Hamar urte bete ditu Etorkinekin kolektiboak, eta argi du: «Gure ekintza nehoiz baino beharrezkoagoa da, migranteentzat gero eta gogorragoa den errealitateari buru egiteko». Baionako Zizpa gaztetxean egin duten prentsaurrekoan, Frantziak eta Europak azkenaldian hartu dituzten hainbat neurri gaitzetsi dituzte, eta herritarrak deitu dituzte elkartasunean oinarritu harrera sistema bat bultzatzera, injustizia salatzera eta kontzientzia hartzea sustatzera.
2016an sortu zen Etorkinekin, sindikatu, talde politiko eta elkarteetako kideen ekimenez, eta 2021ean federazio bilakatu zen. «Funtsezko» egitura bilakatu da migrazio gaietan. Harrera duina aldarrikatzen dute, familiak, helduak eta bakarrik dauden adingabeak laguntzen dituen tokian tokiko hamabi taldek osatutako sarearen bidez. Estatuek migrazioaren kontra daramaten jarduna salatu izan dute, Hego Euskal Herriko kideekin elkarlanean. «Politika giza gabe eta hiltzaileak salatzeko, eta Europaren barnean altxatzen dituzten murruak salatzeko», adierazi dute.
Garai «kezkagarriak»
Migrazio politikak gero eta bortitzagoak direla salatu dute, astearte honetan. «Frantziako Gobernuak, Europako Batasunarekin bat eginez, eskuin muturreko agenda baztertzaile eta arrazista jarraitzen du, paperik gabeko migratzaileak sortzen ditu, eta segurtasunean soilik oinarritzen ez den migrazio politika murriztailea antolatzen du».Â
Horregatik, garai «kezkagarriak» direla erran dute. Adibidez, ekainean, Frantziako Asanbleak lege proposamena onartu zuen «arriskutsutzat» joten dituzten migranteak atxikitze zentroetan preso egoteko epea zazpi hilabetera igotzeko. Horrez gain, Europako Parlamentuan ere bi testu onartu dituzte migrante eta errefuxiatuen oinarrizko eskubideen «gibelatze larria berretsi» duena: migrazioa eta asiloari buruzko Europako ituna, eta kanporatze prozedura errazteko araudia. «Europako Batasunaren burugogorkeria erakusten du, pertsona errefuxiatuen gainetik bere mugak defendatzeko».
Etorkinekin kolektiboak egoera horiek salatzen segitzeko borondatea agertu du. Helburu hori du irailaren 24tik urriaren 3ra antolatuko duten Mugarik Gabe festibalak. Hainbat ekintza izanen dira Ipar Euskal Herri osoan. Horrez gain, egoitza berria estreinatuko dute Baionako Lesseps kaiko 9. zenbakian. Irailaren 18an eginen dute irekitze besta, 18:30ean.