile guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.