Etorkinekin elkarteak gogor salatu du Frantziako asilo eta immigrazio lege proposamena

Mobilizazioa eginen dute abenduaren 16an Izpegiko lepoan, «bestelako migrazio politikak» posible direla adierazteko eta errefuxiatu guziak «ongi etorriak» direla aldarrikatzeko.

(ID_13404145) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2023-12-05, Baiona. Etorkinekin-en prentsaurrekoa Asiloa eta Immigrazioa lege proiektuari ...
Etorkinekin elkartearen prentsaurrekoa, gaur. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko abenduaren 05a
16:55
Entzun

Migratzaileen bizia «are gogorragoa» izanen da Frantziako Gobernuak pasatzeko asmoa duen legearekin. Hala uste du, behintzat, Etorkinekin elkarteak. Horien arabera, «migratzaileen eskubideak gehien urratzen dituen testua» da Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak ondu duena. Errefuxiatuen artean «miseria, prekaritatea eta beldurra» azkartuko dituela uste dute.

Izan ere, asiloa lortzeko baldintzak are gogorragoak egin nahi ditu Frantziako Gobernuak lege horren bidez, eta etorkinen kanporatzeak erraztu. Etorkinekin elkarteak kezka handiz hartu du legeak Frantziako Senatuan legeak egin duen ibilbidea; senatarien bertsioak «oinarrizko eskubideen urraketak» dakartzala erran dute, besteak beste, Medikuntzarako Estatu Laguntzaren kentzearekin.

Lege horren kontra, mobilizazio bat antolatu dute abenduaren 16rako. Izpegiko lepoan (Baigorri, Nafarroa Beherea) elkartuko dira, hainbat eragileren babesarekin. Giza eskubideak errespetatzen dituen harrera duin bat posible dela aldarrikatuko dute han. Izpegiko lepoan eginen dute protesta, hain zuzen, Frantziako Gobernuaren «migrazio politika ankerrak» agerian uzteko, hilabeteetan muga hetsi baitzuten «legez kanpoko immigrazioaren eta terrorismoaren kontrako borrokaren» aitzakiarekin.

Joko politikoa

Darmaninen lege proposamenak jasotzen dituen neurrien artean, Frantziatik Derrigorrez Ateratzeko Aginduak «hobeki» aplikatzeko lege artikulu bat bada. Ministroak adierazi zuen agindu horren menpe diren pertsonen bizia «ezinezkoa» egin nahi zuela. Bestalde, egonaldi baimenak lortzeko baldintzak gogortu nahi ditu, baita asiloa lortzekoak ere.

Etorkinekin elkarteko kide Christine Maynardek, ordea, adierazi du asilo eskaeren %0,07 baizik ez dituela onartzen Frantziak, eta, beraz, uste du asilo eskubidea are gutxiago bermatua izanen dela lege berriarekin. Atxikitze zentroetan hetsiak izateko baldintzak erraztu nahi dituzte ere, eta kanporatzeak bizkortu. 

Senatuko bertsioa «oraindik gogorragoa» da, elkartearen arabera. Gabrielle Grammont Etorkinekin taldeko kideak salatu du politikarien arteko jokoak «migratzaileen biziaren bizkar» egiten dituztela. Erraterako, Frantziako Gobernuarentzat erronka handia da lege hori pasaraztea, eta pasarazteko gehiengo baten babesa bildu nahian dabil. Afera da eskuin muturreko eta eskuineko ordezkariek Darmaninen lege proposamena «ahulegia» dela uste dutela, eta ezkerreko alderdiek, berriz, «gogorregia». Horiek horrela, Darmanin bi aldeetako babesak bildu nahian dabil.

Grammonten ustez, «ageriko anbizio elektoralista» batzuen «kalte ondorioak» pairatzen dituzte errefuxiatuek. Haren hitzetan, lege proposamenak eta Frantziako Senatuaren zuzenketek «diskriminazioa instituzionalitzaten» dute, eta jadanik «zaila» den bide bat «are zailago» egiten.

Eztabaida Asanbleara

Frantziako Senatuaren bertsioa izan ondotik, Frantziako Asanblea Nazionaleko lege batzordean pasatu da berriz lege proposamena, eta, orain, abenduaren 11n hastekoa dute diputatuek eztabaida publikoa. Horren karietara, Etorkinekin elkarteak Ipar Euskal Herriko diputatuei gutun bat bidali die, eta herritarrei hala egiteko eskatu die ere, legea ez dezatela bozka eskatzeko.

Oraindik ikusteko dago zein izanen den Asanblea Nazionaletik aterako den testua, baina, dena den, Frantziako Gobernuak aukera badu 49.3 artikuluaren bidez gehiengoaren babesik gabe lege hori pasarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.