Etxean da Ertzaintzaren oldarraldi batean Anoetan zauritutako emakumea

Biktimak berak salatu duenez, buruan larri zauritu zuen foam jaurtigai batek duela astebete, Realaren eta PSGren partidaren atarian. Ertzaintzaren aurkako salaketa jarri du Donostiako epaitegian.

(ID_13672115) ESPAÑA FÚTBOL LIGA DE CAMPEONES
Ertzaintza, joan den astean, Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2024ko martxoaren 14a
11:20
Entzun

Duela astebete, Txapeldunen Ligako partida hastear zela Ertzaintzak egindako oldarraldiaren gertaerak berritu dituzte poliziek, baina auziari buruz informazio gehiago eman gabe jarraitzen du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Bien bitartean, oldarraldi horretan larri zauritutako 44 urteko emakumeak ospitalea utzi du, eta etxean da, egun batzuk ZIU unitatean eta beste batzuk ohiko erietxe gelan egon ondoren.

Emakumeak salatu du Realaren eta PSGren arteko partidaren atarian Ertzaintzaren foam jaurtigai batek buruan jo zuela, belarri inguruan, eta horrek odol jario bat eragin dio burmuinean. Atzo iluntzean, haren senarrak bideo txiki bat argitaratu zuen X sarean, erakusteko emaztea nola joan zen ikastolara semearen bila. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekaren jarrera salatu zuen: «Anoetan, Ertzaintzaren jaurtigai baten tiroa jasotako emakumearen senarra naiz. Oraindik zain nago Erkoreka jaunak enpatia motaren bat erakutsi edo kezka mezu bat bidal dezan nire emaztearen egoera dela eta. Ameslari bat izango naiz...».

Etxera joateko baimena badu emakumeak, beraz, baina proba neurologikoak egiten jarraitu beharko du, ikusteko baitago odol jario horrek ez duela ondorio larririk. Bien bitartean, familiak berretsi du epaitegira joan dela Ertzaintzaren aurkako salaketa jartzera. Emakumeak salatu zuen jaurtigaiak lurrera bota zuela buruan jo ondoren, eta, segidan, ertzainak haren gainetik igaro zirela lasterka lurrean zegoen pertsona horri lagundu gabe.

Bestalde, Ertzaintzak abiarazitako barne ikerketak bultzatuta edo epaitegiak berak bultzatuta, Ertzaintzak Errondo pasealekuan gertatu zen oldarraldiaren gertaerak berritu ditu egunotan. Istilu horietan, beste bi emakume zauritu zituzten, bat begian eta bestea bizkarrean, horiek ere Ertzaintzaren oldarraldian.

Tolosa eta Gasteiz

Tolosako inauterietan ere beste gazte bat larri zauritu zuen Ertzaintzaren foam jaurtigai batek, eta hango gertaerak ere berritu zituzten poliziek. Auzi horretan, 16 urteko gazte zauritua istiluetan parte hartzen ari zela aurreratu du Segurtasun sailburu Josu Erkorekak, familiak ziurtatzen duen bertsioaren aurka. Villabonako gaztearen aita Jon Pazosek ziurtatu zuen BERRIAn bere semea jai giroan zegoela, eta ez istiluetan parte hartzen.

Erkorekak esan du errebotez jo zuela gaztearen begian ertzain batek jaurtitako foamak, botila bat botatzera zihoan beste pertsona baten alboan zegoela, eta hura besoan jo ondoren jo zuela gazte zauritua begian.

Auzi hori epaitegietan dago, edonola ere. Gazteak behin betiko ondorioak izango ditu ikusmenean; ebakuntza egin behar izan diote, eta, oraindik ere, medikuetan ibili beharko du, familiak berretsi duenez, ikusmena ez baita lehengoa izango.

Era berean, Martxoaren 3aren manifestazioan, Ertzaintza oldartu egin zen Gasteizko erdigunean, eta foam jaurtigai asko bota zituen; emakume bati baraila hautsi zioten, eta ebakuntza behar duela jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.