Antton Lopez Ruiz Kubati eta Jose Miguel Latasa Getaria preso ohiak epaitzen hasi dira gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1986an Aretxabaletan (Gipuzkoa) izandako atentatu batean parte hartu zutelakoan. Eraso hartan bi guardia zibil hil zituen ETAk. Epaiketan, Lopezek ETAren biktimen «oinaze handia» aitortu du, eta erantsi bere buruarekin «bakean» dagoela.
Fiskalari eta akusazioaren abokatuei erantzun die Lopezek, uste baitu «bizi dugun aro berriari egindako ekarpena» dela: «Ez dut ezer erantzuteko beldurrik. Zuri eta biktimen abokatuei erantzuten dizuet errespetuagatik, beste fase batean gaudelako eta koherenteak izan behar dugulako».
Lopezek eta Latasak azaldu dute ez zutela parte hartu Aretxabaletako atentatuan; bai, ordea, egun berean, ordu batzuk lehenago, Ordiziako kuartelaren aurkako erasoan. Bi guardia zibil zauritu zituzten Ordiziako erasoan.