Lurraldetasuna

Etorbidea zubiko hesiak kendu dituzte

Irun eta Hendaia arteko oinezkoen zubian azken bi urteetan egon diren hesiak kendu dituzte. Ordainean, Frantziako Poliziak eta militarrek zaindu dute pasabidea goizean.

Etorbidea zubia, goizean, Polizi auto batek zaindurik. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko urriaren 30a
12:36
Entzun

Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko oinezkoen Etorbidea zubia hesiz josia egon da azken bi urteetan, Frantziako Gobernuak hala erabakita. Azkenean, atzo arratsean ireki zuten zubia, Pirinio Atlantikoetako prefeturak zubia egun irekiko zutela hitzeman ondoan. Hesiak kendu badituzte ere, kontrolpean daukate zubia oraindik ere: Frantziako armadako bi auto eta Frantziako Poliziaren kamioi bat egon dira goizean.

Terrorismoaren kontrako borrokaren aitzakian mugako beste zazpi pasabide hetsi zituen 2021ean Frantziako Gobernuak. Geroztik, hiru pasabide itxita egon dira: Etorbidea zubia, Izpegiko lepoa eta Larraineko pasabidea. Ofizialki, egun ireki dituzte hirurak. Halere, Izpegikoan eta Larrainekoan herritarrak normal-normal ibili dira azken hilabeteetan, kontrolik ez baitzegoen bertan eta ez baitzuten hesirik ezarri.

Irekia, baina kontrolpean

Irekitzea ospatzeko, herritarrek koloretako aireko baloiak Etorbidea zubian. Jende multzo bat bildu da bertan, zubian joan-etorrika ibiltzeko; aspaldian ezin izan dute zubi hori zeharkatu. Noelle Bruzaud erretretan da, eta Hendaian bizi da aspalditik. «Ez da mugarik, bi aldetako Euskal Herrien lotura da zubi hau, eta zinez zentzugabekeria bat zen hetsirik atxikitzea», salatu du. Halere, erran du «neurrizko askatasuna baizik ez» dutela «berreskuratu», Frantziako armadako bi autoei eta Frantziako Poliziaren kamioiari erreferentzia eginez. Baina erran du «sinboloek beren garrantzia» badutela, eta, kontrolak izan arren, uste du berri «ona» dela.

Harekin bat egin du Hendaiako Marie Papok: «Sinbolikoki garrantzitsua da gu hemen egotea goiz honetan». Galdetu du, halere, irekiera ez ote den «neurri kosmetikoa», oraindik ere kontrolatua delako zubia.

Bi musikari ere bertaratu dira Etorbidea zubira, txalapartan aritzera. Azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak eginen duen manifestaziorako afixa zintzilikatu diote txalapartari. Astelehen goizetan egin ohi duten errepika, zubian egitea erabaki dute goizean, irekiera dela eta. Makalo Jauregi hendaiarra da horietako bat, eta erran du «muga inposatua» dela Hego eta Ipar Euskal Herriaren artean, eta Etorbidea zubia hetsirik egon izana horren lekuko dela. «Oso artifiziala izan da mugida guzia, eta gezur bat izan da, Frantziako Gobernuaren komunikaziorako. Kanpora begira erran zezaketen mugak itxita zeudela, baina errealitatean pareko zubia irekita egon da, Etorbidea zubia itxita, ez du zentzurik».

Auzapezen besarkada

Goizean goiz, Hondarribiko Igor Enparan auzapeza, Jose Antonio Santano Irungo auzapeza eta Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza zubian elkartu dira, eta elkar besarkatu dute irekiera ospatzeko. Auzapezek azken hilabeteetan salatu izan dute mugaren hetsiera, eta, uztailean, Frantziako Tourraren karietara ireki zutenean neurriaren zentzugabekeria ezarri zuten jomugan. Santanok uste du «Europako Batasuneko historiaren zati beltz» bat atzean utzi dutela irekitzearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.