Etxeak logelaka berralokatzen dituen enpresa baten lokala itxiarazi dute Gasteizen

Udaltzaingoak joan den astean zigilatu zuen Elige Tu Camaren Judimendiko bulegoa, auzo elkartearen salaketa bat tarteko. Enpresaren kontra egin duten eragileek adierazi dute «auzo sareari esker» lortu dutela «espekulatzaileak» handik kanporatzea.

Hainbat eragilek atzo Judimendin egin zuten agerraldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Hainbat eragilek atzo Judimendin egin zuten agerraldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zigilatua» dio ateari itsatsitako Udaltzaingoaren pegatinak, eta «alokatzen da» erakusleihoko kartelak. Joan den ostiraletik, Gasteizko Udalaren aginduz, itxita dago Elige Tu Cama berralokatze enpresaren Judimendi auzoko lokala. Auzoko hainbat eragilek konpainia horren aurkako kanpaina bat abiatu zuten duela hilabete pasatxo, eta Judimendikoak auzo elkartearen salaketa bat dela medio itxi du udalak bulegoa, legezko baldintza teknikoak ez betetzeagatik. Dena den, eragileek argi dute «garaipen txikia» dela, enpresak bere jardunarekin segituko baitu.

Agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Judimendiko Gazte Asanbladak, Batuta elkartasun sareak, Ernaik eta Sumendi elkarteak deituta. Han azaldu zutenez, dagokion neurrian, baina nabarmendu beharrekoa da garaipena: «Etxebizitzaren arazoa inoiz baino larriagoa den garaiotan, Elige Tu Cama auzotik kanporatzea lortu dugu. Baina ez gara inozoak: badakigu jarraituko dutela oinarrizko eskubide bati etekin ekonomikoa ateratzen, langile klasearen miseriaz aprobetxatzen, etxeetako gune komunak logela bilakatzen eta etxegabetzeak sustatzen».

Argi dute lokala ixtea «auzo sareari esker» lortu dutela. «Bizilagunok mahai gainean jarri dugu etxebizitzaren arazoa, eta erantzuna izugarria izan da. Borrokak merezi du!», esan zuten ozen Tornay Medikuaren plazan bildutakoen aurrean. 

«Zoritxarrez, legezkoa da jabeek etekin handiagoa ateratzeko etxe bat zortzi logelatan banatzea»

JOSU RAMOS Batuta elkartasun sareko kidea

Josu Ramos Batuta sareko kideak BERRIAri azaldu dionez, badu garrantzia lokala ixteak. Izan ere, horrelako enpresentzat kalean presentzia izatea lagungarria izan daiteke «ikusgaitasuna lortzeko, jendea engainatzeko eta legitimitatea irabazteko». 

Dena den, azpimarratu du auzoko eragileek enpresaren jardunean egin dutela azpimarra, eta ez lokalak dituen arazo teknikoetan. «Elige Tu Camaren egitekoa ez dator bat gure auzo ikuskerarekin, eta ez dugu horrelako eredurik onartuko hemen, baina, tamalez, haien jarduna ez da ilegala. Zoritxarrez, legezkoa da jabeek etekin handiagoa ateratzeko etxe bat zortzi logelatan banatzea —batzuk leihorik gabekoak— eta gune komunak kentzea». 

Hori egiten du Elige Tu Camak: etxeak erosi edo alokatzen ditu, eraberritzeko eta logela txikitan zatitzeko, eta horiek banaka alokatzeko gero, 500 euro ere kobratuta. Modu horretan, etxeak osorik alokatuta baino etekin handiagoak lortzen ditu, eta etxearen jabeei kudeaketa osoa enpresak egitea eskaintzen die. «Jabeen irabaziak maximizatzen ditugu modu eraginkor batean, konplikaziorik gabe», diote webgunean.

Judimendi, auzo egokia

Judimendi, gainera, toki egokia da horrelako enpresek negozioa egiteko. Eragileek azaldu dutenez, auzoa zaharkituta dago, eta etxeen %80k 50 urtetik gora dituzte. «Baina kontuan izan behar dugu haien helburua dela etekina ateratzea eta gu pobretzen jarraitzea», salatu dute.

Elige Tu Cama zegoen lokala, zigilatuta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Elige Tu Cama zegoen lokala, zigilatuta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Elige Tu Camak bizpahiru urte daramatza martxan, eta nagusiki Gasteizen dihardu. Ramosen arabera, enpresak zenbait etxe ditu jabetzan hirian, eta «bazuen gogoa bere jarduna nagusiki Judimendin garatzeko eta hortik hedatzen jarraitzeko».

Kontatu du dinamikari ekin ostean konpainiak etxe bat duen bloke bateko bizilagun bat harremanetan jarri zela sarearekin, salatzeko Elige Tu Camak egindako lanek arazoak eragin dizkietela azpiegituran, eta elkarbizitza ere zaila dela. «Etxe horietan pertsona pilo bat bizi dira oso baldintza txarretan. Ez da duina, eta horrek elkarbizitza arazoak sortzen ditu», iritzi dio Batuta sareko kideak. 

Espekulatzaileei ateak itxi

Judimendiko eragileek urrian izan zuten enpresa horren berri, eta Ramos pozik agertu da ordutik egin duten lanak emandako fruituekin, «dinamikak sekulako oihartzuna izan duelako eta etxebizitzaren gaia hizpide hartu dugulako auzoan». «Horrelako negozio bat normalizatuko zen beldur ginen», aitortu du. Halaber, gogorarazi du etxebizitzaren arazoa oso larria dela Judimendin, Elige Tu Cama horretaz baliatzen direnen adibide bat bakarrik dela, eta ez direla ahaztu behar higiezinen enpresak eta etxeekin negozioa egiten duten jabe pribatuak ere.

Eragileek ontzat jo dute Gasteizko Udalaren eta hura osatzen duten talde politikoen erantzuna, baina uste dute ezer gutxi egin dezaketela horrelako negozioen kontra, haien jarduna legezkoa baita. Hala ere, administrazioek negozio hori «mugatu» beharko luketela uste dute.

Agerraldian, adierazi dute etxeak «irisgarria» izan behar duela denentzat, eta «guztion ardura» dela horren alde «borroka ideologikoa egitea, erantzuleak seinalatzea eta konplizeei mozorroa kentzea»: «Elige Tu Cama itxi dugu, eta, horrelako negozioak egin nahi dituen beste enpresa bat etortzen bada auzora, hark ere aurrean izango gaitu. Etxebizitzarena eskubide bilakatu arte, espekulatzaile guztiei ateak itxiko dizkiegu!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.